Basoak
Irati eta Artikutzako koloreak
Negua hurbiltzen ari den arren, udazkenez jantzita daude oraindik zuhaitzak, eta ikusgarria da zenbait basok ematen duten koloretako panorama. Nafarroan, Irati basoa bisitatu daiteke Zaraitzu eta Aezkoa eskualdeetan. Pagadiz osatutako Europako basorik handienetako bat da Irati, 17.750 hektarea baititu. Ikuspegirik ederrenetako bat Elurretako Amaren ermitatik dago. Ermita 1954an eraiki zuten, eta Lozano-Bartolozziren pinturak dauzka barnean. Paisaiarekin patxadaz gozatzeko aukera ez ezik, bertan zerbait jateko parada ere badago horretarako egokitutako sutegi eta mahaietan. Informazio gunea ere oso baliagarria da inguruak oinez edo bizikletan ezagutu nahi dituenarentzat. Ermitara iristeko modurik egokiena Iratiko etxeetan hasten den ibilbideari jarraitzea da; zirkulu formako bidea Koitxa urtegitik pasatzen da.
Baina ezin da Iratitikalde egin Irabia urtegira gerturatu gabe. Lasaigarria da oso urtegia inguratzen duen bidetik ibiltzea, isiltasuna bidelagun bakarra dela. Iraganeko aztarnak ikusi nahi dituenak, berriz, Azpegiko muinora igo behar du izen bereko aterpetik. Trikuharri eta harrespilez osatutako eremu megalitiko batdago bertan.
Alderik alde hostoz estalitako zoruan ibili nahi izanez gero, Artikutza da beste aukeretako bat. Goizuetako (Nafarroa) lurretan den arren, Donostiako Udala da ingurunearen jabe. Asteburua igaro nahi izanez gero, Artikutzako aterpetxean lekua hartzeko modua dago. Berriki ireki dute aterpea hiru urtez itxita egon ostean, eta lo egiteko logelak, komuna eta sukaldea ditu. Talde handientzat pentsatuta dago: 32 lagunek etxe osoa alokatu dezakete, eta 10 pertsonako taldeek ere igaro dezakete gaua.
Eskualderik euritsuenetako bat da Artikutza. Auzoa mundutik at dagoela dirudi askotan, eta denbora gelditu izanaren irudipena gailentzen da bertan. Izan ere, motor hotsik ez da entzuten normalean; urte guztian autoek debekatua baitute bertara sartzea, salbu San Agustin egunean, abuztuaren 28an. Autoz sartzeko beharrezkoa da baimen berezi bat lortzea. Gainontzean, ibilgailu motordunak auzotik 13 kilometrora dagoen aparkaleku batean utzi behar dira, eta oinez edo bizikletaz iritsi —azken horiek, pista batzuetatik bakarrik—. Pare bat baserri, taberna, frontoia, Olajaundi jauregia (burdinolaren jabearen garai bateko etxea) eta San Agustin ermita daude bertan.
Handik abiatuta, oso ohikoa da familiak dituzten haurrak Enotebietako urtegiari bira ematen ikustea. Añarbeko urtegia eraiki zutenetik protagonismoa galdu du Enotebietak, eta gaur egun ur gordailu izateko erabiltzen da bakarrik.
Durangoko Azoka
Euskal kulturaren bilgune
Babesean egon nahiago duenak badu non aukeratu. Euskaltzale guztiak bisitatu beharreko azoka egunotan izango da: bihar irekiko dute Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka, eta ostegunera bitartean euskal kulturako azken berrikuntzak erosteko modua izango da. Guztira, 300 erakusmahai jarriko dituzte, eta hiru gune berri: Irudienea, Szenatokia eta Kabia. Euskarazko ikus-entzunezko proiektuak, euskarazko antzerkigintza eta euskaraz garatzen diren teknologia berrien ezagutzeko aukera egongo da bertan. Galegoa izango da aurtengo gonbidatua.
Kulturaz zipriztintzeaz harago inguruak ezagutu nahi dituenak hainbat aukera ditu. Durangotik hurbil da Anboto mendia, adibidez: 1.331 metro ditu Anbotok, eta mitologia eta magia kutsua du parajeak. Mari mendiaren magaleko koba batean bizi zela dio elezaharrak, eta gailurretik hurbil bisita daiteke haitzuloa.
