Zibergela

Mapak sarean erabilgarri

Mapak hainbat gailutan erabiltzen baditugu ere, gehienetan mapa horiek ikusteko baimena baino ez dugu. Datu geografiko libreak eskura izateko asmoarekin jaio zen OpenStreetMap.

2011ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Aspalditik dator gizakiak bere ingurua mapa batean irudikatzeko zaletasuna. Ptlomeo greziarrak Kristo ondorengo bigarren mendean bere aurrekari izandako guztien jakintza batu, eta koordenatuak meridiano eta paraleloen bidez adierazteko oinarriak ezarri zituen. Ptlomeok Aristoteles eta Hiparkoren lanak baliatu zituen: Aristotelesek ekuatorearekiko inklinazio angelua neurtu zuen; eta Hiparkok mundua bezalako esfera bat bi dimentsiotako plano batean irudikatzeko oinarri matematikoak ezarri zituen, Kristo aurreko bigarren mendean; hau da, lehen proiekzio kartografikoa egin zuen.

Mapen garapena teknologian emandako aurrerapenarekin dago estuki lotua. Mapagintzak Erdi Aroan bizi izan zuen aurrerakada handiena, iparrorratz eta koadrantearen asmakizunarekin batera. Asmakizun berri horiekin, eguzki eta artizarrarekiko angelua neurtzea posiblea izan zen, eta horrela, mundu azalean puntu baten kokapena zehaztea posible bilakatu zen.

XX. mendean, I. Mundu Gerran, hegazkinak erabiltzen hasi ziren mapak egiteko, bertatik ateratako argazkiak erabiliz, ortoargazki gisa ezagutzen direnak. II. Mundu Gerran erabat zabaldu zen hegazkinen erabilera mapak egiteko. Sateliteak erabiltzen, berriz, 1966 urtean hasi ziren Ameriketako Estatu Batuak. Pageos izeneko satelitea espazioratu zuten lurrazalaren ikerketa geodesikoak egiteko; oraingoan ere, bereizmen handiko argazkiak erabiliz.

Mapak, nabigatzaileak eta lizentziak

Ez da denbora asko gure autoetan nabigatzaile izenarekin ezagutzen ditugun aparatuak agertu direla. Funtzionamendu erraza dute: nora joan nahi dugun adierazi eta gailuak proposatutako bidea jarraitu besterik ez dugu. Baina, nork egiten ditu nabigatzaile horiek erabiltzen dituzten mapak? Bi enpresa dira, nagusiki, mapa horien egile: Teleatlas (www.teleatlas.com) eta Navteq (www.navteq.com). Lehena Tomtom enpresa ezagunak erosi zuen 2007an, eta bigarrena Nokia enpresa finlandiarrarena da. Nabigatzaile horiek GPS sistema bidez gure ibilgailuaren posizioa irakurtzen dute, mapan kokatu eta helburu dugun punturantz bideratzen gaituzte.

Nabigatzaile horiek erosten ditugunean, tresnak izan ditzakeen mapak erabiltzeko eskubidea lortzen dugu, baina inondik inora ez datuok berrerabiltzeko eskubidea. Udaletxe askotan ere horrelako zerbait gertatzen da. Enpresa bati mapa bat egiteko eskatutakoan, inor ez bada lizentzia kontuaz arduratzen, udaletxeak eskatutako mapa jasoko du, baina datuen jabetza enpresarena izango da. Udaletxe horrek mapa hornitzailez aldatu nahi badu, ezin izango du lehen enpresak erabilitako datuak lortu eta bigarren enpresa horri eman.

Google, Yahoo eta horrelako enpresek datu geografikoak eskuratu eta erabiltzaileen esku jarri dituzte hainbat aplikaziotan. Erraza da gaur egun Interneten sartu eta leku baten helbidea mapa batean irudikatzea, gure herriaren satelite argazkia ikustea, edo, norabait joan nahi dugunean, hartu beharreko bidea zein den jakitea. Datu geografikoak erabiltzea eta irudikatzea ere aplikazio informatikoen programatzaileen esku jarri dute. Gure herriko mugarrien kokapena irudikatu nahi badugu, Googlek eskaintzen duen plataforma erabil dezakegu. Oraingoan ere, erabiltzeko baimena da enpresa horiek eskaintzen dutena, baina datuotan aldaketaren bat egin nahi bada, ateak itxita daude. Mashup esaten zaie aplikazio horiei, eta gurean, Tagzania (www.tagzania.com) izan daiteke ezagunenetako bat.

OpenStreetMap

2004an, Steve Coast ingelesak OpenStreetMap proiektua sortu zuen (www.openstreetmap.org), datu geografiko askeak eskaintzeko asmoarekin. Wikipediaren filosofiari jarraitzen dio proiektu horrek: erabiltzaileen ekarpenekin osatutako mapa da.

Mapa egin ahal izateko, honako pausuak ematen dira: lehenik eta behin, datu geografikoak bildu behar dira; horretarako, normalean GPS hargailu bat erabiltzen da. Jasotako datuak editatu egiten dira ondoren. Errepide batean lortutako GPS puntuak aintzat hartuta, puntuok lotu egingo ditugu, eta lortzen dugun arrasto horri ezaugarri batzuk erantsiko dizkiogu —bidearen izena, kategoria, lurraren egoera, zentzu bakarra edo bikoa den...—. Datuak editatzeko aplikaziorik erabilienetakoa Josm izenekoa da (http://josm.openstreetmap.de/). Azkenik, datuok editatu ondoren, OpenStreetMap proiektuaren zerbitzarira igoko dira, eta, bertan, pilatutako datu horiekin mapak sortzen dira.

GPS datuak jasotzea oso lan nekeza denez, ortoargazkiak—satelite zein hegazkinetatik lortutako argazkiak— ere erabiltzen dira kalko gisa errepide, etxe edo iturrien kokapenak OpenStreetMapen sartzeko. Ortoargazki horiek erabili ahal izateko, eduki horiek erabilpen hori onartzen duten lizentzia aitortu behar dute. Berriki, Gipuzkoako datu espazialen azpiegiturak (http://b5m.gipuzkoa.net) eta Euskadiko Open Data ekimenak (http://opendata.euskadi.net), administrazioak dituen datu geografikoak askatu dituzte, eta bertako edukiak OpenStreetMapen erabiltzea ahalbidetu dute.

OpenStreetMapek eskaintzen dituen datuekin, munduko mapa euskaldun bat ere badugu esku artean:www.euskalmapa.com. Gune horretan bertan dagoen blogean ere han eta hemen burutzen diren mapen eta kurtsoen berri ematen da (www.euskalmapa.com/bloga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.