Maratila

Madalenak

santi leone
2011ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Kokteletan, errusiar zuria dut gustukoena, eta, madalenetan, ahabiak daramatzatenak. Horiek, The Mentalist telesaileko Patrick Janek jaten dituelako, eta hura, Jeff Bridges-ek edaten zuelako Lebowsky Handia filmean. Horrelakoxea bainaiz, bai, nortasunik gabea, eragin heteroklitoen sasikumea.

Alta, egun batean, aspaldian, Iruñeko La Coloniale ostatuan madalena ahabidun bati hozka egitekotan nengoelarik, zera etorri zitzaidan burura, ea nire jarduera gastronomiko horrek aurrekari historikorik ote zuen; alegia, gure arbasoek madalenarik jaten ote zuten. Hasmentako kezka, larrialdi bihurtu zen ohartu nintzelarik beharbada madalenak zer ziren ere ez zekitela (eta, are gutiago, madalena ahabidunak). Madalenak janez ospatuko zuten baskoi bipilek Orreagan izandako garaipena? Tuterako gazteluan, krema katalana nahiago ote zuen Antso Azkarrak? Quiche lorraine-a eskatuko ote zuen Pedro Mariskalak bere azken afarirako? Zerekin eztituko zuten Joanesek eta Katalinak erbesterako bide samina?

Dagoeneko, artxibo guziak ditut arakatuak, baina oraindik ez dut madalena horien papur ñimiñorik ere harrapatu gure iraganean. Jendeak, jakina, ez nau ulertzen. Erromantikotzat jotzen nau. Berriki, lagun batek galdegin zidan zer dela-eta nenbilen hain tematua Iñigo Aristaren dietarekin. Madalenak gustuko banituen, jateko eta kitto.

«Bai», erantzun nion, «baina gure arbasoek ere antzeko zerbait jaten zutela jakiteak ez al ditu gozoago egiten?». «Ez dakit, bada; nik, gozoago egiteko, marmelada paratzen diet. Punttan».

Isilik gelditu nintzen, zer deitu ez nekiela, ezjakin, ergel edo axolagabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.