Laborantza

Lurrama azoka hasi da Miarritzen

Gaurtik igandera, usaiako baserriko kabala, animazio, bazkari eta merkatuaz gain, Okzitaniako Provence-Alpes-Cote-d'Azur eskualdeko ekoizpenak ezagutzekoa emanen du azokak; mintzaldiek bioaniztasuna ukanen dute gai nagusi.

Ostiral goiza haurren artean iragan dute kabalek. BOB EDME
Berria
2017ko azaroaren 10a
08:14
Entzun

Bioaniztasunaz goza! lelopean, gaur hasi eta igande arte Miarritzeko Irati erakustazokan (Lapurdi) izango diren mintzaldi, mahai inguru eta filmen bidez, Euskal Herriko etxaldeetan lantzen den bioaniztasunaren garrantzia nabarmentzen ari dira.

Azokaren hamabigarren aldia dutela, Okzitaniako Provence-Alpes-Cote-d'Azur eskualdea gehiago ezagutzeko aukera eskaintzen dute: Laborarien Konfederazioa sindikatuko laborariek ordezkatzen dute eskualdea. Iñaki Berhokoirigoin Lurramako presidenteak azaldu duenez, eskualdez aldatu nahi izan dute, azken urteetan mendi eta hazkuntza bertsuko eskualdeak gonbidatu baitituzte. Hala, Provence-Alpes-Cote d'Azurren «eguzki gehiago badute, eta, ondorioz, hemen aurkitzen ez diren mozkin batzuk atzeman ahal dira», hala nola fruituak, arroza, eztia, sendabelarrak eta ardoa. «Eskualde aberatsa da, eta ekologikoki Frantziako Estatuko lehen eskualdea da», azaldu du.

Aitzineko urteetan bezala, dela bazkari, mintzaldi, erakusketa, zernahi hitzordu eskaintzen dituzte. Xehetasun guztiak beren webgunean aurki daitezke.

Hori bai, haurrek leku berezia izaten segitzen dute. Ostiral goiz honetan bertan ikastetxeetako 1.000 haur biltzen ari dira azokara, Baionako Etxepare Lizeoko ikasleen laguntzarekin: «Gure geroa diren heinean eta erakusten duten interesa kontuan hartuta, haurrek euren lekua dute», esan du Berhokoirigoinek. Hala, 850 metro koadroko karpa izango da haientzat: haurren etxalde pedagokikoa izango da bertan, abentura ibilbidea, herri kirolak, puzgarria, zentzuak lantzeko eta baratze tailerrak, ipuin irakurketak, margo tailerrak, egurrezko jokoak...
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.