Maratila

Legea (IV)

Xabier Etxaniz Rojo.
2011ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Egia esan, beldurtzen hasita nago. Nire mesanotxeko tabernariak Herbeheretan etaDanimarkan legeak bestelakoak direla esan bazuen, esan zuen ba! Orain bi asteko mehatxu anonimoak era esponentzialean ugaritu dira joan den ostegunaz geroztik, etaguztietan kearen apologia egin izana leporatzen didate iraingero eta zatarragoen bitartez.

Dena den, hasitako lana bukatuko dut, eta nire lagunen iritziak jaso eta zabaldu ostean, hona hemen nirea.

Pertsona baikorra izanik, alde onak baino ez dizkiot ikusten lege berriari. Bereziki interesgarria deritzet tabakismoa prebenitzeari begirako neurriei. Bukatu dira zigarroak hedabideetan zein antzokietan. Hemendik aurrera pelikuletako gaiztoek polizia zintzoak torturatu ahal izango dituzte era osasungarri eta jasangarrian. Ezin ordainduzko ekarpena Pajin gidoilariarena!

Bestalde, biziki poztu nau tabernen esparrua haurren mundurako berreskuratu izanak. Zer nolako gizartea da belaunaldi berriei taberna orok berezko dituen dohain kontaezinak era sistematikoan ukatzen dizkiena? Gizarte gaixo eta ketu bat, ezbairik gabe! Orain, berriz, gure txikiek guk bezainbeste disfrutatu ahal izango dute tabernetako giroaz. Bejondeigula!

Egia da, baiki, legea ez dela perfektua eta hobetu zitekeela —oraindik ez dut ulertzen zer dela-eta baztertu zuten erretzaileei hatz erakusleak mozteko proposamen bikain hura— baina, tira, gure hobe beharrez ari dira eta ezin kexatuko gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.