Kontxa eta Bulebarra lotu zituen tranbia konpainiaren lehenengo zerbitzuak. 1887ko uztaila zen, eta mandoek tiratutako tranbia batek inauguratu zuen hiriko lehenengo linea. Kontxatik Bulebarrera eta Bulebarretik Ategorrietara egin zuen estreinako zerbitzua, Ategorrietan baitzegoen tranbiak gordetzeko Kotxeras zaharra. Donostiako Tranbia Konpainia hilabete batzuk lehenago eratu zuten, 1886ko abuztuaren 28an. Igandean bete zituen, beraz, 125 urte hiriko garraio konpainiak.
Mende eta laurdeneko bidaian, Donostian gertatu diren aldaketen lekuko izan da. Konta ezin ahala bitxikeria eta istorioren lekuko izan dira tranbia, trolebus eta autobusak, eta baita hirian emandako aldaketa askoren erantzule ere. Antigua auzoa eta Kontxako pasealekua lotzen dituen tunela, esaterako, tranbia konpainiaren egitasmoa izan zen.
Zerikusi gutxi dute egungo autobusek eta hastapenetan mandoek eta zaldiek tiratuta aurrera egiten zuten tranbiek; XIX. mende bukaerako Donostiak eta egungoak antzekotasunik apenas duten bezala. 1887an 26.856 biztanle zituen hiriak, eta udal agintariek Donostia handitzeko programa abiatua zuten, 1864an hiri-harresiak eraitsi zituztenetik. Programa horren ardatzetako bat zen tranbia, hiriaren hazkundean ezinbestekoa. Gauzak horrela, Kontxa, Bulebarra eta Ategorrieta lotzen zituen lehenengo linea laster luzatu zuten bi aldeetatik, Bentaberriraino eta Errenteriaraino. Tranbia sarea Norteko tren geltokiarekin lotzen zuena ere ireki zuten.
Hiria handitzen joan ahala, zerbitzu gehiago eskaintzen joan zen konpainia, eta tranbia sarea berritzen. Zaldi eta mandoek gidatutakoek muga agerikoak zituztela jabetuta, sistema berritzaile bat erabiltzen hasi zen Donostiako Tranbia Konpainia: trakzio elektrikoa. Errenteria eta Ategorrieta artean, 1897ko abuztuaren 22an estreinatu zuten lehenengo tranbia elektrikoa —ordurako Bilbon hasiak ziren halako garraiobideak erabiltzen—. Urte batzuk geroago iritsi zen trolebus elektrikoaren aroa Donostiara, 1948ko uztailean, eta aurrerago egungoekin antzekotasun handiagoa duten lehenengo autobusen garaia. Guztiek bermatu dituzte donostiarren nahiz bisitarien joan-etorriak 125 urteotan.
Autobus hibridoak, etorkizuna
Iragana ez ezik, oraina eta etorkizuna ditu Donostiako konpainiak. Erreferentea da garraiora bideratzen diren konpainien artean, Donostiako Mugikortasun saileko zuzendari Gerardo Lertxundik dioenez. Egunero, batez beste, 100.000 erabiltzaile ditu Dbus konpainiak, eta enpresan 500 langiletik gora ari dira beharrean. Zenbaki dantzarekin jarraituz, 29 milioi bidaiarik erabili zituzten iaz Donostiako garraio zerbitzua osatzen duten 37 autobus-lineak eta 121 autobusak.
Aurrera begira, autobus ekologikoen apustuari heldu asmo dio Dbusek —Donostia Bus izena 2005. urtean hartu zuen konpainiak—. Autobus hibrido bat erosi eta 2009an probatu zuten hiriko kaleetan. Emaitzek gogobete, eta Gros eta Amara auzoen arteko zerbitzua eskaintzen ari da autobus hori. Bigarren autobus hibrido bat erostekotan dira orain. Diesel motorra eta elektrizitatea ditu oinarrian autobusak, eta garapen iraunkorraren araberako garraio baten bidean egindako urratsa da Lertxundik dioenez. Ingurumenarekin arduratsu jokatzeko bidean, autobus ekologikoaren alde egiteko asmoa baitu Dbusek flota berritzerako orduan. Birziklatutako olioa erabiltzen dute erregai gisa autobusek, eta gasolioaren kontsumo txikiagoa dute. Egungo ibilgailuak baino isilagoak ere badira, eta erregai kontsumoa %30 txikiagoa dute. Lertxundik jakinarazi duenez, urtean 26,6 tona karbono dioxido gutxiago isurtzen dute eguratsera.
Finean, geltoki edo semaforo batean geldi daudela galtzen dute autobusek energia gehien, eta hirietan denboraren %25-40 inguru egiten dute autobusek halako egoeratan. Alemaniako Man enpresak garatu dituen autobus hibridoek galgatzerakoan galdutako energia hori aurrera egiteko energia bihurtzen dute, motor elektrikoa ari baita lanean. Erregaia aurrezteko eta karbono isuriak gutxitzeko modua egiten dute, beraz.
Ospakizunak prest
125 urteko ibilbidea erabiltzaile eta langileekin ospatu nahi dute orain, urteurrenean. Datozen aste eta hilabeteetarako jarduera-egutegi zabala prestatu dute. Dbusberri aldizkariaren ale berezia kaleratuko dute, eta konpainiaren historia biltzen duen liburu bat ere bai. Autobusak eta Donostia ardatz dituen argazki lehiaketajarri dute abian, eta azaroaren 11 bitartean ireki dute irudiak aurkezteko epea — autobus konpainiarekin lotura eduki behar dute irudiek, eta [email protected] helbidera bidali behar dira argazkiak—. 14 urtez azpiko haurren eta nagusien kategoriak antolatu dituzte argazki lehiaketarako. Kontakizun laburren lehiaketa, bideo laburrena eta haurren marrazki lehiaketa antolatzeko asmoa ere badute Dbus konpainiatik.
1887ko uztailean egindako lehenengo bidaia aitzindariaren urteurrena iritsi bitartean, autobus historikoetako batzuk Donostiako kaleetara ateratzeko asmoa du konpainiak. Konpainiaren ibilbidean arrastoa utzi duten ibilgailuak kaleratu nahi dituzte, eta mende eta laurdenean bildutako argazkiekin erakusketak paratuko dituzte hiriko liburutegietan. Era berean, Donostiaren historia eta azken mendeko bilakaera gertutik ezagutzen duten Javier Sadak eta Juanjo Olaizolak hitzaldiak eskainiko dituzte.
Ezarian. Garraioa
Mandoetatik hibridora
125 urte bete ditu Donostiako Tranbia Konpainiak. Mende eta laurdeneko bidaian, animaliek tiratutako tranbiak eta egungo autobus modernoak hiriaren bilakaeraren eta aldaketen lekuko izan dira. Urteurrenaren harira, ekitaldi sorta zabala antolatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu