Javier Perez Eguaras. NAEko zuzendari teknikoa

«Lehentasunak aldatzen badira, gure arazoak badu irtenbidea»

Gobernuak borondate politikoa balu Nafarroako Antzerki Eskolaren finantzaketa arazoa moldatuta legokeela uste du Javier Perez Eguaras eskolako zuzendari teknikoak.

Iruñea
2012ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
NAE Nafarroako Antzerki Eskola ixten bada Nafarroako kulturak asko galduko duela iritzi dio Javier Perez Eguaras (Iruñea, 1964) eskolako zuzendari teknikoak .

Zein da eskolaren egoera?

Oso behin-behinekoa da. Egunez egun egiten dugu lan, plangintzarik egin gabe. 2012a aurreko urteko zorrarekin hasi dugu (60.000 euro). Gure egoitza eta jarduera egonkorra mantentzeak kostu handiak ditu, eta ez dugu dirurik horretarako. Azpiegitura handia dugu, eta irautea da gure arazo larriena. Bi hilabete ditugu irtenbide gogorrak hartzeko. Bi irtenbide izan ditzakegu: irautea berriro berpizteko, batetik, edo irautea baina gero aurrera egiteko aukerarik ez izatea, bestetik. Arazoa dagoela onartu da, baina ez zaio irtenbiderik eman nahi izan, tartean joko politikoa sartu delako.

Zein joko politikoz ari zara?

Nafarroan dagoen borroka politikoa gure arazoan irudikatu da, eta horrek ez du inolako zentzurik. Elkarte kultural bat gara, eta gure garrantzi ekonomikoa barregarria da. Gurekin gatazka irudikatuta, ezagutzen diren eta bazeuden irtenbideak baztertu egin dira.

Zein da irtenbidea?

Lehentasunak aldatzen badira, eskolaren arazo ekonomikoak badu irtenbidea. Kultura politikoki erabiltzen jarraitzen bada, arazoak behin-behineko irtenbide bat izan dezake, baina ez goaz inora. Nafarroan, beste inongo erakundek baino sostengu gehiago jasotzen duzunean eta gizartearen sostengua ere baduzunean, gauzak ongi egiten ari zarela esan nahi du. Alderdiek sostengua eman digute Nafarroako Parlamentuan. Gure aurrekontua txikia da, eta ordainean gizarteari itzultzen dioguna askoz ere gehiago da. Zerga zuzenetan soilik, %60 itzultzen dugu. Gure aurrekontua garrantzi ekonomiko gutxikoa da, eta eskolak jarraitzeko ez luke arazorik behar. Borondatea egon denean, arazo larriagoak moldatu izan dira. Borondatea balego, arazoa konpondua legoke.

Arazoa konpontzen ez bada. Zein da zuen etorkizuna?

Egungo azpiegitura dagoen moduan desagertuko eginen ginateke. Ez dakit nola iraunen genukeen, baina eskola gaur egun dagoen moduan mantentzerik ez bagenu, ez du zentzu handirik jarraitzeak. Gu desagertzea ez litzateke hain larria izanen, Nafarroako antzerkigintzan izanen lukeen eragin erabat kaltegarriagatik ez balitz. Eskola desagertzeak antzerkigintzaren erabateko desagertzea ekarriko luke, eta Nafarroako kulturarentzat oso kaltegarria litzateke.

Herritar askoren irudipena da ez dutela kontrolatua eta egituratua dagoen kultura eskuratzeko beste aukerarik. Gune hau horren erreferentzia da. Kultura eta antzerki irizpideengatik funtzionatzen du. Gurea bukatzen bada, askatasun zati handi bat galduko du gizarteak.

Hitz egin duzue alderdi politikoekin?

Ez gara gelditu ere egin. Urritik abendura arte ez dakit zenbat bilera izan ditugun, baina edukirik gabeak izan dira. Gatazka politikoa bilakatu da afera, eta gobernuak ez du pribatuan esandakoak gero publikoan esan.

Nafarroako Gobernuak diru laguntza zuzenak baztertu eta kultur erakundeentzat 1,4 milioi euro banatuko ditu. Aurkeztuko zarete deialdira?

Ez dakigu. Gure salbamena dela esan dute, baina finantzaketa neurri asko aurkitu behar ditugu, asko aztertu, eta ez dugu horretarako denborarik. Dirua banatzeko politika aldatu nahi bazen, garaiz egin behar zen. Horrelako tamaina duen erakunde bat hogei egunean aldatzea ezinezkoa da. Ikasleekin hartu genuen konpromisoa beste guztiaren gainetik dago. Ahal ditugun irtenbideak hartuko ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.