Gure Irratia, Irulegiko Irratia,Xiberoko Botza eta Antxeta Irratia arduratuko dira Korrikaren lehen pausoak nola ematen diren kontatzeaz. Hala, Euskal Irratietako Pantzo Hirigarai, Maria Ines Gorostiaga eta Jose Luis Aizpuru izango dira saioko esatari nagusiak. Pirinioetan aritu izan ziren AEK-ko lehen irakasleek eramango dute lekukoa Korrikako lehen kilometroan, eta haiekin solasean ariko dira Euskal Irratiko esatariak. «Era berean, Orreagako ekitaldia antolatu duten Garraldako euskaltegiko kideak, Luzaideko alkatea eta eskualdeko hautetsiak elkarrizketatuko ditugu. Orreagara joaten den jendearekin ere hitz egiteko aukera izango dugu», azaldu dio Berriari Jose Luis Aizpuru Euskal Irratietako kazetariak. Horrez gain, irratsaioan Orreagan arratsaldean egingo diren bertso saio eta mintzaldien pasarte batzuk entzun ahal izango dira. 18:30 aldera, Korrikako lehen kilometroa zuzenean kontatuko dute. 19:00 bitartean Orreagan bizitzen den giroa jarraitu ahal izango da 21 irratietan.
Korrikaren jarraipena Euskal Irratietan
Korrika 14 Ipar Euskal Herrian den bitartean, Euskal Irratiek zuzenean jarraituko dute lasterketa osoa. Bihar, goizeko 06:30etik gaueko 02:30era Korrikaren segimendu osoa egingo dute. 30 langile hirunakako taldeetan banatuko dira, eta talde bakoitza bi orduz joango da Korrikarekin herriz herri lekukoei elkarrizketak egiten. Esatariek telefonoaren bitartez egingo dute zuzeneko kon-taketa. Horrenbestez, bihar programazio osoa Korrikaren ingurukoa izango da, eta soilik berri saioak mantenduko dituzte.
Larunbatean, Nafarroa Behereko Izura herrian egingo diren ekitaldi guztien jarraipena egingo dute. Era berean, 13:00 aldera, Korrika Hendaiara iritsiko da, eta Antxeta Irratiko lagunek eginiko kontakizuna en-tzun ahal izango da Euskal Irratietan.Igandetik aurrera ere, Korrikaren jarraipen zehatza egingo dute Gure Irratia, Irulegiko Irratia, Xiberoko Botza eta Antxeta Irratiko berri saioetan. Horretarako, Panpi Olaizola kazetariak Korrika osoa segituko du Orreagatik Bilbora.
-
ARROSAKO ZERBITZARIA
Irratsaio eta elkarrizketa trukea
Gaur egun hamahiru irrati daude Arrosako zerbitzariari lotuak, eta horren bitartez irratsaioak, soinu-deiak, ahots tarteak eta elkarrizketak trukatzeko aukera dute. Beste hamar irrati zerbitzarira lotzekotan dira, eta urrirako prest egotea espero dute. Urte bukaeran ikastaro bat egingo dute zerbitzariaren erabilera errazteko. Arrosa osatzen duten irratientzat berri agentziaren rola bete nahi du zentroak pixkanaka.