Pirinioetan zuhaitz enborrak garraiatzeko erabiltzen ziren almadietatik, Gerra Hotzeko ontzietara. Feniziarrek eta asiriarrek merkataritzarako erabiltzen zituzten itsasontzietatik, egun luxuzko hotel bihurtu diren bidaiari-ontzietara. Arraun bidez mugitzen ziren ontzi arinetatik, baporezko turbina bidez mugitzen diren barku astunetara. Batera edo bestera, itsasontziak gizateriaren historiaren parte izan dira beti.
Ur gainean igeri egiten duten ontzi horiek miresmena sortu dute, eta horren isla dira Donostia Boulevard aretoak egunotan bildu dituen 30 maketak. Eskuz, piezaz pieza, xehetasunik ahaztu gabe eta pazientzia amaigabearekin eskalan eginiko artisautza lan perfektuak dira. Neurriz txikiagoak, baina itsasontzien erreplika fidelak. Azaroaren 6ra arte izango dira ikusgai.
Maketa amaituak ez ezik, maketak nola egiten diren ikusteko aukera ere izango dute bisitariek, astelehenetik larunbatera ikastaroak antolatu baitituzte, 18:00etatik 19:00etara. Han, Juan Palmer modelatzailea jendaurrean eraikitzen dago, zalantzak dituztenen galderak erantzuteko prest.
Hainbat modelatzaileren maketak bildu dituzte erakusketan, eta haien arteko desberdintasunak nabaritu daitezke. Bakoitzak garai edo gai gogokoago bat duela ikus daiteke. Batzuek itsasontzi garaikideak maketatzen dituzte; beste batzuk antzinako ereduetan oinarritzen dira. Bestalde, maketatzaile bakoitzak itsasontziak desberdin amaitzen ditu. Maketa guztiak ikusgarriak diren arren, badira xehetasunak gehiago zaintzen dituztenak.
Trafalgar, Habana, Ternua
Era eta garai askotako itsasontziak bildu dituzte erakusketan. Badira antzinako oinarrizko ontzi txikiak, bidaia motzak egiteko erabiltzen zirenak, eta badira egun oraindik erabiltzen diren itsasontziak ere; askoz handiagoak, astunak eta xehetasun ugari dituztenak. Aro bakoitzeko beharretara moldatuta, eta garai horietan zeuden aurkikuntza teknologietan oinarrituta daude.
Hala, gudaontziak ez ezik, baleak arrantzatzeko erabiltzen diren ontziak daude, xebekak, lineazko ontziak, clipper-ak, edota erabilera anitz izan dituzten itsasontziak. Michelangelo da horren adibide garbia. 1965ean Genovan (Italia) eraiki zen bidaiariontzi gisa, eta urteak itsasoak zeharkatzen pasatu ondoren hotel gisa erabiltzen dute egun Bandar Abbasen (Iran).
Mendeetako historia irudikatzen dute erakusketako ontziek. Feniziarren merkataritza tratuetatik, Trafalgargo batailara egiten dute salto bisitariek; eta hortik, Kubaren independentziara. Industria iraultzako lurrun makinak ekarritako garai berrien testigantza jasoko dute gero; II. Mundu Gerran izua zabaldu zuten nazietatik, Gerra Hotzaren arrisku nuklearrera pasatzeko azkenik.
Euskal Herriko itsasontziak
Euskal Herriko kostaldeak itsasoarekin izan duen lotura presente dago Donostiako erakusketan. 30 maketetatik, hainbat Euskal Herrian erabili diren itsasontzienak dira, edo hemengo ontzioletan eraiki direnak.
64 kanoiko 1712ko Antonio Gaztañetaren proiektua da Euskal Herriaren historiarekin lotura duen ontzietako bat. Itsas borroketatik at, arrantzaleen egunerokotasunetik gertuago daude XVI. mendean erabiltzen ziren baleontziak. Aita Joseba naoaren maketa baleontzi horien aieruzko modeloa da.
Hiru mende geroago, baleak harrapatzeko ontziek izandako bilakaera ikus daiteke erakusketan. 10-12 gizonentzako eskifaia zuten traineruek, eta trainaz zein xindaz aritzeko egokituak zeuden. Baleen arrantzarako itsasontzi arinak behar ziren, eta behar horri egokituta zeuden garaiko ontziak.
Habana ontzia, berriz, bidaiari-ontzi gisa erabiltzeko sortu zuten. Sestaon (Bizkaia) uretaratu zuten 1920ko irailaren 14ean, Alfonso XIII izenean. 1931n Espainiako Errepublika garaian Habana izena jarri zioten. 36ko gerran errefuxiatuak garraiatzekoerabiltzen zen, eta guda ostean, berriro bidaiariontzi gisa erabili zen.
Donibane Lohizunen (Lapurdi) erabilitako baxurazko arrantza ontzia da Airosa, 1953an Zokoako Hiribarren ontziolan eraikia, eta Frantziako Gobernuak Monumentu Historiko izendatua.
Euskal Herriarekin zerikusia duten ontzi garaikideen bi adibide daude erakusketan. Batetik, 1975ean Zumaiako Balenciaga ontzioletan eraiki zen Ondarroa Sayremar Dos ontzia dago. Hondoratze kasuetan erabiltzen da, eta ontziaren bizkarrean putzu bat dauka sakonera handiko perforazioetan erabiltzeko. Bestetik Adams Challenge urpekarientzako laguntza ontzia. Zumaiako ontzioletan egin zuten ere, 2008an; eta Gipuzkoan egin den itsasontzirik handiena da.
Urteetako esfortzua
Lan handia eskatzen du itsasontzi bat eskalan eraikitzeak. Maketa bera egitea lan nekeza da, baina badago egitekorik atzetik. Dokumentazio prozesua zabala egin behar dute. Maketatu nahi den itsasontziaren planoak lortzea izaten da biderik azkarrena, baina ez dira kasu guztietan lortzen. Hondoratutako itsasontzi baten indusketatik hasten da prozesua batzuetan.
Ikerketa prozesu luze bat burutu ondoren, maketarekin hasteko garaia da. Itsasontzien modelazioan eskuz eta banan-bananegiten dira pieza guztiak. Egurrezko egitura zinkez gaineztatzen dira. Muntatu aurretik margotu egin behar da guztia. Ez beti, baina, batzuetan, erreplika handiagoak egiteko pausoa izaten da itsasontzien modelazioa. Maketa plano gisa erabiltzen dute horretarako.
Ezarian. Itsasontzien modelismoa
Lehorreko itsasontziak
Donostiako Boulevard aretoan 30 itsasontzi maketa biltzen dituen erakusketa jarri dute. Mendeetan zehar erabilera asko izan dituzten hainbat eredu jaso dituzte. Azaroaren 6ra arte izango dira ikusgai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu