Kubako Dantza Garaikideko Taldeak ia 300 lan aurkeztu ditu mundu zabalean; gaur, Bilboko Arriaga antzokian egingo du geldialdia. Han, estilo neoklasikotik abiatu, Kubako folkloreaz eta kaleko dantzaz gozatu, eta gorputzaren desiorik ezkutuenak askatzen dituzten mugimenduak ikusteko aukera izango da, hiru ikuskizunen harira: Folio, Mambo 3XXL eta Demo-N/Crazy. Gorteetan du jatorria folio dantza estiloak, eta heterogoneoa izatea du ezaugarri. Jan Linkens zuzendariak (Herbehereak, 1958), ordea, jazzarekin, manboarekin eta beste estilo batzuekin nahastu du, dantzarien mugimenduez eta musikaren edertasunaz gozatzeko. Eta gorteetatik, kalera. George Enrique Cespedesen (Kuba, 1979) zuzendaritzapean, doinu, erritmo eta estetika berrietara jauzi egiten du Mambo 3XXL lanak. Dantza modernoarekin uztartzen dira 70ko hamarkadako elektronika eta estilo minimalista. Baina bada hitzez adierazi ezin den dimentsio bat ere; ideiek, desioek eta sentimenduek eztanda egiten duten dimentsio bat, Demo-N/Crazy izenekoa. Rafael Bonachelak (Bartzelona, 1972) zuzendutako ikuskizunean, dantzariak etengabeko mugimendu konplexuetan galtzen dira, desioen hipokrisiaz askatu eta askatasunezko adierazpenak lortu arte. Banakoak ikusi ahal duen eta nahi duen horretaz dihardu lanak; bizitzaz.
KUBAKO DANTZA GARAIKIDEKO TALDEA
Noiz. Gaur, 19:00etan.
Non. Arriaga antzokian, Bilbon
Kubatik, hiru dantza ikuskizun
'Folia', 'Mambo 3XXL' eta 'Demo-N/Crazy' lanak eskainiko ditu, Bilbon, Kubako Dantza Garaikideko taldeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu