MARATILA. Gau

Aurelia Arkotxa.
2009ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Kontzebitua izan naizen gauan ez nintzen presente. Irudi hori falta zaigu ariman». Pascal Quignarden liburua gau sexualaz (La nuit sexuelle, 2007) ari da. Eta ikusten ahal ez denaz. Sekretuaz. Gorputz beztitua amodioan biluzten delarik. Ez daiteke dena ikus: gure hastapenaren aurreko momentuak, ez. «Gure bista ez da zinez heltzen, sekulan, gu sortu gaituen eszenaraino. Alta, eszena hori dugu beti errepikatzen, gorputzak elkartzen diren eta elkarrenganik bereizten diren aldi guziz». Liburuaren orri beltzetan zehar ikus daitezkeen lan pikturalek «fazinazio» horren neurri sakratua agertzen dute. Fazinazio bai. Eta isiltasun. Eta sekretu.

Utamaroren marrazkian bezala (1788), emaztearen aurpegia erdi gordea bere belaun, beso eta arropen artean; haren atzean den gizonaren burua berriz, ez da batere ikusten, hors-champ. Aldiz, bai bien arropen oihal ederren beltzak, grisak, urrezko koloreak. Arropen marra grafikoak eta pleguen ondulazioak. Emaztearen eta gizonaren batasunaren giltza agertzen zaigu oihalen artean: aluan zakil gogortua erroraino sartua, koskoilen zimurrak. Ileak. Emaztearen ondoan: te ontzia, liburu erdi-irekia. Quignardek dio liburuan bildu dituela irudi «imemorialak, magdaleniarrak, arketipikoak, irresistibleak, haluzinanteak, inboluntarioak...».

Gau sexualaren dimentsio sakratua Monsu Desiderioren bazter fantastikoek dute hobekien agertzen, baita ere, beharbada: Düreren 1515eko autopotret biluziak. Haren begi transparenteek. Haren sexuak. Eta fondoan ezarri duen gauaren beltzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.