Ezarian. Geltoki zaharrak

Lurrunik gabeko geltokiak

Antzinako geltokiak zaharberritu eta beste erabilera bat eman diete Euskal Herriko toki askotan. Ondare historikoa berreskuratu eta herritarrei beste zerbitzu batzuk eskaintzeko aukera polita ematen du.

Geltoki izaerari tinko eutsi dio Lizarrako tren geltoki zaharrak. Autobus geltokia da egun. BERRIA.
Adrian Garcia.
2012ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Abiadura handiko trenak eta geltoki intermodalak eztabaidagai diren egunotan, modernotasunetik urrun, badaude oraindik antzinako xarma berezi hori gordetzen duten geltoki zahar asko. Egun eraiki nahi dituzten geltoki eta tren moderno horien aitzindariak dira. Aspaldi utzi zioten azpiegitura zaharkitu horiek trenak jasotzeari, bidaiarien joan-etorrien lekuko izateari. Ez da trenik ailegatzen geltoki horietara; azken trenaren lurruna aspaldi igaro zen. Geltoki zahar horietako asko erabat zaharkituak daude, utzikeriak erasanda. Beste toki askotan, ordea, antzinako tren geltoki horiei darien historia gorde eta mantendu dute. Beste erabilera bat eman diete, behinola izandako izaera berpiztuz. Horrenbeste herritarrei garraio zerbitzu publikoa ematen zieten geltokiak beste zerbitzu publikoak eskaintzeko guneak bilakatu dira. Orain gutxijakin izan denez, Zestoako bainuetxeko geltoki zaharraren eraikinak Aranzadi Zientzia Elkarteak erabiliko ditu aurrerantzean ikerketarako.

Museoak, konferentzia aretoak, etxebizitza pribatuak, gaztetxeak, turismo bulegoak, antzeztokiak... Hamaika erabilera eman dizkiete Euskal Herriko hainbat tokitan geltoki zaharrei. Ondarea berreskuratu eta herritarren esku uzteko aukera polita eskaintzen du.

1. Urolako burdinbidea

Tren geltoki zaharren arimaren berreskuratzearen adibiderik garbiena da Azpeitiko geltoki zaharrarena; antzinako trenen lurruna oraindik usain daitekeen geltoki bakarrenetarikoa da. Eta ez soilik usaindu. Euskal Trenbidearen Museoan Aurrera lurrunezko trenak gidatzen dituen bagoietan sar daiteke bisitaria, eta Azpeititik Lasaoko geltokirainoko bost kilometroak joan den mende hasieran egiten zituzten gisara egin, iraganera jauzi eginez.

Euskal Herriko burdinbidearen historiaren errepaso sakona egiten du museoak. Industri Iraultza ekarritako lehen lurrun makinak, orain gutxi eraikitako tranbia modernoak, antzinako tailer mekanikoa, Europako treneko erlojugintza erakusketarik osatuena, eta burdinbideetan XIX. mendetik gaurdaino erabilitako uniformeak ikus daitezke.

Azpeitiak eta inguruek garrantzi handia izan dute Euskal Herriko burdinbidearen historian. Herritik igarotzen den Urola ibaiak eman zion izena Zumarragatik Zumairaino zihoan trenbideari. 1926an inauguratu zuten Urolako trenbidea, eta 1988. urte arte erabili zuten.

Urola ibaia bidelagun zuela, bi herriak lotzen zituen 34 kilometroak egiteko 70 minutu behar zituen trenak. Orotara, 15 geraleku zituen. Horietako zenbaitzuei beste erabilera bat eman diete.

Zumarraga eta Urretxuko gazteek Urretxuko tren geltoki zaharra gaztetxe bihurtu eta euren aisiarako jarduerak egiteko baliatzen dute. Olozagako geltokia, berriz, nekazariek estalgune moduan erabiltzen dute. Azkoitiko tren geltokiari erabilera publikoa eman dio udalak, eta herriko udal-liburutegia da egun. Loiolako geltokia Azpeitiko Udalak biltegi moduan erabiltzen du. Iraeta eta Arroako geltokiak egun okupaturik daude. Zumaiako geltokia da Urola trenbideko geltokietatik antzinako erabilera mantentzen duen bakarra, Bilbo-Donostia Euskotren trenbidearen herriko geltokia baita. Zumaiko portuaren geltokia, berriz, osasun etxea bilakatu dute.

Zestoako bainuetxeko geltokiaren eraikinak utzita egon dira trena azken aldiz iragan zenetik. Aurrerantzean, baina, Aranzadi Zientzia Elkarteak erabiliko ditu geltokia eta hari atxikitako eraikinak. Elkartea bera arduratuko da eraikinak egokitzen, eta ikerketa zientifiko historietarako erabiliko du. Eraikin nagusiaren beheko solairuan interpretazio gunea jarriko dute, eta goiko solairuak lanerako erabiliko dituzte. Eraikinaren erabilera ez zaio halabeharrez esleitu zientzia elkarteari. Izan ere, inguruan garrantzi handiko ondare-osagaiak daude, hala nola Irikaitzeko aire libreko aztarnategia, XVI. mendeko Lili jauregia, Ekaingo leize zuloaren erreplika, eta XVI. eta XIX. mende arteko Lili errekako burdinolak eta azpiegiturak.

2. Plazaolako burdinbidea

Plazaolako trenbide bezala ezagutzen zen Iruñea eta Donostia lotzen zituen trenbide estuko burdinbidea. Hasiera batean, Plazaolako meatzetatik Andoainera mea garraiatzeko eraiki zuten. Andoainen Iparraldeko trena erabiltzen zuten materiala Pasaiako portura garraiatzeko. 1914. urtetik aitzina, Iruñetik Donostiarabidaiariak garraiatzen hasi ziren, harik eta 1958ean behin betiko itxi zuten arte. Gaur egun, bide berdea egin dute ibilbidearen zati handi bat. 1953ko uholdeek eragindako kalteek eta errepideen lehiakortasunak bultzatu zuten trenbidearen itxiera.

Lekunberriko antzinako tren geltokia Plazaolako bide berdeko eta inguruko turismo bulegoa da egun. 1998an zaharberritu zuten, eta bizikletak alokatzeko gunea ere jarri dute. Alboko eraikinean, lehen biltegi izandakoan, kafetegia egokitu dute.

Lekunberrikoaren antzera, Leitzako geltokia ere zahar berritu eta aterpe bat eraikitzeko asmotan dabil Nafarroako Gobernua. Krisialdiak, baina, lanak atzeratu ditu, eta 2014. urterako espero dute geltokia guztiz osatua egotea. Bestetik, Uitzi eta Latasako geltokiak etxebizitza pribatuak dira.

3. Vasco-Navarro burdinbidea

Bergara, Gasteiz eta Lizarra, lotzen zituen Vasco-Navarro zeritzon burdinbideak. 1889. urtetik 1967ra bitartean egon zen martxan. Anglo trenbidea ere esaten zitzion, Ingalaterrako kapitalak lagundu baitzuen burdinbidea eraikitzen.

Ibilbideko hainbat tarte garai ezberdinetan eraiki zituzten, eta horrek geltokietako arkitekturan arrastoak utzi ditu. Leintz Gatzagatatik Gasteizerako tartea eraiki zuten lehendabizi. Ibilbide horretako geltokiak sinpleak dira. Solairu bateko eraikinak dira, eta trenbideko langileek bizitzeko erabiltzen zituzten. Erretana eta Urbina herrietako geltokiak zutik diraute, eta etxebizitza gisa erabiltzen dituzte. Landako geltoki zaharra, berriz, kultur etxea bilakatu dute.

Leintz Gatzagatik Bergararaino doan tartean geltoki gehienak anglosaxoi estiloan eraiki zituzten, eta garaiko Ingalaterrako industria eraikinen antza dute: malda handiko bi uretako teilatuak, teilatu hegal handiak eta harriekin landutako hormak. Tarte horretako Eskoriatzako geltokia udal biltegi bilakatu dute, eta Arrasatekoa, berriz, enplegu bulegoa. Oñatiko geltokiak, ordea, ez ditu ezaugarri horiek betetzen, herriko jauregitxoen antzera eraiki baitzuten. Teilatuak malda gutxi du, eta hormak harlanduz eginak daude. Leiho eta ateek puntu erdiko arkuak dituzte. Correos posta zerbitzuko bulegoa da egun.

Gasteiztik Lizarrarako burdinbidea 1920 eta 1927 urteen artean eraiki zuten, eta zerikusi gutxi du Bergarako linearekin. Tarte horretako burdinbidea diseinatu zuen arkitekto berak egin zituen geltokiak, Alejandro Mendizabal Peñak. Eklektiko estiloan eraiki zituzten, eta Ingalaterrako jauregitxoen antza dute geltokiok.

Acedo-Los Arcos geltoki zaharreko bi solairuko eraikina etxebizitza pribatua da. Antzineko geltokiaren alboan trenbidearen zentral elektrikoetako bateraiki zuten. Eraikina herriko udaletxea da, eta zentrala udal igerilekuetako zerbitzuetarako eraikin gisa erabiltzen dute.

Vasco-Navarro burdinbideko harribitxia da Lizarrako geltoki zaharra. Neoerromaniko estilokoa, herrian bertan dagoen XII. mendeko Nafarroako erregeen jauregia ekartzen du gogora. Trenen lurrunik ezin usain daitekeen arren, geltoki izaera mantentzen du oraindik, herriko autobus geltokia baita.

4. Miarritzeko Gare du Midi

Urola, Plazaola eta Vasco-Navarro burdinbideek jarduera ekonomikoa bultzatzeko berebiziko garrantzia izan bazuten ere, ahaztu beharrik ez dago Euskal Herrira iparraldetik egin zuela trenak lehen agerraldia, Baionan hain zuzen ere 1855ean. Miarritzeko Gare du Midi 1911. urtean eraiki zuten. Garai haietatik gordetzen du Lapurdiko hiriak turismo gune kutsua. Itsasoko uren onuragarritasunak erakarririk, Napoleonek udako egoitzatzat hartu zuen Miarritze. Art Nouveau fatxadako eraikina biltzar jauregia da egun. 1980. urtean utzi zioten geltokia erabiltzeari. 1991n guztiz eraberritu eta 1.400 eta 230 lagunentzako tokia duten bi areto egin zituzten. Urte osoan ekitaldi eta ikuskizun mordoa antolatzen dituzte, hala nola automobilen erakusketak, musika emanaldiak...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.