Magoek normalean ez dituzte euren sekretuak azaleratzen. Trikimailuak trikimailu dira, eta bakoitzak bere sekretuari eusten dio. Baina mago berriak sortu behar dira, kartekin trikimailuak egiten dituztenak, edo kapelutik untxiak ateratzeko dohaina daukatenak. Alegia, ondorengoak behar dituzte. Magiak haur eta helduak liluratzen jarraitu behar baitu, fisikaren legeak (ustez) urratzen. Eta, horretarako, transmisioa behar da. «Betiko galdera izaten da: non ikas dezaket magia egiten?», dio Valentin Morok, Valen Magoak.
Galdera horri urteetan hainbat erantzun eman dizkio, baina orain, bakarra emango dio: Bilboko magia fabrikan. Larunbat honetan jarri da martxan Euskal Herriko lehenengo mago eskola. «Ia hogeita hamar urte daramatzat han eta hemen hainbat ikastaro ematen», dio. Baina egiten zuen orok ez zuen jarraipenik denboran eta lekuan. Beraz, arazo horri buelta emateko, Bizkaiko hiriburuaren erdigunean zabaldu du eskola.
Magia gizarteratzeko tresna baliagarria izango da, haren ustez, eskola berria. «Eta garbi erakusteko magia edozeinek egin dezakeela». Beraz, eskuekin iaioa ez izatea ez da aitzakia izango aurrerantzean. «Magia futbolean ibiltzea bezala da: edozeinek joka dezake, baina partidak jokatzeko federatua izan behar da, eta Athleticen jokatzeko, berriz, aparteko dohainak behar dira», dio. Hori esatearekin batera, inongo zailtasunik gabeko trikimailu bat egiten du karta sorta batekin. «Ikusten? Eskuekin baldarra izanda ere, edozeinek egin dezake trikimailuren bat». Horretarako, beraz, ikastaro soil bat jasotzea nahikoa dela zehaztu du Morok.
Eskaintza zabala
Lehen jakintza hori lortzeko, eta «lagunen artean jolastu ahal izateko», tailerrak eskainiko dituzte, adin guztietarako. «Egun bateko ikastaro horretan ikasleari magia gustatuz gero, ikastaro trinkoagoetan parte hartu ahal izango du». Baina magia, azken batean, arte bat da, eta, arte bakoitzean teknikak ezagutzea garrantzitsua baldin bada ere, berezko dohainak pertsonalak dira. «Horiek azaleratzen ere saiatuko gara».
Magia ez da haurrentzako soilik bideratutako diziplina bat, ordea. «Zazpi urtetatik hasi eta 99 urte dituen pertsona ororentzat bideratuta dago». Norbanakoak daukan logika apurtzea da magiaren funtsa, eta hori zazpi urtetik gorako haurrek egin dezakete soilik. «Haur gazteagoengan ez dauka eraginik». Horregatik, adin horretatik gorako haur eta helduentzako ikastaroak eskainiko dituzte, taldetan banatuta.
Oraingoz, adin guztietako jendea inguratu zaie. Baina eskolak berak hainbat ateak ere joko ditu ikasleak biltzeko. Esaterako, aurten adineko pertsonengana inguratuko dira magiari buruzkoak erakustera. «Zahartze aktiboaren nazioarteko urtea dela aprobetxatuz, aitona-amonek euren ilobei magia egitera bultzatu nahi ditugu», dio Morok. Eskoletara ere bideratuko dute euren eskaintza, besteak beste.
Baina oraindik ez dakite zer-nolako harrera izango duten eskolan, «magoak gara, baina ez aztiak». Edozein modutan, beste magia eskoletako erreferentziak hor daude diziplina honek sortzen duen begirunea eta jakin-minaren maila neurtzeko. Tamariz mago ezagunak duen eskolan esaterako, 300 ikasle daude, eta 400 pertsona itxaron zerrendan. «Une honetan 60 pertsonak eman dute izena eskainiko ditugun ikastaro edo tailerretarako», azaldu du Morok.
Eskaera horren arabera neurtuko dute behar duten irakasle kopurua. Oraingoz, bederen, magiaren zenbait ikuspegi biltzen dituzten bost irakasle daude magia fabrikan: Valen magoa bera, Pedro Alegria matematikan doktorea, Asier Moro haurrentzako magian espezializatua, Imanol Iturriño gertuko magian aditu, eta Niko Olazabal maila handiko magia egiten duen magoa. «Pedagogia plan bat osatuta daukagu. Eskolan ez dugu magia bakarrik erakutsiko, haren arrazoiak, taldeko ekintzak eta beste hainbat alor ere landuko ditugu», dio Morok. Esaterako, Pedro Alegriak magia oinarritzen den oinarri matematikoak zeintzuk diren azalduko du. Komunikatzeko dohainak ere landuko dituzte ikasleen artean, «magia batez ere magia baita».
Aurrerantzean magiaren lehen urratsak eta kontzeptuak ezagutzeko erreferentzia bat egongo da. Magiaren sekretua azalean geratuko da, baina trikimailuek haur eta helduak liluratzen jarraituko dute.
Ezarian
Magiaren sekretua, argitara
Euskal Herriko lehenengo magia eskola zabaldu berri dute Bilbon, eta urteetan sekretu izan diren trikimailuak ezagutaraziko dituzte. Oraingoz, 60 lagunek eman dute izena ikastaro eta tailerretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu