Harkaitz Cano (Lasarte, Gipuzkoa, 1975) idazleak hitzaldia emango du gaur, Zarautzen (Gipuzkoa), Arraroagoa da idazten ez duen jendea izenburupean.
Nola egingo duzu gaur entzuleak konbentzitzeko idazleak jende xelebrea ez zaretela?
Nahiko autobiografikoa izango da hitzaldia. Adoleszentzian idazten duzunean inguruak ulertarazten dizu xomorro arraroa zarela. Baina urteak pasa ahala konturatzen zara jende normala ez dela existitzen. Horregatik diot arraroa ez idaztea dela.
Orduan, idazle izatea adoleszentzia luzatzeko modu morboso bat da?
Ez nuke hori esango. Baina egia da hor badagoela bakardade bat edo nerabearen tragikotasun erromantiko bat hasieran. Zoriak idazle bihurtzeko prozesuan duen garrantziaz ere hitz egingo dut gaur. Idaztea ez da naturala, ikasitako zer edo zer baizik. Baina, aldi berean, uste dut ez dagoela beste erremediorik. Gure ofizioarekiko krisia dagoela sentitzen dut, egia da. Literatura ulertzeko era bat bukatzen ari dela uste dut. Literaturaren etorkizuna espiritismo saio partikularrak egitea izango da, hau da, norberak bere kaperatxoa izatea bere gustuko idazle eta liburuekin, pribatuan eta klandestinoki. Bestela, infiltrazioa izango da aukera: komunikabide handietan ustekabean literatura sartzea. Julio Cortazar erabili zuten duela urte pare bat kotxe bat saltzeko. Jende asko haserretu egin zen. Nire ustez, ordea, garaipen bat izan zen. Julio Cortazarrek irabazi zion kotxe enpresari, prime time-ko iragarki batean infiltraturik. Literaturaren etorkizuna bietako bat izango da.
Literatura baino gehiago, ez da idazlea krisian dagoena, haren rola gizartean?
Faltan sumatzen dut idazleari idaztea eskatzen zitzaion garaia. Egun ez da espero idazle batek idaztea, baizik eta lekuetan agertzea, edo ez dakit zeren ordezkari izatea. Esaldi pesimista hura gogoratu behar da: «inork ez du irakurtzen, irakurtzen dutenek ez dute ezer ulertzen, ulertzen dutenek berehala ahazten dute... Orduan ez dakit zertarako gauden hemen». Katastrofista ematen du, baina horrela sentitu izan naiz askotan.
Baina orain, Interneti esker, askoz aukera gehiago dituzue idazleok irakurriak ez izateko...
Interneten ateratako artikuluak ez du egunkari batean ateratakoak adina hauts harrotzen. Aukeraren desmasiak kontrara jokatzen du, zentsura gisa. Kanon bat falta da hor, irizpide edo parametro batzuk hori argitzeko.
Nor ausartuko da, baina, hori ezartzen... Harkaitz kanon?
Ez dago horretarako arriskurik. Liburu dendetan ere oihanean bezala aiztoarekin sartu behar duzu, merkatuak ezarritakoliburu dorreen artean zure liburua aurkitzeko. Baina Internetek lagun dezake hori konpontzen, zureak aurki ditzakezulako han, zure gustuko idazlea: Munduko jende arraroa, elkar gaitezen!
Hitzaldia. 'Arraroagoa da idazten ez duen jendea', Harkaitz Cano. Lekua: Azken Portu taberna, Zarautz, Gipuzkoa. Noiz: Gaur, 20:00etan.
«Liburu dendan oihanean bezala sartu behar duzu, aiztoarekin»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu