Ikasleekin hitz egin, zentroko instalazioak bisitatu eta 200 lagunen aurrean azken joera gastronomikoei buruzko hitzaldia eman. Askorako eman du Ferran Adriak Basque Culinary Centerrera (BCC) egindako lehen bisitak. Lehenago ere egona zen El Bulli jatetxeko sukaldaria Donostiako gastronomia unibertsitatean, baina artean lanak bukatu gabe zeuden. Juan Mari Arzak sukaldaria, Joxe Mari Aizega BCCeko zuzendaria eta Agustin Markaide Eroskiko presidentea izan ditu bidelagun zentroko korridoreetan zehar.
«Liluratuta eta hunkituta». Horiexek izan dira Adriaren hitzak, behin bisitaldia bukatuta. BCCeko Nazioarteko Aholku Batzordeko presidente da Adria, eta ziur agertu da hemendik urte gutxira munduko erreferentzia bilakatuko dela zentroa. Horretarako, gastronomiarekin lotura duten sektore guztiak BCCera erakartzeko deia egin du.
«Zerbait desberdina eskaini». Argi du Adriak hemendik urte batzuetara BCCek erakutsi behar duena. «Peru, Singapur edo Norvegiako ikasleek hona etorri nahi izateko beste tokietan erakusten ez dutena erakutsi behar diegu». Ikasleekin hitz egiterakoan, bakoitzaren jatorriari buruz galdetu du kataluniarrak. Izan ere, ezinbestekotzat du Adriak mundura irekitzea, osagai global bat izatearren. Denbora gutxian ikasleen %70 atzerritarrak izatea gustatuko litzaioke.
Irailean bilduko da Nazioarteko Aholku Batzordea Japonian, etorkizuneko lan ildoei buruz eztabaidatzeko. Txinarekin akordio bat lortzea lehentasunezkotzat jo du Adriak. 35 milioi jatetxe inguru ditu herrialdeak, eta uste du aberasgarria izango litzatekeela hango sukaldariekin elkarlanean aritzea. 2014. urterako Nazioarteko Aholku Batzordean sukaldari txinatar bat sartzea espero dute.
BBCren proiektua ekonomia ikuspegitik begiratu beharra dagoela adierazi du sukaldariak, aberastasun eta lanpostu ugari sortzen baititu ostalaritzak. «Horregatik eskatzen dugu erakundeen babesa».
Erakundeak ez ezik, enpresak ere proiektuan inplikatzeko beharra aipatu du. Sukaldariek nazioartean islatutako itxura onaz baliatu dira elikadura enpresak, eta BCCen sartzea komeni zaielakoan dago Adria. Eroski banaketa etxeak ere halaxe ulertu du, eta BBCrekin batera Gure Zaporeak Sukaldean I. Saria aurkeztu du.
Tokian tokiko produktuak
Gizarte modernoak eragindako erritmo biziaren ondorioz, oro har, jendeak denbora gutxiago eskaintzen dio elikagaiak prestatzeari, eta horrek gaitz berriak agertzea eragin du. Aurkeztu berri duten sariarekin tokian tokiko produktuak berreskuratzea eta balioa ematea bilatzen dute.
Hego Euskal Herrian eta Espainian bizi diren sukaldari profesionalek parte har dezakete lehiaketan. Tokian tokiko produktu bat berreskuratu, eta egungo gustuetara egokitu beharko dute sukaldariek, eta euren jatetxeetan eskaini.
Errezeta aurkezteaz gain, errezeta hori nola egiten den ere erakutsi beharko dute bideo batean. Ekainaren 30ean itxiko da proposamenak egiteko epea. www.cocinandonuestossabores.com webgunean, informazio gehiago eskuratu eta lehiakideek bidalitako errezetak ikusi ahal izango dira. 12.000, 6.000 eta 3.000 euroko sariak jasoko dituzte lehiaketako lehen hiru sarituek.
Maisuaren lehen bisita
Estreinako bisita egin du Basque Culinary Centerrera Ferran Adriak. Tokian tokiko produktuak sustatze aldera, Gure Zaporeak Sukaldean I. Saria aurkeztu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu