Klodina Apeztegi eta Jeannot Fourcade. Patxoki lokaleko permanentak

«Lokalaren prezioa apalarazten ari gara eta gero erabakiko dugu erosi ala ez»

J.B.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2011ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Patxa plazaz hurbil den Patxoki lokala berreskuratu eta saldu nahi du jabeak. Prezioa apalarazteko negoziazioetan dira. Anartean, gauero irekia da besten kari. Beharbada, azken aldikoz.

Azken bestak ditu Patxokik?

KLODINA APEZTEGI. Ez da segur. Oraindik negoziatzen ari gara prezioa apalarazteko. Ikusi garen azken aldian 90.000 eurotara jaitsi zuen prezioa, jakin behar da hastapenean, 160.000 eurotan zela eta 115.000 eurotara jaitsi zuela. Beraz, prezioa oraindik apalarazteko esperantza badugu. Uste zuen guk ez genuela lokala utzi nahi —egia dena—, edozein preziotan erosteko prest ginela. Hor da tronpatu, nahiz maitatu gunea, ez dugu edozein prezio onartuko. Ez dugu espekulazioaren aurkako borroka eramanen eta ber momentuan edozein preziotan erosiko. Merkatuko prezioa bada, jada aski gora dena, eta ez gara gorago joanen.

Biltzar nagusian erabakiko duzue?

JEANNOT FOURCADE. Bai, hori da. Prezioa apalarazten ari gara, eta ondotik erabakiko dugu erosi ala ez, gure ahalen arabera.

Jendeak badaki beharbada hetsiko dela? Sendi duzue bestetan?

K.A. Bai, anitz etortzen dira galdezka, «beraz azken besta da?».

J.F. Beste batzuek diote izenpetze kanpainak egin behar direla. Baina konplikatua da, gure helburua ez da jabea gizentzea. Sobera sinple litzateke, eta espekulatzaile guztiei atea irekitzea litzateke. Guk ez dugu dirua bildu nahi, lokal horretan emateko; bada beste beharrik Euskal Herrian.

1987an ireki zenuten lokala. Garaiak aldatu dira. Patxokira datozenetan ere aldaketa sendi duzue?

K.A. Abertzaleak badira, baina orokorki nornahi heldu da. Patxokira sartu, eta ohartzen dira non diren. Beraz, hautu bat bada, berez, batzuk ez dira inoiz sartuko! Beste batzuk ordea, sartzen dira zerbait berezi badelako.

J.F. Batzuk Patxaz mintzo dira, lehen gehiago mugitzen zela diote.

K.A. Horiek urtean behin etortzen dira; etorri eta garaian egindakoaz oroitzen direnak dira.

J.F. Bi publiko dira. Gehienak musikarentzat heldu da, ez baitezpada politizatua. Besteak, lehengo garaien nostalgikoak.

Zer ekarri du Patxokik Baionako bestei hainbeste urtez?

J.F. Galdatzen genuen pixagune gisa ur murruak izatea; orain badira. Emazteentzat ere komunak behar dira, baina ez ditugu lortu. Peña eta komunak emazteei irekiak izan daitezen galdatzen dugu. Emakumeei egin erasoen aurkako kanpainari doakionez, eraso sexisten aurkako afixa onartua da egun, ezin asmatua zena lehen! Baso berriak proposatzeko ere lehenak ginen, hastapenean hautua bazen, orain horiek dira bakarrik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.