Plaza giro

Maindire zuriaren azpian

Hilabete da Aralarren zeropeko tenperaturak dituztela, eta agerikoak dira ondorioak. Santutegian, egunero aritzen da lanean, boluntario, Modesto Romero 'Moxo'.

Modesto Romero Moxo, atzo, santutegiko sarrera garbitzen. EKAITZ AGIRRE.
Uharte Arakil
2012ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Mozorro zuria jantzi du Aralarrek. Inauteriak iritsi, eta maindire zuria gainetik kendu ezinda daude Done Mikelen santutegia eta inguruko mendiak. Hotzaldiaren eta elurteen arrastoa agerikoa da oraindik. Ez da harritzekoa. Hilabete pasatxo da santutegian zeropeko tenperaturak dituztela. Gau eta egun, une oro. Gehienez ere, zero gradura iritsi da termometroa. Atzo, esaterako. «Hilabeteren ondoren, udako eguna dirudi», dio santutegiko bizilagun Pedro Etxabarrenek. Batez beste, zeropetik 5-10 gradu egin ditu bertan, eta, egunik hotzenean, 14 gradu. «Baina haizea izan da gogorrena, hotz sentsazioa areagotu duena».

Baldintza horietan, nekez urtuko da santutegian pilatutako elur geruza —ia bi metro daude eraikinaren sarreran—. Gauza normala da, kontuan hartuta Done Mikel 1.232 metrora dagoela. Errepidez iristeko arazorik ez dago; egunero pasatzen da elurra kentzeko makina. Gaur eta bihar, jende asko eta asko joango daeskiak, erraketak, lerak eta plastikoak hartuta.

Santutegia bisitatzera doanak, eraikinaren kanpoko aldean ikusiko du Modesto Romero Moxo, pala eskuetan duela edo elurra kentzeko makina maneiatzen. Egunero joaten da autoan Ibarratik (Gipuzkoa) santutegira, lanera, boluntario. Joan-etorrian, 100 kilometro egunero. Lau urte dira erretiroa hartu zuela, eta, tarte horretan, bi egunetan bakarrik egin du kale. Ez gehiagotan. «Inozentzio Aierbe kapilaua hil zenean, zin egin nion santutegia txukun izango nuela. Gustura nator; hemen ez daukat aspertzeko tarterik». Badu beti egitekorik. Bisitarientzat santutegiko sarrera garbitzen aritzen da neguan; jatetxea eta aldameneko eraikina txukuntzeneta garbitzen, elurrik ez dagoenean. Eta, bestela, beti dago prest bisitariarekin eta beregana jotzen duen ororekin hitz egiteko.

Etxabarren eta Moxo dira santutegiko bi biztanleak. Aldameneko ostatu zaharrean bizi da Etxabarren. Haren esku dago bisita gidatuak egitea eta eraikina barrutik zaintzea. Hiru urte daramatza han bizitzen. «Bakardadea ez dut arazo. Komertzial aritzen nintzen lehen, hitz eta pitz beti, eta isiltasuna baloratzen ikasi dut. Gainera, gutxitan egoten naiz bakarrik; bisitak egunero izaten ditugu, eta, bakarrik nagoenean, irakurtzen edo lanean pasatzen dut denbora».

Bisitariak, egunero

Astegunez, batez ere, erretiratuak dituzte bisitari. Zarauzko kuadrilla bat, adibidez, aparkalekuan autoa utzita. Mendi buelta egitera abiatu dira, baina elurretan ez dute arrastorik ikusi, eta bueltatzea erabaki dute. «Urtean bitan edo hirutan etortzen naiz, eta aspaldian ez nituen ikusi gaurko baldintzak», dio Bixente Lopetegik. Pilar Garcia iruindarra ere santutegira sartu da, Done Mikelen erretaula ikustera. «Oinez etorri naiz, autoa Guardetxean utzita». Bisitarekin batera, ia ezinbestekoa da santutegiko biztanleekin hitz egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.