Javier Primo. Nafarroako Erresuma futbol zelaiko atezaina

«Maitasun berezia diot; zelai hau nire etxea da»

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
2011ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Espazioaren arabera ezagutzen du Javier Primok kirola (Tabar, 1949). Ezagutu du lehen maila, bigarrena eta baita hirugarrena ere. Entrenamenduak eta munduko jokalaririk onenen aurkako partidak. Presidenteak, jokalariak eta entrenatzaileak ikusi ditu etorri eta joaten, eta izena ere aldatu du zelaiak bera bertan izan den bitartean. Leku berean aritu da berrogei urtez, baina Sadar futbol zelaiko atezaina zen lehen, eta Nafarroako Erresumakoa orain. Osasunazalea, noski. Hegazkinei dien beldurragatik, ordea, beren zelaian ari direnean bakarrik ikusten ditu bertatik bertara: «Hau da nire etxea».

Bera da zelaiko belarraz arduratzen dena, golaren marrak margotzen dituena, aulkiak garbitzeaz arduratzen dena, pipa azalak biltzen dituena... Kirolaren ondorengo kaosean ordena sortu behar duena da funtsean. Bera, eta zelaiko beste hiru langileak. «Hemen ez dago aspertzerik». Ikusezin izatea da beren lana, Primok dioenez. «Denak behar bezala egon behar du. Akatsak edo kexak daudenean bakarrik existitzen gara. Orduan bakarrik gogoratzen da jendea gurekin».

Garai batean harreman zuzenagoa zuen jokalariekin, entrenatu ere zelai nagusian entrenatzen zirelako. Baina orain Taxoaren izaten dira aste barruan. Horregatik, partidetan soilik ikusten ditu. Ona da Osasunakoekin duen harremana. Baina tentsio uneak ere badira, dioenez. Tokatu zaio inoiz aurkako jokalari haserrekorren bat geldiaraztea. «Ez dut izenik esango, baina partida zail bat galdu zuen haren taldeak Osasunaren aurka, eta hor hasi zen ateei ostikoka, eta gauzak apurtzen. Aurre egin behar izan nion azkenean. Gauza asko ikusten da hemen, zelairako tunelean».

Kirolaren buelta guztia ezagutzen du Primok bere lanari esker. Kirola gertatzen den gunea zaintzea da haren eginbeharra, azken finean, eta han biltzen dira denak: kazetariak, lehendakariak, jokalariak, epaileak, iturginak... Primok argi du bere lana zein den: «Goi mailako kirolaz ez ezer galdetu, ezer ez dakit eta. Zelai bat nola konpondu, hori bai, azalduko dizut nahi baduzu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.