Joan Colomo. Musikaria

«Maitasuna? Animaliak gara eta gauza bitxiak gertatzen zaizkigu; ez dago besterik»

Kataluniako musikak azken urteotan duen oparoaldiaren beste fruitu bat da Joan Colomo musikari bartzelonarra. Diskoa labean utzita, taldearekin etorri da Euskal Herrira, zuzeneko indartsuagoa egiteko.

BERRIA.
Edu Lartzanguren.
2012ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Joan Colomo musikariak (Sant Celoni, Katalunia, 1981) kontzertu bat emango du gaur, 21:00etan, Intxaurrondo kultur etxean, Donostian. Rafa Rueda eta PLV Havoc ere izango dira agertokian.

Familia Nafarroakoa izateak eragin al du zure musikan?

Familia osoa dut nafarra; arreba eta biok soilik jaio gara kanpoan. Ama Iruñekoa da, eta aita Larragakoa. Bartzelonara 20 urterekin etorri ziren. Hortik dator nire elebikeria patologikoa; ezin dut hitz egin katalana eta gaztelania nahastu gabe. Musika aldetik, oraindik ez naiz hasi diskoetan txalaparta sartzen, baina gutxi falta zait horretarako.

Gai sakonei ikuspegi absurdo samarra ematen diezu zeure hitzetan. Nondik datorkizu joera patafisiko hori?

Ez dakit idazten, eta hortik datoz, beraz. Nahiko nuke gai sakonak landu eta umore sena izan, baina gero ez dut lortzen. Ez dut pentsatzen zer egin behar dudan; ahal dudana egiten dut, eta beti azken momentuan. Hori da dagoena.

«Dena berdin zait», abesten duzu. Egia al da?

Guk gaztetatik egin izan dugu musika; nerabe ginenean, punk samarrak ginen, eta argiago genituen gauzak. Heldu ahala ikasten duzu gauzak lasaiago hartzen, baina ez dut uste hori nihilismoa denik. Ezin dut egun osoa eman gizateriaren arazoez pentsatzen. Nahiago dut kafe bat lasai hartu, pattarrarekin.

Eta halere, amodioan sinisten duzu?

Tira, baina zer da maitasuna? Animaliak gara, eta gauza bitxiak gertatzen zaizkigu. Ez noa horrretaz harago. Ez dago besterik.

Garai batean, hainbat taldetan jotzen zenuen, hala nola The Unfinished Simpathy eta La Celula Durmiente. Zergatik hasi zinen kantautore gisa?

Kontu praktiko batengatik. Nik kantak egin izan ditut beti, baina talde bat izateak bestelako antolakuntza bat eskatzen dizu. La Celula Durmienten nengoenean, esaterako, taldekideak ezin zirenean kontzertu bat jotzera joan, neu joaten nintzen, bakarrik, gitarrarekin. Orain taldearekin nabil, kontzertu handiagoak egiteko, indar handiagoarekin. Halere, bakarkako emanaldien umorea gorde dut, baita ikusleekin elkarrizketa ugari izateko ohitura ere.

Zergatik abesten duzu ume ahotsarekin?

Ez dakit. Erregistroa zabaltzeko nahia izango da. Era askotan erabil daitekeen tresna bat da ahotsa.

Ez zaizu arriskutsua ¡ruditzen hori egitea, berehala Albert Plarekin konparatuko zaituztelakoan?

Beti parekatu izan naute Albert Plarekin, eta beti gauzatxo horrengatik. Niri ez zait horren garrantzitsua iruditzen. Manos de Topo taldeko lagun bati ere berdin gertatzen zaio: gauza bitxi bat egiten du ahotsarekin, eta, berehala, entzuleen erdiek gorroto dute, eta beste erdiek maite.

Nola doa Producto Interior Bruto Vol. 2 diskoa?

Masterra amaitzen; eta, printzipioz, datorren astean lantegira joango da. Urte erdi daramat egiten, poliki-poliki. Jendearen ekarpenei esker grabatu ahal izan dut, ez nuelako dirurik estudioa eta aurreko lanak ordaintzeko.

Finantzaketa kolektibo saio arrakastatsu bat izan da, espero baino diru gehiago bildu baituzu.

Ez nuen gauza handirik espero, egia esan. Baina, sistema horrekin, konturatzen zara zenbat jende dagoen hor zehar diskoa erosteko prest, grabatu aurretik. Hasi aurretik, uste nuen soilik izebak eta lehengusuek emango zutela dirua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.