Olentzeroren etxea
Mungiako Izenaduba Basoa
Mitologiarekin lotuta eta Gabonak gertu izanik, haurrak dituzten familientzat erabat gomendagarria da Izenaduba Basoa. Mungian dago, Bizkaian, aisialdirako pentsatutako parke mitologikoa. Ilusioa eta magia dario inguruari. Landetxo Goikoa XVI. mendeko baserri dotorean, Olentzeroren etxea bisitatzeko aukera izango dute etxeko txikiek, eta filmen, jokoen eta tailerren bidez jentilak, Mari, Tartalo eta beste pertsonaia mitologiko batzuk ezagutuko dituzte. Gainera, txondor bat gertutik ikusi ahal izango dute, eta labirinto batean ibiliko dira. Haurrak zazpi euro ordaindu behar dute sarrera, eta helduek bederatzi.
Baiona
Gabonetako herrixka prest
Ipar Euskal Herriak ere aukera zabala eskaintzen du egun hauetarako. Baionan, garai honetan ohitura den gisan, Eguberrietako herrixka antolatu dute, Errobi ibaiaren ertzeko paseoan. Guztira, 80 saltoki aurkituko dituzte hara biltzen direnek urte amaiera bitartean. Aurtengo berrikuntza nagusia haurrei zuzendutako herrixka da. Zirkuaren munduan barneratu ahal izango dira umeak, oreka mantentzeko jolas eta ariketen bidez. Eskulangileek ere badute lekua Eguberrietako herrixkan. Eskulturak, bitxiak eta askotariko produktuak izango dira salgai bata bestearen ondoan jarritako saltokietan. Europan zehar bidaiatzeko modua ere izango da, hamaika herrialdek ordezkaritza izango baitute azokan. Bulgaria, Portugal eta Errusiako sukaldaritza, eskulangintza eta ohiturak ezagutaraziko dituzte.
Hiritik atera gabe, Saint Marie katedralera zuzendu behar ditu bisitariak urratsak. Estilo gotikoan eraikitako katedrala Notre Dame izenaz ere ezaguna da. Alboan dagoen klaustroak ere merezi du sartu-irtena egitea, lekua ederra baita oso. Handik irtenda, harrizko kale estuetatik barrena galtzera gonbidatzen du ibiltaria hiriak. Xarma berezia duten bazter ugarirekin egiten da topo. Espainiako eta Mouserolleko ateak, harresia, eta Errobi eta Aturri ibaiek bat egiten duten lekua. Itsaso usaina iristen da hara. Mayou zubia zeharkatuta, Baiona Ttipian sar daiteke, eta hango tabernaren batean mokadutxoa hartu, indarberritzeko.
Arabar Errioxa
Upategien erreinu
Ardozaleakez dira aspertuko Eltziego eta Guardia inguruetan. Upategietan aberatsa da ingurua. Han egonda, ezin da alde egin azken herri hori bisitatu gabe; Guardiak xarma berezia du. Harresien kanpotik Muinoa edota Zikoinaren paseotik ibil daiteke, esaterako.
Mokofinek Eltziegoko (Araba) Marques de Riscal jatetxean hartuko dute gozatua. Gastronomian erreferente diren Michelin izarrak lehengo astean banatu zituzten, eta izar bat eskuratu zuen. Jatetxea izen bereko hotelaren barnean dago, eta arkitekturaren zaleak ere liluratuta geratuko dira, Frank Owen Gehry arkitektoak diseinatutako eraikina ikusgarria baita kanpotik zein barrutik. Bitxia da, gainera, hotelak eta elizak biak elkarren alboan osatzen duten irudia. Tradizioa eta modernitateak elkar hartzen dute, baita sukaldean ere: Francis Paniego sukaldariak gidatzen duen lantaldeak garaian garaiko eta bertako lehengaiak erabiltzen ditu jakietan. Ardoa da lekuaren jabe. Ez da alferrik eraiki hotela zortzi milioi botila gordetzen dituen upategi baten gainean. Bisitariak berehala nabarituko du ardo usaina kanpoko igogailu batetik jatetxera sartzen denean. Arabako Errioxako ardo on bat eskuan dela presarik gabe denbora galduz mahastiei begirageratzeko bazter ugari daude eskualdean, nolanahi ere. Norberaren baitara bildu eta gogoetara bultzatzen dutenak. Gure bazterrak. Barruan pizten diren bazter miresgarriak ikusten hastea bakoitzaren esku geratzen da, orduan.