KUBA. EGOERA POLITIKOA. Fidel Castro berriro ere politikan

Politikara itzulita beteko ditu gaur 84 urte komandanteak; azken egunotan agerraldi publiko ugari egin baititu uhartean. Abian jarritako erreformak bertan behera gelditu ote diren kezka dute herritar batzuek

Habana
2010eko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Fidel Castro Ruz gaur duela 84 urte jaio zen, Biran herrixkako egurrezko etxe polit eta handi batean, Kubako ekialdean, Holguin probintzian. Aita, galiziar adinekoa, lurjabe handia zen; eta ama, Pinar del Rioko gaztea. Inor gutxik pentsatuko zuen egun hartan jaiotakoaren patua zela uhartearen historia -eta, bide batez, kontinentearena- errotik aldatzea. Alegia, gaur egungo historiako buruzagi politikorik iraunkor eta karismadunenetakoa jaioa zen.

Haren 84. urtebetetzea azpimarratzeko modukoa bada ere, azkenaldian, oso egoera fisiko ona erakutsiz, egin dituen agerraldi publiko jarraituek harridura sortu dute haren lagun eta etsaien artean. Lau urteko gaixoaldi eta geldialdi baten ostean, haren iritziak Reflexiones (Gogoetak) izeneko artikuluetatik baino ez zaizkie iritsi herritarrei. Bada, uztailaren 7an, ezustean, Zientzia Ikerkuntzarako Zentro Nazionalean (CNIC) egin zuen agerraldi publikoa, Habanan, instituzio horren 45. urteurrenaren harira egindako ekitaldian. Albistea ziztu bizian barreiatu zen Kubako sareetatik, sakelako telefonoarekin egindako argazkiekin batera. Argazki bidaltzailearen testu pertsonalak zioen, zintzotasunez, langileetako askok negar egin zutela, «errespetuz, miresmenez eta pozez», ezusteko bisitaren ondorioz. Adin ertaineko herritar gehienentzat ulergarria da hunkidura, haien ohiko bizitzaren parte baita agintariaren presentzia, gazte-gaztetatik. Baina inor gutxik pentsatuko zuen egun hartako agerraldia zela komandantearen itzulera politikaren lehenengo lerrora, osasun eta bizitasun handiarekin gainera, dauzkan urteak edukita.

Ordutik hona haren agerraldiak ekitaldi politiko bilakatu dira, eta biderkatu egin dira gainera. Horren bidez, agerian utzi du osasuna asko hobetu zaiola eta, baita ere, analisiak egiteko, arrazoiak lotzeko eta informazioa kudeatzeko gaitasunari eusten diola. Gizon argi baten irudia eskaini du, memoria eta gaiak lotzeko ahalmena osoki mantentzen duena. Eta, baita ere, ondorioak ateratzeko, iruzkinak egiteko erraztasuna, guztia ere gogoetabide koherente baten barnean. Inteligentzia komunitatea deritzon analista estatubatuarrek beraiek ere zenbait komunikabidetan argitaratu eta aztertu dute hori guztia.

Gizartearen ikuspegia

Uhartean ere gaiak berebiziko garrantzia du, baina konplexua da; bederen nazioarteko albiste soilek azaltzen dutena baino gehiago. Kubatarrentzat Fidel politikara itzuli izanak interpretazio eta arrazoitze ezberdinak egiteko atea zabaldu du. Oro har, mundu guztiak onartzen du osatua eta ongi samar sumatzen zaiola. Baina ez dira gutxi beldur direnak haren itzulerak eragina izango ote duen martxan diren aldaketetan eta administrazioaren eguneroko jardueran. Besteak beste, aldaketak atzeratuz. Zeren haren iritziak eta izaerak pisu handia dute oraindik ere, eta oso kontuan hartzeko moduko elementuak dira. Badira ere -aurrekoak baino gutxiago, inondik ere- uste dutenak inoiz ere ez dela boteretik urrundu, eta haren itzulerak hori frogatzen duela, beti agindu duela, anaia Raulen itzalean. Sistematik urruti eta harekin atsekabetuta direnek, oro har, ez dute balorazio handirik egin, eta espero gabeko berragertze hau zuhurtziaz hartu dute.

Egin dituen agerraldiak gero eta ohikoagoak dira, ordubete eta bi ordu artean iraun dute, eta aldez aurretik pentsatutako plan bati erantzuten diotela dirudi. Leku esanguratsuak hautatu ditu, oro har, iritzi sortzailetzat har daitezkeen gizarte taldeen aurrean: ekonomialariak, gazteriaren arduradun politikoak, intelektualak eta, azkenik, joan den larunbatean, Parlamentu Nazionala bera, harekin iritzi-trukea egiteko berariaz bilduta.Hurrengo egunean, Telesur telebista kateko kazetari venezuelarrei elkarrizketa eskaini zien.

Munduaz pentsalari

Oraingoz, agerraldietan nazioarteko gaiez aritu da, munduaren gaur egungo arazo orokorrez edota AEBetan dauden bost preso kubatarren egoerari buruz. Haren asmoa da nazioartean eztabaida zabaltzea gerta daitekeen gatazka nuklearrari buruz, edota krisi ekologikoari irtenbidea eman beharraz. Oraingoz pentsalariaren eremura mugatu da haren jarduera, uhartearen eguneroko politikatik urruti. Baina argi dago haren agerraldia Gobernuaren aldeko babes erakustaldia dela iraultzarentzat berebiziko garrantzia duten aldaketa sozio-ekonomikoen atarian.

Raul Castrok duela hiru urte abian jarritako eztabaida sozialetik eratorritako erreformek harrera ona izan dute uhartean; bidean eragozpenak izan badira ere, hasiak dira aldaketak egiten.

Arrisku eta esperantza artean

J. Arrugaeta. Habana

Hiru milioi kubatar pasatxok hartu zuten parte Raul Castrok deituriko eztabaida sozialean, 2007ko uztailaren 26an. Eta, eztabaida haren ondorioz, «agenda nazional» bat eratu zuten; sozialki, ekonomikoki eta politikoki eraldatzeko, sozialismoa errealitate berri eta eskakizun sozialetara egokitzeko helburuarekin. Ordutik hona ustekabeko eragozpen ugari izan dira -urakanak, nazioarteko krisia, barneko finantza desadostasunak-, baina, horrez gain, jendea beldur da funtsezko neurriak hartzeak neurtzen zailak izango diren kostu sozialak ere ekarriko ote dituen. Eta bi urte baino gehiago esperoan egotea ekarri du horrek, baita halako eszeptizismo bat ere, hitzemandako aldaketak aurrera eramateko benetako «borondateari» buruz.

Hil honetara arte, eraldaketak mantso ari ziren egiten; baina horregatik ez zioten utzi ondorio ekonomiko eta sozialak izateari: lehenik, «debeku» jakin batzuk kendu zituzten -goi kontsumoko ekipamenduak merkaturatzea, nazionalek hoteletara sartu ahal izatea, telefonia mugikorra liberalizatzea-, eta, horren atzetik, kronologikoki, 2008ko uztailean, 259 Lege Dekretua onartu zuten. Estatuko laborantza lurren banaketa agintzen du lege horrek; lur horiek erabiltzeko egon behar dute, partikularrek doan erabiltzeko moduan. Lege horrekin batera, sektore horretan deszentralizazio administratibo bat izan zen, eta estatuko erosketa prezioak nabarmen igo zituzten. Bigarrenik, urte hasieran, eraikuntzako materialaren salmenta onartu zuten. Eta, azkenik, uda honen hasieran, lantoki gehienetako jantokiak kendu zituzten, eta horretarako erabiltzen zen dirua langileei eman zieten zuzenean. Ondorioz, nabarmen igo da lan bakoitzeko diru sarrera-%30etik %50era-.

Aro berri baten abiapuntua

Nahiz eta aipaturiko neurriak garrantzitsuak izan, garbi zegoen ez zela nahikoa eguneroko dinamikara lehengoratzeko. Eguneroko horretan, soldaten erosteko ahalmena oso urria baitzen, merkatu ez arautuan salneurriak oso altuak baitziren, bi diru erabiltzen baitzituzten -peso nazionala eta dibisa- eta emankortasuna urria baitzen, ustelkeria hazten ari baitzen eta estatuko baliabideak lapurtzen baitzituzten. Horregatik dauka hainbesteko garrantzi sinbolikoa Raul Castrok Parlamentuan abuztuaren 1ean eman zuen hitzaldi labur hark, haren mamiak berak bezalaxe, herritar guztiei mezu argi bat igorri baitzien: Kubak ofizialki eman dio hasiera aro berri bati; hain zuzen, aldaketa estrukturalak ekarriko dituen aro bati.

Jakinekoa da garrantzitsuak direla iragarritako neurriak: lana goitik behera berregituratzen hasiko dira: pixkanaka 1.300.000 lanpostu kenduko dituzte estatuko sektorean, eta euren kasa lan egiten dutenei, hau da, autonomoei, lizentziak liberalizatuko dizkiete. Eta, lehenengo aldiz, baliteke enpresa txikiak osatzea.

Horrez gain, ofizialki ez izan arren, proiektu baten azterketa bat aurreratua dute, hainbat azpiegitura egiteko. Urte amaierarako egingo lukete, eta goi mailako turismorako izango litzateke: hemezortzi golf zelai eta zenbait kirol portu egiteko asmoa dute, bai eta atzerritarrei apartamentuak saltzekoa ere; legezko aldaketak egiteko asmoa dute baita ere, azterketa pean dauden arren, nekazaritzakoak ez diren kooperatibak egin ahal izateko. Agindutakotik haratago, argi dago neurri horiei pixkanaka beste batzuk gehituko dizkietela, osoko erreforma egiteko asmo bat baitirudi.

Oraindik, bada, ibilbide oso bat dago aurrean; zailtasunez, kontraesanez eta nahi ez diren balizko ondorioz beteriko ibilbide bat. Baina edozein eraldaketa garaik ekartzen dituen arriskuen artean ere hazten da kubatar gehienen esperantza, beren bizi kalitatea eta itxaropen pertsonalak hobetu nahi dituzten herritarren esperantza; eta, era berean, euren herrialdeko erabateko subiranotasunari eusten diote.

1.500

Eutsiezinezko politika. Elikadura bermatzeko politika eutsiezinezkoa da ekonomikoki; Gobernuak 1.500 milioi dolarreko aurrekontua behar du urtean oinarrizko elikagaiak inportatzeko. Horri esker, hilabeteko hamabi egunez bermatuta dute janaria herritarrek.

AEBen bahimenduak defizita areagotzea eragin du

Esportazioen eta inportazioen balantza negatiboa da Kuban. AEB Ameriketako Estatu Batuen bahimenduak urtean bi mila milioi dolar eskuratzea eragozten dio uharteari. Defizita areagotzea eragin du horrek. Venezuela, Txina eta Errusia dira gaur egun uhartearen merkataritza bezero nagusiak.

Bere biografiaren lehenatala argitaratu du Castrok

Mendilerroaren bide guztietan: garaipen estrategikoa. (Por todos los caminos de la Sierra: la victoria estratégica) liburua, 1958ko borrokaren gertaerak oinarri hartzen dituen liburua, argitaratu du berriki Fidel Castrok. Liburuak bere autobiografia atalka hasteko bildumaren lehen atala dirudi. Habanan, jada, salgai dago liburua; aste honetan aurreneko mila aleak jarri baitituzte salgai kioskoetan. Aurki, baina, beste 50.000 ale merkaturatuko dituzte. Castrok berak aurkeztu zuen liburua abuztuaren 5ean, eta, aurreratu zuenez, bigarren atala izango dena idazteari ekin dio. Bertan, gerrillarien azken erasoaldiaren pasarteak jasoko ditu, hain zuzen, 1959ko urtarrilaren 1ean presidentetzara eramango zuena.

896

Liburu mardula. Castroren liburuak 896 orrialde ditu, 25 kapitulutan bilduta. Testuan argazkiak, mapak eta irudi grafikoak daude tartekatuta, eta haurtzaroaz eta nerabezaroaz ere mintzo da komandantea. Liburuak autobiografia labur bat ere jasotzen du hasierako partean.

«Oroitzapenek antolatzeari ekiten diote berriro, eta duela 50 urte gertatu ziren gauzak datoz orain burura»

FIDEL CASTRO. Kubako presidente ohia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.