Jon Etxeberriak (Zeanuri, Bizkaia) irabazi du Ordiziako azoka bereziko 39. Ardi Latxaren Gaztaren Txapelketa. Lehen aldiz irabazi du, gainera; 1.550 euro, Kutxaren garaikurra eta gazta sarituaren 5.000 etiketa ofizial jaso ditu. Etxeberriak ezin izan zuen atzo Ordizian izan, joan den larunbatean alaba izan zuelako. Hortaz, Mari Pui Arrieta emaztearen gurasoek jaso zuten saria. Catalana Occidente aseguru etxeak erosi du gazta sarituaren erdia, enkantean 7.400 euro ordainduta.
Guztira, 53 gaztak hartu zuten parte lehiaketan, eta lehen bostei eman zieten saria. Bigarren saria Ricardo Remirok jaso zuen (Eulate, Nafarroa), iazko irabazleak. Semeekin igo zen taula gainera, saria jasotzera; 750 euro jaso zituen. Hirugarren saria, 420 euro, La Lezek (Ilarduia, Araba) jaso zuen—bigarren saria lortu zuen iaz—; laugarrena, 210 euro, Jose Luis Odriozolak (Aia, Gipuzkoa) eta bosgarrena, 180 euro, Zabaleta S. C.-k (Munain, Araba).
Goizeko hamaikak aldera hasi ziren epaimahaikideak gaztak probatzen. 25 sukaldari, teknikari eta kazetarik osatu zuten epaimahaia. Juan Mari Arzak sukaldaria izan zen mahaiko presidentea, eta han ziren David de Jorge, Elena Arzak, Pedro Subijana nahiz Martin Berasategi sukaldari ezagunak ere.
Zazpi taldetan banatu ziren, eta bi gazta aukeratu zituen talde bakoitzak. Hamalau gazta horiek pasatu ziren finalera, eta luze jo zuen erabakia hartzeak. Beti Alai pilotalekua jendez beteta zegoen azken erabakiaren zain, eta txalo zaparrada itzela jaso zuten Arrietaren gurasoek. Artzaintzan aritutakoak dira haiek ere, eta hunkiturik jaso zuten saria. «Artzainen lan gogorraren ordaina da sari hau», adierazi zuten.
Sariak banatu bezain laster hasi zen enkantea. 7.400 euro ordaindu zituen Catalana Occidente aseguru etxeak, iaz Bilboko Porrue jatetxeak baino ehun euro gehiago. Errekorretik urruti geratu da, ordea; 2004an 12.100 euro ordaindu zituen Lierniko Patxi erretegiak, orain arte ordaindutako kopururik altuena. 2009an baino ez ziren zifra horretara hurbildu; Super Amarak 12.000 euro ordaindu zituen orduan. Ordiziako San Jose zaharren egoitzak jasoko du enkantean ateratako dirua.
«Apur bat gehiago ordaintzeko prest nengoen», adierazi zuen Juan Jose de Cañok, Catalana Occidente aseguru etxeko ordezkariak. Gustura agertu zen, eta eskuratutako gazta «bezero onenen artean» banatuko dutela azaldu zuen. Aurreko urteetan jatetxeek erosi izan dute irabazlearen gazta; lehen aldia da aseguru etxe batek erosten duena. «Jendeak gutxiago inbertitzen duen garai hauetan, guk apustu bat egin nahi izan dugu».
Ordiziako Idiazabalgo Gaztaren Kofradiak, bestalde, Atxen Jimenez omendu zuen atzo. Tafallako (Nafarroa) Tubal jatetxekoa da Jimenez, eta Ordiziako lehiaketako epaimahaikidea izan da urte askoan. Gazta ebaki zuen lehen emakumea izan zen, 2004an. Aurten semea izan da epaimahaian, amaren ordez, eta Gaztaren Kofradiak orain arteko lana eskertu nahi izan zion atzoko omenaldi txikiarekin. Epaimahaia osatzen duten sukaldariak ere haren ondoan izan ziren. Hunkiturik agertu zen Jimenez, eta bere esker ona adierazi zien Beti Alai pilotalekuan bildutako guztiei.
Azoka, goiz osoan
Gazta lehiaketaz gain, Ordiziako azoka berezian beste hainbat erakusketa eta lehiaketa ere egin zituzten. Goiz osoan, postuz beteta egon ziren herriko plazak, eta jende andana ibili zen kaleetan. Barazkiak, fruituak, perretxikoak, makinak eta piriniar arrazako behiak izan ziren ikusgai, besteak beste. Herri osoa hartu zuen azokak, eta jai giroa nonahi nabari zen; trikitilariak ere kalez kale ibili ziren, giroa alaitzen.
Errezilgo (Gipuzkoa) Joxe Antonio Aizpuru asteazkenero izaten da Ordiziako azokan, eta bizpahiru urte daramatza azoka berezira joaten. «Jende gehiago etortzen denez, gehiago saltzen da azoka berezian, baina, proportzioan, antzeko», azaldu zuen. Sagarrak saltzen ditu Aizpuruk, eta dotore jarrita zituen postuan. «Errezil sagarra saltzen dut gehienbat, baina hori aurrerago izaten denez, goiz sagarra ekarri dut azokara».
Gainontzeko postuetan ere, bereziki zaindua zen produktuen aurkezpena. Azoka berezirako espreski aukeratutako fruta eta barazkiak ziren, itxura ederrekoak. Apenas igaro zitekeen postuen artetik, jende ugari gelditzen baitzen begira. Donostiako Jose Manuel Zabalegik irabazi zuen barazki lehiaketa, eta Hernaniko (Gipuzkoa) Maddi Iradik fruitu lehiaketa.
Piriniar arrazako behiak ere garbi-garbi eginda eraman zituzten Ordiziara, egunak eskatzen zuen bezala. Epaimahaiak behirik onena aukeratzeko, plazan bira batzuk eman zizkieten jabeek, sokatik lotuta. Jende ugari bildu zen behien desfilea ikustera. Izan ere, behi ikusgarriak aurkezten dituzte lehiaketara, eta erakargarria izaten da haien ibilkera eta jendearen artean duten patxada ikustea. Adinaren arabera sailkatu zituzten behiak, eta kategoria bakoitzeko bi onenek jaso zuten saria.
Oiloak, berriz, arrazaren arabera zeuden sailkaturik. Beltzak, gorriak, lepasoilak eta marradunak izan ziren ikusgai, besteak beste. Zarauzko (Gipuzkoa) Iñaki Izetak jaso zuen lote onenaren saria.
Erakusketa eta lehiaketez gain, jateko aukera ere ez zen falta izan. Taloak, txorixo nahiz gazta pintxoak eros zitezkeen kaleko postuetan. Karpa baten azpian, berriz, saiheskia erretzen jardun zuten, eta jendeak ederki bazkaltzeko aukera izan zuen, mahai batzuk jarri baitzituzten karparen azpian. Taberna antzeko postu batzuk ere jarri zituzten; ardoa eta sagardoa saltzen zituzten taberna horietan.
Pilotalekuaren kanpoko aldean, berriz, aurreko urteetako Ordiziako gazta lehiaketaren irabazleek gazta postuak jarri zituzten. Han izan zen, esate baterako, Ricardo Remiro, iazko irabazlea. Jende ugari bildu zen aurreko urteetako irabazleen gaztak ikustera, eta, bakarren bat, erostera ere bai.
Giro ederra izan zuten atzo, hortaz, Ordiziako azoka berezian. Goizean goizetik hasita, egun borobilaz gozatzeko aukera izan zuen jendeak. Larunbatera arte, dena den, Euskal Jaiez gozatzeko aukera izango dute oraindik herritarrek.
Ezarian. Ordiziako azoka berezia
Lehen saria, Zeanurira
Jon Etxeberria artzain gazteak irabazi du Ordiziako gazta lehiaketa, lehen aldiz; Catalana Occidente aseguru etxeak erosi du irabazlearen gazta erdia, enkantean 7.400 euro ordainduta, iaz baino ehun euro gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu