Bihar hasiko da Gasteizko Magialdia, eta hamar herrialdetako berrogei mago inguru bilduko ditu. Nazioarteko espezialista onenak bilduko dira 50 agertokitan 70 ekitaldi baino gehiago eskainiko dituen jaialdian.
Aste osoan, hiriko txoko askotan aurkitu ahal izango dira aho zabalik gelditzeko moduko ikuskizunak. Aleksey Timotenko, Arno, Bebel, Benjamin Viannney eta nazioartean magiaren elitean diren beste hainbat pertsonaia ibiliko dira Arabako hiriburuan.
Timotenkoren kasua oso berezia izango da. Magoen irakasle denak lehen aldiz aterako ditu Kiev-eko bere magia eskolatik ematen dituen ikasgaiak. Timotenkok hitzaldi bat eskainiko du, hori bai, soilik akreditatutako magialari profesionalentzat. Ukrainarraz gain, Jean Merlin mago ezaguna ere izango da.
Gasteizen ariko diren beste magoetako bat Arno frantziarra da. Papagaiekin egiten duen ikuskizunak originaltasuna emango dio jaialdiari. Benjamin Vianney izango da presente egongo den beste bat; Vianneyk, teknologia berriez baliatuz, magia birtuala eskainiko du. Efektu bereziez jositako ikuskizuna izango da.
Kristalezko boletan eta botere psikikoetan sinisten dutenek ere izango dute zer ikusia. Ausartzen denari, Aceves doktoreak iragana, oraina eta etorkizuna aztertuko dio.
Aurtengo Magialdiak Gasteizko Alde Zaharrari jarriko dio arreta gehien. Bibat museoa eta Ortzai antzerki tailerra erabiliko baitira, besteak beste, 40 lagunentzako lekua duten ikuskizunak emateko. Ez dira bakarrak izango, ordea, kaleko hainbat txokotan egongo baitira magoak, ikusleekin batera jolasean.
Katrin Weißenseen artistaren ikuskizunak emango dio hasiera jaialdiari bihar, 20:30ean. Weißenseen, argia botatzen duten panelen gainean hondarra banatuz, irudi harrigarriak egiteko gai da.
Katia gorputzik gabeko emakumeak eta Acebes doktoreak emango diote jarraipena jaialdiari astearte eta asteazkenean, 18:00etan.
Ostegunean, aurtengo berritasun garrantzitsuenetako bat ikusteko aukera izango da. Perez Jaunaren arkakusoen zirku erraldoia. Ikuskizun horretan, arkakuso talde baten akrobazia eta abilezia harrigarriak ikusi ahal izango dira, 18:00etan. Gertuko magiaren ordua iritsiko da ondoren, Alde Zaharrean. Ikuskizun horiez gozatzeko, ordu erdiko ibilaldiak antolatu dituzte Sokaren Etxetik, Bibat museotik eta Ortzai zinema eta antzerki tailerretik. Gainera, zinema ikuskizunak ere izango dira: El gran Houdini eta El último truco filmak eskainiko dituzte.
Egitarautik kanpo, magiagile batzuk Txagorritxuko ospitalera joango dira, han gaixotuta dauden edo gaixotasun kronikoekin dauden umeak animatzera.
Ostiralean, Jerome Helfenstein eta Claude Brumek familian ikusteko magia saioa eskainiko dute, 19:00etan. Ondoren, gertuko magiari emango diote abagunea. Nazioarteko mago onenek, banan-banan, truko onenak erakutsiko dituzte. Haien artean, David Minkin, Mathew Wright, Bruno Tarnecci, Joshua Jay eta beste hainbat izango dira.
Nazioarteko eszena magia galaren garaia izango da larunbatean, 18:00etan. Horretan, Cuvic Act, Ricardo Harada eta Mike Chao artistak izango dira. Igandean, kale magia izango da Brando y Silvana, Willy Monroe eta Christian Miroren eskutik.
Txikientzako tailerrek, magiazko tresna eta kartelen erakusketak, argazki txapelketak eta hiriko gozotegi eta jatetxeek bultzatutako ekimen gastronomikoek beteko dute Magialdia jaialdiaren egitaraua.
Ikuskizunak ikusteaz gain, efektu bisualak dituzten pintxo magikoak probatzeko deia egin dute antolatzaileek. Baita benetako magia jokoak diren postreak probatzeko ere, momentu dibertigarri bat eskainiko dutela ziurtatuz.
Magia festa Gasteizen
Hiriko txoko guztietara iristeko helburuarekin, 50 agertoki erabiliko dituzte 70 ikuskizun eskaintzekoAleksey Timotenko mago irakasleak hitzaldia emango die mago profesionalei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu