Hainbat liburu beltz ditugu azken urte hauetan! Joan Mari Torrealdairena euskarari buruzkoa, eta badira beste gai minberen inguruan. Parisen Nekazaritzako Saloina irekitzear doalarik, Isabelle Saportak idatzitako lana dator, «nola gure nekazariak, gure osasuna eta ingurumena erailtzen ari diguten» azpititulutzat.
Elikaduratik gure bizia datorrelarik horrek badauka amets gaiztoen hazteko gai erraldoia. Nola fruitu batzu, bereziki sagarrak hainbat tratamendurekin pozoitzen dizkiguten jakina da. Autoreak erakusten du laborariek beren lana higuingarritzen ikusten duten. Abereekilako hartu-emana gure antzinakoek errespetuz eramaten zuten nonbait, kabalen heriotza gure hazteko ezinbestezkoa zelarik, hala ere. Batzuen martirio tristea aipatzen da hemen, txerrien hazkuntza besteak beste. Hauek ez dira gehiago izaki bizidun kontsideratuak, gauza «mineralak» baizik. «Baterian» hazirik, janari eta erremedioen programaketa lazgarria analizatzen da: epe laburrenean haragi gehienaren lortzea, horra apustua! Txerrien arraza, selekzioz selekzio, abere triste batzuetara ekarria da. Okaztagarriena beharbada umeen sortzearen inguruan da. Sistema automatikoek zerramen arkaltze garaiak detektatzen dituzte, eta intseminazioa ia automatikoa da, umeak garai berean egiteko. Pentzerik, eguzkirik gabe, epe laburreko bizia dute. Eta nekazaria teknikari bihozgabe efikaza dabil bere zorrak ezin pagatuz, bazterrak pozoituz eta biziaren errespeturik gabe.
Big Brother datorren garai hauetan, amets gaizto berrien hazle dugu liburu hau. Zer gertatuko zaigu boterea abereek hartuko dutelarik? Orwellek erantzun hasierak eman zizkigun...
Maratila
Liburu beltz berri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu