Kopiak badu bere xarma

Arabako Artxibo Historikoak historian egin diren faltsifikazioei buruzko erakusketa ireki du. Berrehun piezaren bitartez, iruzurra egiteko moduak ezagutu ahal dira.

Gaur egungo zenbait faltsifikazio ikus daitezke Arabako Artxibo Historikoan. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
edurne begiristain
Gasteiz
2011ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Badirudi, bada, iruzur egiten duen edozerk liluratzen gaituela». Platonek K.a. 395 urtean Errepublika lanean idatzi zuen esaldi hori. Faltsifikazioa ongi definitu zuen filosofo greziarrak. Faltsifikazioak inguratzen duen mundua iluna eta erakargarria baita aldi berean. Historian ohikoak izan dira modu bateko zein besteko faltsifikazioak, eta gaur egun ere ezkutuko ekonomiaren iturri nagusietako bat da oraindik.

Arabako Artxibo Historikoak mendetan egin diren faltsifikazioak aztertu ditu, Verdaderamente falso izeneko erakusketan. Berrehun pieza baino gehiagoren bitartez, iruzurgileen nortasuna eta denboran barrena iruzurra egiteko erabili diren arrazoiak aztertzeko parada izango du bisitariak. Artxiboetako agiri, liburu, arkeologia pieza, txartel, antzinako material eta txanponen bitartez, faltsifikazioaren «balio dokumentala» nabarmendu nahi izan dute erakusketarekin, Jose Antonio Sainz Arabako Artxibo Historikoaren zuzendariak azaldu duenez. «Lehen mailako balio antropologiko eta kulturala» dauka erakusketak; faltsifikazioetatik gizakiaren izaerari buruzko «irakaspenak» atera daitekezkeelako, haren esanetan. Antonio Rivera Jaurlaritzako Kultura sailburuordea ere izan da erakusketaren aurkezpenean.

Euskal Herrian txanponen, agirien, leinuen, hemengo istorioen edota mitoen faltsifikazioa egin zela egiaztatu daiteke, besteren artean, erakusketan. Horietatik, ezagunena, Zubialdeko (Araba) leizearena da, azken urteotan egindako labar-pinturen inguruko faltsifikazio entzutetsuena. Erakusketan margo horien erreplika handi bat jarri dute horma batean. Horrez gain, denboran atzera joan eta euskal lurraldeek Espainiako koroarekin zituzten harremanak faltsutzeko erabili zituzten dokumentu zaharrak ere ikus daitezke.

Txanpon eta billete bilduma interesgarria ere bildu du Arabako Artxibo Historikoak, bai eta XVIII. mendetik aurrera horiek faltsifikatzeko erabili ziren zenbait teknika eta materialen bilakaera ere. Besteak beste, Dolores Ibarruri Pasionariaren gezurrezko pasaportea eta frankismo garaian Domingo Malagonek klandestinitatean Espainiako Alderdi Komunistako kideentzat egindako NAN batzuk ere ikusgai daude. Bitxikeria franko topa daitezke, halaber; esaterako, 1676an Francisco Diaz de Colodro Betoñuko bizilaguna (Araba) kartzelan sartu zuten txanpon faltsuak egiteagatik, eta espetxetik ateratzeko ordaindutako fidantzaren agiria ikus dezake bisitariak.

Gaur egun egiten den faltsifikazioari ere erreparatu ahal dio erakusketara joaten denak. Marka ospetsuenen erloju, poltsa, osagarri eta jantzien imitazioekin merkataritza eta ekonomiari egiten zaion «kaltea» islatu nahi izan dute modu horretan. Halaber, «pseudozientziatzat» jotzen diren hainbat teoria ere jaso dituzte paneletan: konspirazioak, ufologia, kriptozoologia... «Gizakiak ez duenean zeri heldu, hainbat teoria asmatzen ditu», azaldu du Riverak.

Datorren urteko apirilaren 15era arte egongo da zabalik erakusketa, eta gida bidezko bisitak egiteko aukera ere badago, euskaraz eta gazteleraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.