Rockallen, muturreko arrantzan egin itsaso zakarrean, berdeletara joan, senarraren itzuleraren zain geratu kaian itsasoari so, txipiroiak tentaldian jarri amu erakargarriak di-da mugituz, bizi-bizi... Itsasoari emaniko bizitzak asko dira, itsasoaren aurpegiak bezainbeste. Juan Bidegainek (Ondarroa, 1964) horietako batzuk hainbat dokumentaletan bildu ditu azken urteotan.
Arrantzaren isla dira ikus-entzunezko horiek; harago, itsasoaren puskak dira, naturarenak. «Apal batean ahazturik» utzi beharrean, ikus-entzuneko horien zatitxoak egin, eta Internet sarean jarritako itsasoa.com webgunean ikus daitezke. «DVD luzeetan badira web orrian dauden irudiak, baina modu honetara film labur-laburrak egin ditugu, material hori biziberritzeko», azaldu du Bidegainek. Azken bederatzi urteetan zortzi dokumental sortu ditu Bidegainek, esaterako, Etxeko bandan, Berdeletan, Herria, Kaelatan eta Rockall, batzuk aipatze arren; horien irudiekin egindako bideoak daude ikusgai webgunean. «Filmetako tarte erakargarrienak sartu ditugu. Erabiltzaileak azkar kontsumitu nahi du Interneten, ahalegin handirik gabe, eta ideia hori da». Gainera, aurreko lanetako soberako materiala ere ikusgai jarri du; aurrerantzean halako irudi gehiago sartuko dira itsasoa.com-en. «Grabazio luzeak egin ohi ditugu, eta, gero, muntatzea egin ondoren, irudi asko kanpoan geratzen dira. Orain, horiek ere aprobetxatzeko aukera dago», dio Bidegainek.
Webgunea berritu
Askotarikoak dira bideo txikiak (betiere itsasoaren tematikarekin), eta askotariko irudiak jasotzeko baliatutako kamera motak. «Urteak dira hasi ginela, eta deneterik dago grabazioen artean».
Finean, itsasoa gustuko duenari begira sortutako webgunea da itsasoa.com, eta haren egile Juan Bidegainek kontu egiteko asmoa dauka aurrerantzean ere. «Ahal den mailan berrituko ditugu bideoak. Oraindik material asko daukat bideo txikiak sortzeko, eta garatzeko dauzkadan proiektu berrien zatitxoak ere sartuko dira etorkizunean». Hiru-lau minutuko bideoak dira guztiak. Play-ri eman eta kresala senti dezake erabiltzaileak.
Kresalaz bustitako webgunea
'Itsasoa.com' web orria zabalik da Internet sarean, Juan Bidegainek ontzietan grabaturiko irudiekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu