Indar erakustaldia egiten du naturak negutik udaberrira pasatzean; bizirik dagoela adierazten du, baina ez da halakorik sumatzen Artikutzan. Udaberrian gaur sartu garen arren, neguko lozorroan daude oraindik inguruak, esnatzeko gogorik gabe. Erroiarriko balkoi naturalera igota, altueratik, parkearen zabalera osoaren ikuspegiak ez du zalantzarako biderikuzten. Mendia soil eta triste dago, eta zuhaitzak, hostorik gabe. «Aurten ohi baino beranduago dator udaberria», dio Jesus Rubiok, Artikutzako basozainak.
Batez ere otsaileko hotzaldiarengatik dela dio Rubiok. Aste batzuetan hainbesteko hotza egiteak arrastoa utzi du luzera. Zero azpitik bost gradu egin zituen auzoan, basozainak adierazi duenez. «Tenperatuz gain, alderdi gehiagok ere eragingo zuten».
Eskualderik euritsuenetako bat da Artikutza, baina aurten, martxoa izateko, mendia oso lehorra dago. «Ez du elurrik egin, eta erreketan ur gutxiago dago. Ur-jauzi honen emaria normalean baino askoz ere txikiagoa da». Menditik behera dator Erroierri errekako ura, indartsu, zarata izugarria eraginez.
Ur-jauzitik aldenduta, isiltasunak inguratzen du ibiltaria. Txoriak bakarrik ausartzen dira isiltasuna eta bakardadea urratzen. Rubiori ezagun egiten zaizkio txorien txioak, eta izenez bereizten ditu. Hegaztietan ere nabari da omen da udaberriaren nagitasuna, basozainaren arabera. Hegoaldetik iparraldera joateko igarobidea izaten da txori askorentzat Artikutza. Urtaro aldaketarekin hasten dira pasatzen. Baina aurten ez da askorik agertu. «Garai honetarako, enarak ikusten hasten gara, eta aurten oraindik ez dira azaldu». Tarteka, hala ere, udaberria iristear dagoen zantzuak sumatu dituzte. «Kukua entzun nuen aurrekoan. Lastima dirurik ez neukala. Urtero berdin gertatzen zait», azaldu du basozainak. Hegaztiez gain, basurdeak eta orkatzak omen daude, batik bat parkean.
Bideak hostoz estalita daude, eta pagadiak dira nagusi. Pistatik gertu, lurzoru gorriaren erdian eta enborren artean ikus daitezkeen lau edo bost nartziso seinalatu ditu. «Horrela nahita prestatuta utzi ditut», dio txantxetan. «Hemendik aste batzuetara inguru hau guztiz estalita egongo da, hori-hori».
Mundutik at sentitu nahi duenarentzat leku paregabea da Artikutza. Urte osoan, San Agustin egunean kenduta, autoek sarbidea debekatuta daukate, eta, horregatik, jende gutxi ibiltzen da. «Urtean 20.000 pertsona pasatzen dira hemendik». Onddo garaian, hala ere, jende ugari biltzen dela adierazi du. Inguruari maitasuna diola nabari zaio Rubiori. «Oposizioak egin nituenean, Donostian, Ulian, lan egiteko lehen postua eskuratu nuen, Artikutzakoarekin batera. Grosen bizi naiz ni, baina nahiago izan nuen hona etorri». Suteak kontrolatu beharrak eta ehiztariek ematen dizkiote lanik gehienak. Ehiza eta arrantza debekatuta daude barrutian, baina behin baino gehiagotan egin behar izan ditu polizia lanak Rubiok.
Burdinolak eta trena
Historiaren arrastoa ikus daiteke parkean. Ukitu gabe dirudien naturaren erdian gizakiak presentzia handia zuen garai batean. XIII. eta XIX. mendeen artean Orreagako Andre Mariaren Kolegiataren eskuetan zeuden lurrak. Orduko ehun mugarri baino gehiago ikus daitezke oraindik parkean. Ikazkinak, olagizonak eta karegileak ibiltzen ziren lanean, eta basoaren ustiapenaren isla dira garai bateko lau burdinolak. Horietako baten ondoan geratu du Rubiok mendiko autoa. Ongi zaindu gabe dagoen arren, belarrez estalita dagoen eraikinaren zutoinek zirrara sortzen dute. «Pena da hemen horrelako eraikinak mantentzen esfortzurik ez egitea».
Bertako ekonomia egurrean oinarritzen zenez, zuhaitzak bota gabe egurra lortzeko modu bat jarri zuten martxan. Iraganeko teknika hartaz hitz egiten dute hainbat zuhaitzek. «Begiratu pago motz honi». Pago fin eta luzeen artean dauden batzuk seinalatu ditu. Besoen itxurako hiru edo lau adar lodi ditu enbor luzearen ordez. «Pagoa behetik, errotik moztu beharrean goragotik mozten zuten. Modu horretan, zuhaitza bizirik mantentzen zuten, eta adarretatik eskuratzen zuten egurra».
XIX. mendearen amaierarako egur ikatzaren eta meategien jardunak gora egin zuen, eta trena iritsi zen ingurura. Trenbidea mantendu da. «Minerala garraiatuz, Errenteriaraino joaten zen trena». Berezia zen, gainera, urarekin egiten baitzuen kontrapisua. Europan Portugalen bakarrik omen dago gisa horretako tren bat.
1919an parkearen norabidea erabat aldatu zen. Donostiako Udalak erosi zuen lurra, ur horniketarako erabiltzeko, eta milaka zuhaitz sartu ziren; ingurua biziberritu egin zen. Geroztik osasuntsu dago basoa; ez du egur faltarik. «Jendea askotan harritzen da lurrean, hilda, egur asko ikusten duelako. Eta ea zergatik ez dugun garbitzen esaten digu. Hildako egurra bizirik dagoen basoa da», esan du Rubiok. «Eroritako egurra oso garrantzitsua da baso batean. Ongarri bilakatzen da».
Donostiako Udalarena da, baina Goizuetako lurretan dago Artikutza. Añarbeko urtegia eraiki zenetik, Enobietako urtegia ur gordailu izateko erabiltzen da bakarrik.
Natur eskola
Zortzi pertsona bizi dira gaur egun parkean. Natur eskolara joaten diren haurrek eteten dute auzoko lasaitasuna aste barruan. Zarauzko (Gipuzkoa) Salbatore Mitxelenako lehen hezkuntzako haurrak gustura daude gurasoengandik urrun. Aurreko egunean egindako mendi bueltak ez ditu nekatu; gauarekin kexatzen dira. «Irakaslearen zurrungekin ez dugu batere lorik egin», dio Naiara Asironek, txantxetan. «Hau hogei aldiz joan da komunera», ondotik June Paredesek lagunari.
Naturarekin harremanetan jartzeaz gain, parkea bisitatzeko eta ezagutzeko baliatzen dute eskoletako ikasleek. «Artikutza izugarri ezezaguna da. Jendeari galdetu eta izena entzuna dute, baina askok zalantzak izaten dituzte mapan non dagoen esateko orduan. Ez dakite zer galtzen duten», esan du Rubio basozainak.
Ezarian. Urtaro aldaketa
Lozorrotik esnatu ezinda
Udaberria hasi da gaur goizaldean, eta ohi baino beranduago dator. Urtaro aldaketa oraindik ez da askorik nabari naturan. Artikutzako zuhaitzetan ez dago hostorik, eta lorerik apenas dagoen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu