Zirkuak hartuko ditu Bilboko Errekalde auzoko kaleak asteburu honetan. Zirkualde jaialdia iritsi da hirugarren urtez jarraian. Atzo hasi zen, eta bihar arte, zazpi zirku konpainiaren artean guztira hamalau ikuskizun eskainiko dituzte. Errekaldeko plaza izango da jaialdiaren erdigunea, beste behin ere.
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatu du,Koblakari Bizkaiko Malabaristen Elkartearen laguntzarekin. Urtero, jaialdiak ikusle asko izaten ditu, eta hori da, hain zuzen ere, jaialdiaren helburua. Hiria animazioz bete, eta hiritarrei kaleko artea hurbilaraztea. Horrez gain, hemengo taldeei eta kanpotik etorritako konpainiei jendaurrean aritzeko ateak ireki nahi dizkie. Artistei euren proposamenak aurkezteko lekua eman. Zirkua osatzen duten adar ezberdinak ikusi ahal izango dira. Akrobaziak, eskujokoak, oreka ariketak, kaleko antzerkia, musika, clown-ak eta kabareta. Ikuskizunek jendearen parte hartzea bultzatuko dute, eta doan dira.
Eguerdian hasiko dute eguna,gaur, emanaldi bitxi eta dibertigarri batekin. El gran circo de pulgas del Señor Perez aspaldiko ikuskizuna da; XIX. mendean du jatorria. Gaur egunera moldatutakoa eskainiko dute, eta bi saio egongo dira. Goizeko bi emanaldietara joan ezin duenak arratsaldean ere izango du aukera, errepikatu egingo baitute. Hiru saio egingo dituzte.
Debote Enbote taldeak Vademekun egingo du iluntzean. Tadeo clown-a izango da ikuskizuneko protagonista, bere etxeko liburutegian liburu bat irakurtzen ari dena. Eta, magia eginez, ikusleak txundituko ditu, gazteak zein helduak.
Ondoren, Los Kikolas konpainiaren Dr Ficante-rekin gozatzeko modua izango da. Antzinako kaleko saltzaileen bizitzan oinarrituta dago emanaldia. Ficante anaien istorioa kontatzen du. Azokaz azoka igarotzen dute denbora biek, eta hizlari trebeak izaki, ezinezko diruditen objektuak saltzeko izugarrizko trebezia dute.
Bihar amaituko da jaialdia, bi emanaldirekin. Arratsalde pasa ederra egiteko aukera egongo da, beraz. Lehendabizikoan, Xabi Larreak Up!!! ikuskizunean erakutsiko ditu bere abileziak. Euskal Herrikoa da, eta parte hartzea bilatzen du ikusleen artean. Pertsonaia egoista batetik abiatuta, pasioaz, energiaz eta ironiaz jokatuko du. Orekaren eta grabitatearen mugekin jolastuko da, eta irudi ikusgarriak sortuko ditu. Ikusleak, barre egiteaz gain, txundituta ere geratuko dira zenbaitetan.
Cia Circortitoren La risa es bella-ko protagonista oso ezberdina da. Diegueteri izena du, eta bihurria, maliziarik gabekoa eta zoro samarra da. Oreka ariketak daude, eta umoreak berebiziko garrantzia hartzen du. Errekaldeko plazan biltzen direnek ongi pasatzeko eta gozatzeko aukera izango dute.
Koblakariren kalejira
Plazako ikuskizunez gain, inguruko kaleetan ere egongo da zer ikusi eta zerekin gozatu gaur eta bihar. Koblakari Bizkaiko Malabaristen Elkartea arduratuko da auzoari kolorea eman eta jendea animatzeaz. Kalejiran ibiliko dira batera eta bestera, inguruak alaituz, eta taldeko kideen trebeziak bat baino gehiago harrituta utziko du.
Magia, umorea, antzerkia eta eskujokoak Zirkualden
Bilboko Errekalde auzoko plazan hainbat zirku konpainiak ikuskizunak emango dituzte gaur eta bihar
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu