Z ergatik mantentzen da airean Maglev tren azkarra? Zer teknologiak ematen dio grabitatearen legeei aurre egiteko bidea? Donostiako Eskola Politeknikoko ikasleek ikusgai jarritako proiektuetako batek azaltzen du zergatik: imanek sortutako kanpo magnetiko batek eusten dio airean. Zientziaren Astearen harira, hainbat ikasleren proiektuak jarri dituzte ikusgai Ibaetako campusean. Ikasleen kezka zientifikoak argitara eman nahi izan dituzte.
Ingeniaritzara hurbildu nahi izan duDonostiako Zientziaren Asteak, eta Eskola Politeknikoko ikasleen lanen erakusketa gehitu du egitaraura.
Kotodama taldearen motorrak agurtzen du bisitaria, fakultatean sartu bezain pronto. Moto Student txapelketan hartu zuten parte ikasleek motor horrekin. Haiek sortu eta diseinatu zuten motoa, eta txapelketan hirugarren postua lortu zuten.
Robotikaren alorreko lanak ere ikus daitezke, NXT Legoko piezekin eginak. Horietako batek Rubiken kuboaren koloreak identifikatu, eta, ariketaren irtenbide azkarrena ebatzi ostean, kuboa mugitzen du, alde guztiak berdindu arte.
Lan eta dedikazio handia eskaini diete ikasleek proiektuei. Haiek badakite zein den atzeralditik ateratzeko hartu beharko bidea: zientzia eta ikerketa.
Zientzia herritarrengana hurbiltzea da, hain zuzenere, Zientziaren Astearen helburu nagusia. Hego Euskal Herriko lau hiriburutan hainbat ekitaldi antolatuko dira egunotan helburu hori lortze aldera. Eskolan ikasitako teoriak praktikan zertarako balio duten erakutsi nahi dute antolatzaileek.
Baina ez dute edozein modutara erakutsiko. Bisitariak Zientziaren Astearen parte hartzaile aktibo bihurtu nahi dituzte, eta esperimentu praktiko ugari prestatu dituzte. Ukitu, usaindu, ikusi, entzun, galdetu... Horiek izango dira Zientziaren Astearen karietara antolatutako erakusketek bisitariari proposatuko diotena. Ez baitago zientzia ulertzeko era hoberik. Zientzialariekin hitz egin, haien tresnak erabili eta hainbat elementurekin jostatu ahal izango du bisitariak, egunerokoan bizi dituen fenomenoak ulertzeko.
Alondegiak hartuko du Bilbon zientziari eskainitako esparru nagusia igandera arte. Robotika, Rubiken kuboa eta Evariste Galois matematikariaren inguruko hitzaldiez gain, haurrentzako paleontologiako eta papiroflexiako lantegiak izango dira.
Donostian Artzain Onaren plazan altxatutako karpan ezarriko dituzte zientziari buruzko erakusmahaiak. Donostiako estazio metereologikoa ezagutzeaz gain, hiriko eraikinak egiteko erabilitako harriak nondik datozen ikasteko aukera eskainiko dute.
Gasteizko Campuseko IIAZ eraikinean egingo dute Zientziaren Astea. Hainbat txango eta tailer antolatuko dituzte.
Beste hiru hiriburuetan ez bezala, Iruñeko Zientziaren Asteak azaroaren 21 arte iraungo du. Iruñeko planetarioan izango dira ekitaldi gehienak. Hitzaldiez gain, unibertsitate, zentro teknologiko eta enpresek euren berrikuntzak erakutsiko dituzte.
Laborategia hirigunean
Zientzia herritarrengana hurbildu nahi du Zientziaren Asteak. Prozesu zientifikoak era praktiko eta dibertigarrian ikasteko aukera ematen du, adin guztientzako egokia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu