«10 bat orduko ibilaldia da, baina bidea ez da gogorra. Ez dago aldapa handirik, eta oso polita da». Hitz horiekin deskribatzen du Juan Ignacio Elosegik Beorburutik Tolosarainoko ibilbidea. Berastegiko Aldin Kultur eta Kirol Elkarteko kidea da bera, baita garai batean Erriberako zezenak Tolosaraino eramateko erabiltzen zen bidea lehengoratzearen bultzatzaileetariko bat. Garai bateko herritarrek beren plazetan ikusten zituzten adar haien sustraiak ikusteko aukera eskaintzen du ibilbideak. Eta hori izan daiteke 47 kilometroko txangoaren ezaugarri bereizgarrienetariko bat. Denak batzen ditu ibiltariaren begiak: labore alorrak, belardiak eta pago eta haritz basoak.
1992an egin zuten lehen txangoa lagun artean, eta lau urtetik behin errepikatu dute geroztik. Lagun arteko kontua izan da beti. Abisu handirik gabe egindako ekitaldia. Ez da bide sekretua ere, baina aurten ohi baino deialdi zabalagoa egitea erabaki dute. «Ez dakit ez ote garen damutuko», dio txantxetan. Elosegiren kasuan, nahasian doaz ibilbidearen lehengoratzearen eta familiaren historia. Ramon Elosegi izan zen bidearen lehengoratzearen aitzindarietariko bat. Anaia zuen Juan Ignaciok. Dioenez, hark eta bere lagunak izan ziren bidea lehengoratzearen bultzatzaile nagusiak.
Biologoa zen, eta ofizioko lagun talde batekin batera joan zen Beorburura (Nafarroa) bizitzera. «Oso jende gutxi bizi zen han, eta bizitza eman zioten herriari», azaltzen du Jose Ignacio Elosegik. Han aurkitu zuen bidea. «Ingeniari batek egindako ardi bide batzuei buruzko dokumentu bat heldu zitzaion eskuetara anaiari, eta hortik abiatu zuen ikerketa. Paper haietatik abiatuta, bidea bilatzen hasi zen lagun batzuekin».
Denborak utzi zuen bere marka, ordea, eta sastrakez gain, bestelakoek ere hartua zuten bidea, Elosegik azaltzen duenez. Halere, lehengoratu egin zuten bidea. «Herri lur izandakoak belardi ziren jadanik bilaketa hasi zuenerako, eta diputazioak landa lurren kontzentrazioa egin zuenean ere baliatu egin zuen aukera herri bideak ziren batzuk kentzeko. Hala ere, anaiak eta lagunek lortu zuten Gorritirainoko bidea egitea, eta izena hartuz joan zen bidea pixkanaka-pixkanaka. Azkenean, GR 9 izendapena jarri zion mendizaleen federazioak Noaindik Gipuzkoaraino heltzen zen bideari». Erriberatik zezenak eramateko ere erabiltzen zuten bide hori.
Bide bakarra, bi txango
Bi txango egingo dituzte datorren larunbatean Aldin Kultur eta Kirol Elkarteak eta Tolosako Andia Kultur Elkarteak. Atletikoagoa izango da bata, eta lasaiagoa bestea. Beorburutik Tolosarainokoa izango da luzeena. 47 kilometro ditu ibilbideak, eta hamar edo hamabi ordukoa izango da ibilaldia. 07:00etan aterako dira Beorburutik. Tolosatik autobusa jarriko dute haraino 06:00etan, Santa Klara parean. Bi bide daude izena eman ahal izateko: 652-76 90 59 telefonora deitzea da lehena, eta [email protected] helbidera idaztea bestea. Janaria nork berak eraman beharko du.
Beste txango motzago bat ere egingo dute, ordea. Beorburutik abiatuko da hori ere, baina Aldatzeraino helduko da. 18 bat kilometro ditu ibilbideak, eta lau ordukoa izango da ibilaldia. 09:00etan hasiko da txangoa, hamaiketakoa egingo dute ibiltariek Etxalekun (Nafarroa) eta bazkaria izango da 14:00etan Aldatzen. Gero 16:00etan Beorburura eramango ditu ibiltariak autobusak. 652-19 37 50 telefonora deituta eman daiteke izena, baita [email protected] helbidean.
Laboreak eta ezkurrak
Urteak dira probintzietako ardi bidea lehengoratzeko lanak hasi zituztenetik, eta 1992az geroztik antolatu dituzte ibilaldiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu