Ekonomiaren krisian adituak dira Argentinan, hamarkadak eman baitituzte horretan murgilduta. Esperientzia horretatik ikasteko aukera egongo da gaur, Barakaldon, langabeziak gogor kolpaturiko hirian. Bideo foruma antolatu dute Askapenak eta Barakaldoko Gazte Asanbladak, gaiaz gehiago jakiteko eta eztabaidatzeko.
2001eko abenduaz geroztik, krisi latzak jo zuen Argentina. Milaka enpresak atea itxi behar izan zuten, eta orduan abiatu zen fenomenoa. Langabeziari aurre egiteko, langileak berak egin ziren enpresen jabe, eta autogestioaren bitartez atera zituzten aurrera. Fenomenoaren gauzarik interesgarriena, ordea, hau da: Argentinak ekonomia krisia gainditu duenean fenomenoak ez duela atzera egin. 2004. urtean 161 ziren 6.900 langileen esku zeuden enpresak. Gaur, berriz, 205 dira, eta langileak, 10.000.
Langileek beraiek kudeatzen dituzte lantegiak. Lehen soilik ugazabek hartzen zituzten erabakiak hartzen dituzte. Horrez gain, langile guztiek soldata bera jasotzen dute. Horren bidez, langileen arteko lehia sustatu beharrean elkartasuna sustatzen dute.
Lantegia bera ere eraldatu dute. Lehen hesiekin babesten ziren eraikinak ireki egin dituzte. Horren bidez, lantegia auzoaren luzapen gisa ikusten hasi da.
'ARGENTINAKO LANTEGI BERRESKURATUAK'
Noiz. Gaur, 19:30ean.
Non. Ekobarakan (Donibane kalea 10).
Kooperatibak, Argentinako eran
Krisiaren garaian hasi ziren langileak lantegiak euren esku hartzen, eta ondoren indartu egin da mugimendua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu