Udako plaza

Lasaitasuna eta edertasun gordina

Aralar mendilerro osoa da ederra, baina badu txoko bereziki erakargarri bat: San Migel santutegia. Asko dira egunero hara lasaitasun eta isiltasunaz gozatzera joaten diren bisitariak.

Inigo Astiz
Uharte-Arakil
2011ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Badu eder izateko nahiko arrazoi. Aralar mendilerroan dagoela da pisuzkoenetariko bat, inguru hori osorik baita ikusgarria. Edertasun gordina. Bada beste arrazoirik ere, ordea: Iruñeko Erresumako elizarik handiena zen XI. mendean eraiki zutenean, eta gune esanguratsua da egun ere Artxueta mendiaren muinokoa. Europako erretaula erromaniko garrantzitsuenetariko bat ere gordetzen du barruan. Arrazoiak baditu eder izateko, eta ederra da San Migel santutegia (Nafarroa); ederra, egunero bisitari mordoa erakartzeko beste.

Sasoi honetan ere bai, eta paseoan ibili edo saskia betetzen saiatzeko baliatzen du jendeak bisita. Esku-hutsik ez itzultzeko. Santutegi sarrerara bidean gazta postu bat du Teresa Legarrak. Lanean dago, bisitarien zain, baina gustura, dioenez. «Leku ona da hau lasai egoteko». Asteburuetan izaten da bertan, eta baita bisita gidatuak daudenetan ere. Hiru autobus ei dira heltzekoak eguerdi aldera, adibidez, eta, halere, lasai.

Haien zain dago Pedro Etxabarren ere, berak egiten baititu bisitak. Santutegian aritzen da lanean, eta bertan bizi da. Bertatik ezagutzen du ingurua, eta santuarekiko eta inguruarekiko debozioa du. «Dena du berezia gune honek. Dolmenez josita dago ingurua. 78 badira. Beraz, orain dela 8.000 urtetik hona erabili da gune hau kulturako. Iruñeko Erresumako elizarik handiena izan zen bere garaian, eta egun ere oso esanguratsua da afektibitate aldetik». Topaketa gune bat, dioenez. «Jainkoarekin eta nor bere buruarekin topo egitekoa».

Haurtzaroari bisita

Bere haurtzaroko oroitzapenak bisitatzera heldu da Pedro Llano, adibidez. «Umetan etorri ginen Donostiatik eskolarekin, eta ederra iruditu zitzaidan orduan. Gauza asko aldatu dira, baina ederra da orain ere». Liluraz mintzo da Jose Hernandez bartzelonarra ere: «Hauek pagadiak! Ezin ederragoa da ingurua».

Abisua ere badago bisitarientzat santutegirako sarreran, lilurak urrunegi eraman ez ditzan: «Mesedez ez erabili santutegiaren ingurua solarium gisa». Segurtasun kamera sofistikatuak ere badira kanpo eta barruan. Puntako teknologia zurezko sabaiarekin eta harrizko horma sendoekin kontrastean. Ez dira alferrekoak, ordea. Lapurtu egin zuten 1979an elizako erretaula, eta berreskuratu egin badute ere, oraindik faltan ditu zenbait pieza.

Bista ederrak daude santutegiko zelaian eta isiltasun moduko bat ere bai, baita zuhaitzak egurretarako mozten ari den Moxo Romero boluntarioaren motozerra hotsarekin ere. Santutegi barruan, aldiz, isiltasuna; ia erabatekoa. Igandetako mezak, larunbatetako ezkontzak eta bisita gidatuak dira salbuespena. Eta halakoetan ere, bakea da santutegiaren eta inguruaren ezaugarri nagusia. Baretasuna eta edertasun gordina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.