Hala ere, behingogatik aurreiritziak alde batera utzi eta azken urteotan AEBetan egin den komedia erromantikorik borobilenarekin gozatuko dugu. Aipatutako bi film tranpati horiekin alderatu gabe, Kevin Smithen Chasing Amy eta Michel Gondryk ondu zuen Eternal sunshine of the spotless mind harribitxien multzoan sartu beharko litzateke.
Ez dira gutxi azken pelikula horrekin dituen parekotasunak. Zinemagintzan hasi aurretik, Gondryk zein Webbek bideo musikaletan trebatuak dira. Horrek freskotasun berezia ematen dio filmatzeko manerari, eta pop kultura bazter guztiak zipriztinduko ditu: Belle and Sebastian Godardekin dantzan, The Smiths eta High Fidelity, Sid eta Nancy Werther gaztearekin solasean... Kasu horretan, gainera, oso nabarmena da komikigintzaren eragina.
Bi filmok dute hautsia egitura, etengabeko denbora jauziekin, oroimenean oinarritutako sentimenduekin. Modu berria erabiliko dute munduan den istoriorik zaharrena kontatzeko: bi pertsonaren arteko maitasun istorio gorabeheratsua.
Bere egitura berezia da filmakduen bertuterik handienetakoa. Hasieratik bukaera ezaguna izanda ere, egunen joan-etorriak -orain berdeak, orain grisak- istorio itxuraz sinplea are ederrago bihurtuko du. Dena den, gertatuko den alkimia filmikoa ez litzateke posible protagonisten lan bikaina kontuan hartu gabe: ibilbide interesgarria egiten ari den Joseph Gordon-Levitt, eta, bereziki, edonor maitemintzeko gai den Zooey Deschanel apetatsu eta urruna.
Maitasun istorio bat, arkitekto batek eraikia. Tantaka emana; hasieran ederra eta amets baten gisakoa, aurrera egin ahala, zaila eta mingarria. Maitasun istorio garaikidea. Partetako batek ez du konpromisorik hartu nahi: lagunak izan, sexua, bikotekideak balira bezala jokatu... baina nobioak izan gabe. Gaur-gaurkoa. Erabaki horri kateatuta, ohiko tentsioa, galtzearen beldurra eta zorabioa. Izana duenak izena behar du. Amodioa agertu eta desagertu, noizbait berriro agertu, mirari ziklikoa.
############
500 días juntos
+7. AEB, 2009. Zuz.: Marc Webb. Akt.: Joseph Gordon-Levitt, Zooey Deschanel, Geoffrey Arend, Chloe Grace Moretz. 95 min.Gasteiz (Florida), Barakaldo (Max Ocio), Bilbo (Multi), Basauri (Bilbondo), Getxo (Lauren), Leioa (Artea), Portugalete (Ballonti), Donostia (Antiguo Berri, Principe), Iruñea (Golem La Morea), Uharte (Itaroa).
############