«Jende gutxi dago». Esaldi hori Iruñeko Alde Zaharreko hamaika txokotan errepikatu zen atzo goizean. Begi bistakoa zen karriketan behera egin zuela bestazaleen kopuruak. Goizarekin batera, parranda egunez egiten duten iruindarrek hartzen ohi dute gautxorien lekukoa, baina atzo txanda aldaketa egiteko boluntario gutxi zegoen hirian.
«Batetik, krisia sumatzen da; bertzetik, asteburuko egunen ondotik, jendeak badu atseden hartzeko beharra», azpimarratu zuen Antonio Osterizek, Gazteluko plazako Windsor tabernako zerbitzariak.
Eguerdi partean, ohi baino hutsago zeuden atzo Gazteluko plazako tabernetako terrazak. Giroak ere ez zuen laguntzen, fresko ernatu baitzen eguna atzo Iruñean. Ostatu gehienetan, bezeroen zain zeuden zerbitzariak, zereginik gabe.
Inguruko karriketan ere, ohi baino lasaiago hasi zen eguna atzo. Denborak aurrera egin ahala, dena den, giroa berotzen hasi zen Alde Zaharreko txoko guztietan.
Estafeta karrikan, parranda aurreko egunean hasitako bestazaleek bat egin zuten eguna goiz hasi zutenekin. Horietako bat zen Marta Hernandez. Madrildarra da, baina Iruñean baditu lagunak, eta haiekin ari da sanferminak ezagutzen. «Goizeko giroa biziki maite dut. Karrikara atera, eta edozein ordutan bada giroa. Egia da sumatzen dela jende gutxiago dagoela, baina gustura gabiltza», azpimarratu zuen bisitariak. Asteburu pasa etorri zen madrildarra, baina erabaki zuen egonaldia luzatzea. «Hala ere, gaur [atzo] izanen da nire azken eguna. Uste dut ailegatu delaatseden hartzeko ordua!», erran zuen.
Musika, giroa alaitzeko
Zaldi Zuriaren inguruan, bestazale baino turista gehiago zen atzo eguerdian. San Jose plazatxora sartu, eta hirian bestarik ez zen irudipena nagusitzen zen giroan, ia soinurik ez baitzen entzuten. Panorama aldatuz joan zen, hala ere, pixkanaka-pixkanaka. Eguzkia, nahiz eta lotsati, giroa epeltzen hasi zen. Hamaiketakoa hartu eta gero, barrua ongi beteta eta berotuta, bestazaleak ere indarberritzen hasi ziren. Bermuta lagun zuten hainbatek; kafea eta txokolatea bertze zenbaitek.
Atzoko giroa erabat goratzen, hala ere, musikak lagundu zuen, batez ere. Sanferminetako protagonista nagusietako bat da gaiteroen, txistularien, txarangen eta bertzelako taldeen eta musikarien soinua, eta atzo agerian gelditu zen zergatik den hala.
Musika hotsa Alde Zaharrean sartzearekin batera, handitzen hasi zen bestazaleen kopurua. Etxetik, taberna zuloetatik eta gainerako txokoetatik atera, eta karrika bilakatu zuten, bertze behin ere, San Fermin besten erdigune.
Erraldoien eta buruhandien konpartsarekin batera ere, nabarmen egin zuen gora giroak. 13:00 aldera, Mercaderes karrikara sartu ziren konpartsako kideak, eta, haiekin batera, egunero buruhandien eta erraldoien atzetik ibiltzen diren neska-mutikoak, gurasoekin eta gainerako senitartekoekin. Iruñeko umeek ez dute hutsik egiten, eta goizero laguntzen dute konpartsa, eguneroko haren paseoan.
Haur kotxea Alde Zaharreko karriketatik gora eta behera eraman behar duten gurasoek eskertu egin zuten atzo jende kopuruak behera egin izana. Asteburuarekin batera, gora eginen du berriz bisitarien kopuruak, ziurrenik, eta profitatu beharko dituzte etxekoek karrikan lasaiago mugitzeko dituzten azken egunak.
Sanferminak Iruñean. Goizeko giroa
Krisiak eta atseden gogoak jota
Etxekoak bakarrik gelditu dira Iruñeko karriketan, eta behera egin du bestazaleen kopuruak, nabarmen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu