Ez al da inor animatzen?», dio Iñaki Bodegas suhiltzaileak ingurura begira. Salbamendu praktikak egiten ari dira, eta norbait behar dute esku ohean etzan, eta laugarren solairutik behera jaisteko. Lankiderik ez zaio gerturatu, ordea, eta bera jarri da etzanda bitan pentsatu gabe. Donostian Garberako eraikinean daude; sei hilabete igaro dira leku aldaketa egin dutenetik, eta gustura nabari zaie.
«Amaran baino espazio askoz ere gehiago daukagu hemen», esan du Luis Mari Zabala sarjentuak. Rappela egiten ari dira zazpigarren solairuko balkoitik. Haurrak jolastokian nola, hala ikusten zaie suhiltzaileei arnes, mosketoi eta soken artean. Material guztia maneiatzen gustura; euren saltsan. Egiten dutena ez dela jolasa argi dute, ordea. Benetan gertatzen denerako, arazoak aurreikusteko eta hanka sartzerik ez egoteko egiten dituzte salbamendu praktikak, kalera atera behar izaten ez duten lanorduetan.
«Esku ohea diagonalean jaisten saiatuko gara; behean zuhaitzak edo bestelako oztopoak egon daitezkeelako», dio Bodegasek. Alboan mahuka hartu, eta zelaira ura botatzen ari dira goitik beste batzuk. Iraulitako autotik zauritua atera nahian ere badabil taldetxo bat. «Autotik erreskatatu behar izaten ditugun pertsonen kopurua jaitsi egin da, puntukako gidabaimenaren eraginez», azaldu du Imanol Andonegik.
Suteetarako oxigeno botilak
Suteak ere gutxitu egin omen dira, baina pizten direnak indartsuagoak dira: «800 gradutara irits daitezke. Lurretik arrastaka ibili behar izaten dugu; zenbat eta gorago, tenperatura eta kea handitu egiten baitira». Horretarako, oxigeno botilak ezinbesteko bilakatzen zaizkie. «Gu pertsona arruntak gara; ez gara heroiak. Botila horietatik arnasten 30-40 minutu iraun dezakegu». Eta tentsio unetan buruak izaten duen garrantzia ekarri dute gogora. «Forma fisiko ezin hobean gaudelako irudia dugu kanpotik, baina esperientziak eta lasaitasunari eusten jakiteak asko laguntzen du», esan du Josu Gabantxok. Horren adierazgarriririk argiena da hasiberriek oxigeno botilak lehenago amaitzen dituztela esperientzia dutenek baino.
Txandaka lan egiten dute suhiltzaileek. «Zazpi egunean 88 ordu sartzen ditugu, eta, gero, hurrengo astea libre izaten dugu», azaldu du Zabalak. Bigarren familia bat direla uste du. Haiek prestatzen dituzte otorduak eraikineko sukaldean, eta hantxe egiten dute lo sarritan. «Bi emakume suhiltzaile bakarrik daude hemen, eta nagusiak dira; ez dira gurekin batera kalera irteten. Ea gehiago animatzen diren», esan du Gabantxok.
Taldeko argazkia ateratzean, batzuk kamioiko atzerako ispiluan ilea orrazten ari direlako ziria jotzen diote elkarri. «Hau urtarrila da», diote urtero ateratzen duten egutegiaren harira adar-joka. «Hemen bi talde daude: egutegian ateratzen direnak eta ateratzeari uko egiten diogunak. Pirritx eta Porrotxen bideoan agertzen gara gu. Aitona-amonek geratu egiten naute orain kalean», dio Alex Blancok.
Lanerako jolastokia
Sei hilabete pasatu dira Donostiako suhiltzaileak erdigunetik Garberako eraikin berrira joan direnetik. Eraikinak abantaila ugari ematen dizkie salbamendu praktikak egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu