MARATILA
Ludmilla
Cimitero. Hilarrien uhartea. Ilunabarra. Aireak lohi usaina du. Motorrezko ontzien asotsa Veneziako urmaelean. Cimiteroko zaintzaileak megafonoz dio ateak hestera doazela. Ontziralekuan, hiru gara bakarrik vaporettoaren zain. Adoleszente bat, bakarrik. Haren T-shirt zurian izkribu berdez, «The days of our society are numbered». Ez da vaporettoan iganen. Fte Nove, Ospedade, Celestia, Bacini.... S. Pietroko ontziolan jaisten gara. Amarralekuan, Matamauco kargaontzia. Garabien beso artikulatuak. San Pietroko karriken dedaloa. Eliza utziaren kalostrapearen atarian norbaitek (emazte batek ene ustez) buru borobila -eta begiak berdin- dituen katu baten potreta kolatua du. «Persa gatta persiana exotic (pelo corto) di 5 anni. Zona s. Pietro di castello. È una gatta di taglia media risponde al nome di Ludmilla, è un pó schiva é tende a nascondersi in presenza di estranei. Molto docile non graffia e non morde. Non ha collare ma ha il microchip. Se la vedere vi prego di contattarmi offro ricompensa, è molto importante per me!». Kalostrapearen gainean, egoitzak badira (duela guti arte Ziburuko Errekoletoetan bezala). Leiho berdeen lerroa. Zerratuak anitz. Kalostrapean, arkuen harmonian, Mussoliniren gazte mugimendu faxisten zur grisezko plaka higatua (nehork ez kendua). «Con venerazione ed amore i balilla della scuola Gaspare Gozzi e le piccole italiane della scuola Edmondo de Amicis»-koak oroitzen direla Giovanni Sanguineti tenienteaz, Eritreako gerlan 1891ean hila izan zenaz. Kanpoan, Campo S. Pietron, eguzki apaltze. Sei emazte adineko errondan jarriak. Kalakan. Udako arropa mahuka gabetan. Haien oihalezko kadiren kolore biziak. Laranja, blu, gorri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu