Iazko uzta baino apalagoa kantitateari dagokionez, baina kalitate handiagokoa. Horrela laburbil daiteke Nafarroako Oliba Olioa jatorri izenarekin ekoitziriko uztaren emaitza.
Kontent azaldu da Fermin Esandi Nafarroako Oliba Olioa jatorri izenaren presidentea. 17,5 milioi kilo oliba jaso eta eho dituzte orotara, eta 3,5 milioi litro olio ekoitzi dituzte.«Kanpaina hasieran genituen aurreikuspenak oso beltzak ziren». Lehorteen eraginez, iazko uzta baino %30 gutxiago jasotzea espero zuten. Olibaren bilketa aurrera joan ahala, ordea, aurreikuspenak ez dira bete, eta nahiz eta ekoizpena beste urteetan baino apalagoa izan —%10 inguru—,oliba olioaren kalitatea «izugarria» izan da.
Azaroa eta abenduan egin zuten olibaren bilketa. Hilabete lehorrak izan ziren horiek Nafarroan, euririk gabekoak. «Horrek bilketa motel egiteko bidea eman du, eta olibak olio errotara erritmo egokian sartu dira, oliba bildu ahala. Oso garrantzitsua da hori, ehotaldi tasa egokia ematen baita horrela. Gainera, ez da izan izozterik, eta ez da arazorik suertatu». Horrexegatik ekoitzi ahal izan dute kalitate handiko oliba olio birgin estra litro gehiago beste urteen aldean.
Klimari estuki lotuta dagoen jarduera da oliba olioaren ekoizpena. Euriteak eta izozteak izan ohi dira ekoizleen amesgaiztoak bilketa garaian, olibaren kalitateari kalte egiten baitiote.
Jatorri izenarekin merkaturatu ahal izateko, hainbat ezaugarri eduki behar ditu olio birjina estrak. Analisi kimikoak egiten zaizkio olioari, parametro jakin batzuk betetzen dituen ikusteko. Azidotasunak 0,8koa baino gutxiagokoa izan behar du. Ondoren, dastatze proba batetik igaro behar da. Akatsgabea izan behar du olioak; ezin du, esaterako, beste substantzia batzuen zaporeen arrastorik izan. Bestalde, zapore eta lurrin aldetik biziki indartsua izan behar du. Azkenik, derrigorrean Nafarroan landatutako olibondoetatik bildutako olibak erabili behar dituzte.
Krisiaren eraginik ez
Kontsumoaren eskarian gorabeherarik ez dutela nabaritu dio Esandik. «Prezio baxuetan egonez gero [hiru euro litroa dendan], jendeak nahiago du oliba olioa erosi».
Nafarroan ekoizten den oliba olioaren gehiengoa lurraldean bertan kontsumitzen da. «Kontuan hartu pertsona batek urtean hogei litro olio kontsumitzen duela. Nafarroako lurraldean 600.000 biztanle inguru bizi gara. Ondorioz, eskariari aurre egiteko, 12 milioi litro behar dira. Guk, ordea, 3,5 milioi ekoizten ditugu; ez gara kontsumitzen denaren laurdenera iristen». Arroizko dolarearen kasuan, %80 Nafarroan saltzen da, eta gainontzekoa Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban.
Ezarian. Olioa Euskal Herrian
Kopuruan urri, kalitatean oparo
Abenduaren bukaeran amaitu zen Nafarroako oliba bilketaren prozesua. Aurreko urteetan baino olio gutxiago ekoitzi dute, baina kontent dira ekoizleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu