KUBA. ERREFORMA EKONOMIKO ETA SOZIALAK. «Norbere konturako lanak»

Ekoizpen sistema eraginkor eta arrazoizko bat lortzeko asmoz, autonomoen lana sustatuko du Kubako Gobernuak

Habana
2010eko urriaren 5a
00:00
Entzun
Joan den abuztuaren 1ean, Asanblea Nazionalean egindako hitzaldi batean, egitura aldaketen garai bati hasiera eman zion modu ofizialean Raul Castro Kubako presidenteak. Badira pare bat urte soslai moderatuko neurrien bidez abian jarria dutela erreforma iragarri hori, zeinaren helburu agerikoa baita gizarte ekonomia eta banaketa oso-osorik berregituratzea, ekoizpen sistema eraginkor eta arrazoizko bat lortzeko asmoz. Halako gizarte batean, estatuak kontrolatzen du zuzenean jabetzaren, ekoizpenaren eta zerbitzuen %95 -nekazaritza da salbuespena, %65ekoa baita proportzioa-, eta herritar guzti-guztiak -inolako bereizkeriarik gabe- ohituta daude erabat diruz lagundutako barne ekonomia bat izaten; alde horretatik, edozein aldaketa gertatzen delarik, berrikuntza nabarmena da, ezbairik gabe, ekonomiari ez ezik, herritarren gogoari, jarrerari eta pentsamoldeari eragiten baitio.

Erronka ezinago izugarriagoa da ekonomia eta gizarte sistema bat oso-osorik berregituratu behar izatea, nazioarteko krisialdia bete-betean egonda eta, herrialde barneko egoerari dagokionez, estatuko lan indar guztiaren laurden bat murriztu behar izanda-milioi bat eta berrehun mila pertsona inguru gutxiago-, eta, ondorioz, haien ordezko lan hautabideak lortu beharra. Horrek gizarte eta politika tirabira muturrekoak eragingo lituzke edozein gizartetan, eta, argitzea komeni da Kuba ere -ezaugarri bereziko herrialdea izanagatik- ez dela salbuespen bat izan gizarte erantzunei dagokienez.

Baina adierazpen, asmo eta helburu guztietatik harago, kontua da joan den abuztuan iragarritakoa berretsi egingo dela. Atzotik, izan ere, indarrean da Errepublika osoan autonomoen lanaren inguruko araudi berria; egiaz, «norbere konturako lanaz» jardun beharko genuke, hala esaten baitiote Kubako herritarrek lan ekimen pribatu txikiari.

Desira eta ahal dena

Irailaren 24an argitaratu zuten modu ofizialean Granma egunkarian lan zerrenda luze bat; 178 lan eta lanbide «baimendu» zekartzan. Lehen begiratuan, ez dirudi alde handirik dutenik horrek eta 1990. urtearen erdialdera onartu zuten antzeko beste hark. Astiroago begiratuz gero, ordea, beste zazpi hautabide ageri dira -adineko pertsonen zaintzaileak, «berrikusleak» edo eskola partikularrak ematen dituzten irakasleak...-, eta zabaldu egin dituzte lehendiko hautabide batzuk ere -jatetxe eta alokairu txikiei dagozkienak-; halaber, nolabaiteko onura dakarkie landa aldeko herritarrei, «nekazaritza ekoizpen txikiak erostea eta merkaturatzea» jasotzen baitu.

Prentsan agertutakoaz harago, ordea, dekretu berriak aditzera ematen du badagoela borondate politiko sendo halako bat, adierazi baitute inolako murrizketarik gabe emango dituztela lizentziak, baita «izoztuta» zeuden lanbide ugaritarako ere; Kubako eran esanda, izan ere, lehen zilegi zen halakoak eskatzea, baina ez zituzten baimentzen.

Hain zuzen ere, herabea eta murritza irudi lezake oraindik lege berriak, kontuan izanik herritar zenbaiten helburuak eta gaur egungo barne ekonomiaren eguneroko zailtasunak; oraingoz, ordea, pentsatzekoa da lan pribatuaren handitzea eta lanaren erreforma sakoneko bat elkarri lotu-lotuta datozela, zeina hasi baino ez baita egin, eta milioi erdi langile inguru kalean utziko baititu datorren urteko martxo alderako. Beraz, ikusteko dago ea legedi hori handituz joango diren gizarte eskariak hala galdegiten dien heinean.

Xedapen berri horiek abian jartzea bete-betean dagoelarik, ibilgailuentzako erregaien prezioak garestitu izana gogoangarri bat izan da, nolabait: alegia, finantza egoera tirabiratsu eta delikatu batek baldintzatzen duela «aldaketa garai» hau, eta desiratzekoa denaren eta ahal denaren arteko tirabiraren araberakoa dela dena. Ezbairik gabe, Kubako eraldaketek berekin dakartzaten erronkak eta desafioak izango dira aurrerantzean ere hedabideetako albiste eta arretagune.

Egoera eutsiezina

Dagoeneko martxan diren erreformen bidez, produktibitatearen eta soldataren arteko erlazioa berreskuratu nahi du Habanako gobernuak. Gaur egun, izan ere, ez dago harreman handirik lanaren, soldataren eta erosteko ahalmenaren artean. Hori dela eta, kubatar askok legez kanpokoak diren jarduerak burutzen dituzte. Eta euren lan erritmoak azken emaitzan eragiten ez duelako, askok eta askok egiten dutenaren gaineko ardura galdu dute. Batzuk ekoizpen baliabideen jabe ere ez dira sentitzen. Hain zuzen, halako egoerak eutsiezinak direlako ekin zion Kubako Gobernuak gizarte ekonomia eta banaketa erreformatzeari.

Estatuko lan taldetik milioi erdi langile kaleratzeak -lan talde osoaren zortzirena da- ondorio nabarmenak izango ditu Kubako gizartean. Dena dela, ez da halako zeregin bati ekiten dion lehenengo aldia; 1990eko hamarkadan, besteak beste, estatuaren enpresetan lan egiten zuten 300.000 nekazari kooperatibetara pasa zituzten. Beste 200.000 lagun inguru beren kabuz hasi ziren lanean, autonomo gisa. Halaber, hamarkada honen hasieran industria sektoreko 100.000 bat langile beste sektoreetan hasi ziren lanean, azukrearen industriak hondoa jo zuelako.



Munduko pilota txapelketan bi kubatar desagertu dira

Munduko pilota txapelketako antolatzaileek jakinarazi dutenez, lehiaketan parte hartzekotan ziren bi kubatar desagertu egin dira. Pauen ari dira egiten egunotan txapelketa; eta Alejandro Quesada eta Juan Romero bertan ziren parte hartzekoak asteburuan. Ihes egin ote duten ari dira ikertzen.



36

Askatutako preso disidenteak. Kubako Giza Eskubideen eta Adiskidetze Nazionalerako Batzordeak jakinarazi duenez, Kubak bederatzi preso disidente askatuko ditu laster. Espainiara bidaltzeko, udatik 36 preso askatu ditu Raul Castroren gobernuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.