Lur azpiko ondarea agerian

Zugarramurdi, Sara, Ekain... Euskal Herria beste ikuspegi batetik ezagutzeko modua dira haitzuloak

Sarako harpearen barrualdea. GAIZKA IROZ.
Adrian Garcia.
2011ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Mitologiako pertsonaiei lotuta daude Euskal Herriko haitzuloak. Zulo horiek ezagutuz joan ahala, duten edertasunaz eta historiaz jabetu eta turistikoki ustiatzen hasi dira azken urteetan. Euskal Herria beste ikuspuntu batetik ezagutzeko aukera ematen duten hainbat kobazulo daude. Lur azpiko pasabide estuek eta haitzuloek goiko munduarekin zerikusi gutxi duen beste unibertso bat aztertzeko parada ematen diote bisitariari, lurraldea barnealdetik ezagutzeko aukera. Urte luzez sorginen zein historiaurreko gizakien gordeleku izandakoek naturaren jokabide bitxiak aztertzeko modua ematen dute.

Zugarramurdi, Sara eta Ekaineko haitzuloak dira hiru adibide, baina Euskal Herriko lur azpiko txoko askotan goza daiteke denborak eta uraren higidurak sortutako parajeez. Horietako asko, gainera, bisitariak hartzeko prestatu dituzte, eta geologia, historia eta mitologia uztartzen dituzten bisita gidatuak eskaintzen dituzte bertan.

Zugarramurdi inguruko leizeek gertaera historiko ilunek egin dute erakargarri. Sorginen Leizean deiturikoan akelarreak antolatzen omen zituzten. Horretan oinarritu zen, behintzat, Inkisizioa 1609. eta 1610. urteen bueltan Zugarramurdiko ehundik gora lagun epaitzeko. Horietako 11 herritar sutan erre eta beste sei torturapean hil zituzten, akelarreetan parte hartu izana egotzita. Prozesu hark herriaren ospea zikindu bazuen ere, egun historia hori baliatuz erakartzen dituzte bisitariak. Sorginen Museoak garai hartan gertatutakoaren berri ematen du, eta akelarreak egiten zituzten haitzuloa ere bisita daiteke.

Sara eta Ekain

Historiaurreko gizakien garaitik orain dela mende eskas bat arte maizterrak izan dituzte Sarako haitzuloek. Gizakiek eguraldiaren zakartasunetik eta animalia basatietatik babesteko gordeleku gisa erabiltzen zituzten lekuok. Horren erakusgarri dira Sarako harpeak. Gutxienez 45.000 urte dituzten karrakagailu eta beste aztarna batzuk aurkitu dituzte. Erromatarren garaiko txanponak ere aurkitu dituzte leizeotan, eta orain gutxi arte kontrabandistek euren merkantziak gordetzeko erabiltzen zituzten. Egun, ordubeteko ibilaldi batean holografia sistema batek historiaurreko bizitza islatuko du kobazuloko paretetan. Bisita Joxemiel Barandiaranek mitologian utzitako ekarpena jasotzen duen museoarekin bukatuko du bisitariak.

Bisitari uholdeak jasangaitza egin zuen Ekaingo kobazuloetako margolanen egoera. Hori dela eta, erreplika bat eraikitzea erabaki zuten, benetako leizetik 600 bat metrora. Laugarren aroko artearen zaldi samalda baten marrazki bikainenak gordetzen ditu Ekaingo leizeak. Ekainberriko erreplika egitean xehetasun guztiak zaindu dituzte, eta iluntasunak, soinuak eta tenperaturak bisitaria beste aro batera eramango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.