Eguerdiko 12:00k, Agoizko herriko plazan (Nafarroa) bada jendea, baina ez asko. Elizako kanpaiak jo ditu hamabiak. Ondoren, udaletxeko erlojuak jo ditu. Pasatu dira hiru minutueta sirena hotsa entzuten hasi da. Bi minutu iraun du soinuak. Plazan dauden herritar guztien ahotan esaldi bera: «Ez da entzuten». Handik ordu laurdenera berriz entzuten da sirena, laburrago eta lehen bezain motel. Simulazioa bukatu dela adierazten du. Francisco Javier Engita alkatea lasai dago. «Sirenak ongi funtzionatzen zuen ikusteko izan da proba. Ez da horrela izan. Ba, moldatuko dugu».
Itoizko urtegiko (Nafarroa) larrialdi planaren simulazioa egin zuten atzo urtegiaren inguruko herrietan, tartean Agoitzen. Herriko plazan gehiago ziren komunikabideak herritarrak baino. Plazan zeuden Itoizko Solidarioak taldeko kideak ere. Hamabiak jo aurretik udaletxera sartu ziren taldeko hiru lagun, eta pankarta bat zintzilikatu zuten eraikineko leihoetatik. Hiru segundoan Agoitzen ez dago salbatzerik. Itoiz hustu, irakur zitekeen pankartan. Plazan zeuden bestetzuek Nafarroako Gobernuak, Espainiakoak eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoak prestatuko plana «adarjotzea» dela zioten eskuorriak banatu zituzten. «Ez du balio inor salbatzeko. Segundo eskas batzuetan ezinezkoa baita toki ziurrera iristea», irakur zitekeen idatzian.
Erakundeok 11.000 liburuxka banatu dituzte herritarren artean, urtegiak gainezka egingo balu, prest egoteko. Urtegiaren olatuak urperatuko ez lukeen tokira joatea eskatzen zaie herritarrei idatzia. Agoiztarren kasuan, Angilaerrekako erretenaren ondoan dagoen futbol zelai berrira. Egoera horretan, herritarrei etxetik azkar ateratzea eta berokia eta oinetako egokiak, eskuargia eta sakelako telefonoa eramatea gomendatzen zaie. Herrian bi bozgorailu jarri dituzte, bata urtegiaren ahoan eta bestea Irati ibaiak zeharkatzen duen errotan. Plazan sirenak noiz jo zain zeuden herritarrak erlojuari begira zeuden. Jo zuten 12:00ak, baina sirena hotsik ez. Hiru minutu geroago hasi zen entzuten sirena. «Hau ez da etxean, ez autoan zoazenean entzuten. Autoen soinuek estali egiten dute. Lurrikarak hori baino askoz hobeki entzuten dira», zioen Bixentek, eraikuntzan lan egiten duen 34 urteko agoiztarrak.
«HONEZKERO HILDA GEUNDEN». Ondoan zuen Mikel laguna ere harrituta zegoen bolumenarekin. «Honezkero hilda geunden; olatuak Zaragozaraino eramanak gintuen. Ibai ondoan dagoen bozgorailua txikia da, oso behean dago eta ez da entzuten. Larrialdi plana lotsagarria da», erantsi zuen. Iritzi berekoa da Edu Ardanaz, urtegiak kalte egindako auzo elkarteko kideak. «Larrialdi plana duela lau urte probatu behar zen, pisu probak egiten hasi zirenean. Barregarria litzateke zerbait larria gerta daitekeela jakinen ez bagenu. Ez dago denborarik plana betetzeko». Inguruan zegoen Elena Alvarez, eta berak ere ez dela entzuten zioen. «Ez du soinurik egiten. Ez da entzuten. Hobe ezkilak jotzen badituzte. Beste toki batzuetan jarri beharko lituzkete». Alvarez propio joan zen plazara bere jantzi denda itxi ondoren. Itoizko larrialdi plana 2002. urtean onartu zuten. Plan horrek lau hondamendi aurreikusten ditu; bi presa bakoitzeko. Bada, datu beldurgarriak ematen ditu planak. Konparazio batera, kasurik larrienean -presa nagusia eurite garaian hautsiko balitz-, Agoitzera segundo gutxian ailegatuko litzateke ura.
Alkatea ez zegoen kezkatua. «Udal langileak banatu ditut herrian barna sirena ongi entzuten den jakiteko. Ez bada horrela, moldatuko dugu. Hau proba bat besterik ez zen, eta lasai gaude». Atzoko proba eta bi sirenak nahikoa diren aztertuko dute. «Beste ziurtasun bat da lurrikarak gertatzen direnerako. Dena dela, lurrikara handi bat gertatzen bada, Agoitzen ez da etxe bakar bat ere geldituko».
Lurrikarak hobeki
Itoizko urtegiaren larrialdi plana probatzeko sirena hotsak oso motel eta agindutako ordua baino beranduago entzun dira Agoitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu