Lo galdua, osasun kaltetua

Borondatez edo behartuta, asko dira behar baino gutxiago lo egiten dutenak. Bihotzeko arazoak, memoria arazoak eta obesitatea eragin ditzake horrek gerora.

Pertsona heldu batek zazpi eta zortzi ordu artean egin behar ditu lo egunero. Irudian, emakume bat lotan. BERRIA.
ainara arratibel gascon
2015eko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Lanaren, ikasketen edo astialdiaren ondorioz, asko eta asko dira komeni baino ordu gutxiago lo egiten duten pertsonak. Egunerokoan apenas antzematen duten. Luzera begira, ordea, loari kendutako denbora horrek eragina du metabolismoan. «Gizentasuna, memoria arazoak, insomnioa... Ondorioak asko dira», azaldu du Juan Jose Pozak, Donostia ospitaleko neurologoak. Horren jakitun, batzuk orekatzen saiatzen dira, egun batzuetan asko lo eginez eta beste batzuetan gutxi. «Baina hori ez da bidea. Oreka bat behar da». Kezka azaldu du, gainera, nerabeen artean orain gehiago direlako behar adina lo egiten ez dutenak. «Jendeak argi izan behar du lo egitea ez dela denbora galtzea, baizik eta beharrezkoa dela osasunerako».

Azken urteetan, hainbat ikerketa egin dira gaiaren inguruan. Berriki, bat aurkeztu dute Erresuma Batuko eta Qatarreko mediku talde batek. Horren arabera, egunero behar baino ordu erdi gutxiago lo egiteak, %17 areagotzen du obesitatea izateko arriskua. Diabetesa dutenen kasuan, are arriskutsuagoa da hori. Izan ere, %39 handitzen da intsulinarekiko erresistentzia. «Metabolismoan duen eragina nabaria da», azaldu dute ikerketa egileek. Bertan, 522 boluntariok hartu zuten parte. Altuera eta pisua neurtu zitzaien, eta loaren eguneroko bat egiteko eskatu. Bertan, zenbat ordu lan egiten zuten idatzi behar zuten.

Pozaren arabera, jendeak argi izan behar du zer den gutxi lo egitea. «Bost ordu edo gutxiago egitea da». Lo gutxi egiten dutenen artean hiru talde daude: lo egiteko arazoak dituztenak, lo egiteko behar gutxi dutenak eta beren borondatez edo behartuta lo gutxi egiten dutenak. «Behar gutxi dutenek ere 6-7 ordu egin beharko lituzkete lo, ondo egoteko. Horiek duten abantaila izaten da lo gutxiago eginez gero hobeto aguantatzen dutela». Dena den, haiengan ere ondorioak izaten dira.

Galdutako lo hori ez da guztiz berreskuratzen.«Bi zati berreskura daitezke. Batetik, REM loa, hau da, lo sakona. Hor izaten ditugu ametsak; eta, bestetik, ez REM loaren hirugarren fasea. Loaren azken fasea da hori, eta, ametsak bainoago, sentsazioak izaten dira hor». Ez da berreskuratzen, ordea, gure loaren %50 hartzen duen ez REM faseko bigarren zatia. «Horrek gorabeherak eta nahasmenduak eragiten ditu lo egitea ahalbidetzen diguten mekanismoetan, eta, luze gabe, insomnioa dakar horrek». Horrenbestez, «alferrikakoa eta desegokia» iruditzen zaio lo orduak berreskuratzeko ahalegin hori. «Ez du zentzurik astegunetan gutxi lo egiteak eta asteburuan asko. Egokiena errutina bat edukitzea da, eta ahal den neurrian egunero lo egiteko beharrak asetzea». Bere kontsultara doazen gaixoei adibide argigarri batekin azaltzen die hori. «Janariarekin alderatzen dut loa, eta esaten diet ea zentzuzkoa irudituko litzaiekeen astean zehar behar baino gutxiago jatea eta asteburuan sekulako betekadak izatea. Gehienek ezetz erantzuten dute. Arazoa da loarekin ez dutela horren garbi, ez baitiote behar beste garrantzi ematen».

Baina ondorioak agerikoak dira. «Beren borondatez behar baino ordu gutxiago lo egiten duten horiek, adibidez, arrisku handiagoa dute tentsio arazoak edukitzeko, eta, horri lotuta, bihotzeko arazoak». Bestalde, luzera begira, aukera handiagoa dute insomnio arazoak edukitzeko.«Pertsona horiek, normalean, loa zatikatuagoa edukitzen dute, eta, denborarekin, ezin dute behar bezala lo egin. Izan ere, lo egiteko errutinak galduz joaten dira».

Pisuan ere eragina duela baieztatu du Pozak. «Lo gutxi egiteak jateko gogoa areagotzen du. Izan ere, jateko gogoa bi hormonaren bidez kontrolatzen da: leptina eta adrelina. Bien arteko oreka bat behar da, eta, lo gutxi eginda, oreka hori apurtu egiten da. Beraz, gizentasuna izateko joera handiagoa da».

Gutxi lo egiten duten pertsonek, gainera, immunologia sistema ahulagoa dute. «Beraz, arrisku handiagoa dute infekzioak eta halakoak edukitzeko. Izan ere, birusei eta bakterioei aurre egiteko gaitasun txikiagoa dute». Umorean gorabeherak izatea, erreflexu falta, eta arreta eta memoria arazoak dira beste ondorioak. «Memoria lo gaudenean finkatzen da, eta, beraz, gauzak gogoratzeko gaitasun gutxiago dute».

Txandak aldatuz

Pozak kezka azaldu du behar baino lo gutxiago egiten duten gazte gehiago daudelako orain. «Asko hitz egiten da eskola porrotaz, eta lo gutxi egitearen faktoreak zerikusia izan dezake, memorian eta arretan eragina duen heinean. Eskoletan, komeni da horri erreparatzea, eta familiekin elkarlanean ikasleek txikitatik lo egiteko ohitura onak hartzea sustatzea eta indartzea». Izan ere, egun, gazteasko daude tabletarekin, ordenagailuarekin edo sakelako telefonoarekin ibiltzeagatik behar baino gutxiago lo egiten dutenak.

Beste kezka iturri bat txandaka lo egiten duten langileak dira, «Horiei ezinbestean eragiten zaiegorabehera bat loaren erritmoan, eta aipatutako arazoak gehiago antzematen dira langile horien artean». Pixkanaka ari dira horri aurre egiten. «Hainbat enpresatan, hasi dira txanden sistema aldatzen, eta, aste osoan ordutegi bera eduki beharrean, aste beraren barruan ordutegi desberdinak tartekatzen dituzte, aldaketa ahalik eta txikiena izan dadin saiatuz».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.