Iñaki Bergera eta Iñigo Begiristain. Arkitektoak

«Lankideen babesa lortzea ezinbesteko akuilua da»

IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2011ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Iñaki Bergera (Gasteiz, 1972) eta Iñigo Begiristain (Iruñea, 1972) arkitektoek 2006tik lan egiten dute elkarrekin. Harrezkero hainbat sari jaso dituzte, besteak beste, Hego Euskal Herriko Arkitekto Elkargoaren Interiorismoko Arkitektura saria, joan den urtean, edota Interiorismoko 2006ko Saloni saria. Iragan urtean FAD sariko finalista izan ziren Interiorismo atalean, Iruñeko Pio XII.a kaleko etxe batean egin duten zaharberritze lanagatik, eta lan horren emaitza ikus daiteke erakusketan. Hainbat sari jaso arren ez dituztela lan gehiago lortu diote.

FAD sarietan interiorismo atalean finalista izan zarete. Zer esan nahi du horrek?

Aparteko ohore eta esker ona da. Gure lana gogorra eta esker txarrekoa da, eta horrelako sariak lortzea kontrapuntu atsegina da. Egiten dugun lanean konfiantza dugu, baina lankideen babesa lortzea ezinbesteko akuilua da. Gure lana gizartean hobeto balioesteko baliagarria izan beharko luke sariak.

Iruñeko etxe bateko atarian egindako zaharberritze lanagatik izan zarete finalista. Epaimahaiaren arabera, arkitektura oztopoak gainditzen erakutsi duzuen abilezia ezin hobea izan da. Zertan oinarritu da zuen lana?

Lana oso ohikoa den enkargu baten ondorioa da. Gehienetan proiektu arruntak edota zakarrak izaten dira. Horrelako lanen helburu nagusia sarrera errazteko araua betetzea izaten da. Eta ondoren, besterik gabe, egokitzapen funtzional hori apaintzea. Gure kasuan, gakoa proiektuari aurre egiteko izan dugun jarrera izan da. Gure helburua harago joatea zen, eta zaharberritze lana egin eta gero gelditu den espazioaren irudi eszenografikoa ez da estaldura hutsa izan, aipatutako egokitzapen lanaren adierazgarri den eraikin bat baizik.

Zer izan da zailena?

Berez, iristeko erraztasuna eta sarrera errazteko helburua duten proiektuak egitea oso zaila da aurretik egina dagoen zerbait delako, eta egitura oso konplexu batekin lan egin behar izaten delako. Dena dela, zailena auzokide batzuekin izandako harremana izan zen.

Zaila izan da haiekin lan egitea?

Esan bezala, hori izan da proiektuaren atalik zailena. Ez bakarrik guretzat, baita administratzailearentzat eta beste etxebizitzako gehienentzat ere. Batzuk lanaren aurka zeuden, eta haiekiko harremana oso zaila izan da.

Bazenuten eskarmenturik horrelako lanetan?

Esperientzia handia daukagu interiorismoko diseinuak egiteko arkitektura proiektuetan. Horregatik, beste sari batzuk ere jaso ditugu. Era berean, administraziorako zaharberritze lanen kudeaketarekin zerikusia duten eginkizunak egin ditugu.

Arkitektoei maiz aurpegiratzen zaizue ez dituzuela zeuen lanak gizartearen nahietara eta beharretara egokitzen. Kasu honetan eskaerara ederki egokitu zaretela esan daiteke?

Bai, adierazgarria da oso etxejabeen elkarteko poza. Oso gustukoa dute egin dugun lana, bai sarbide arazoei eman zaion konponbideagatik eta baita eraikinari eman zaion itxura berriagatik ere. Dena den, kasu honetan bezeroa jabeen elkarte bat izanda, hau da, askotariko interes eta nahiak dituen erabiltzaile multzoa, ezinezkoa da sarritan kontrakoak diren gogo guztiak betetzea.

Zein beste proiektutan ari zarete lanean?

Oraintxe ilusio handia dugu hurrengo udaberrian bukatuko dugun Berriozarko haur eskola berriaren eraikuntzarekin.

Guztien ahotan dagoen krisiak eragiten dizue?

Guri batere ez, beti egon baikara krisialdian. Jasotako hainbat sari eta argitalpenen ondorioz gure lanbidean nolabaiteko ospea lortu arren, horrek ez dizkigu inoiz enkargu gehiago ekarri. Egoera hori arkitekturaren izaera endogamikoarekin bat dator. Harritzekoa da, eta ez du zerikusirik beste esparruetan gertazen denarekin: Michelin izar bakarrarekin, bezeroak zenbait urtez ziurtatzen dituzte sukaldariek, baina gurean ez da horrelakorik gertatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.