MARATILA. Ibaia

Aurelia Arkotxa.
2008ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Madeleine de Scudéryk Beauce karrikan «Sapho» izengoitiarekin antolatu «larunbat literarioek» arrakasta gaitza ukan zuten Parisen. La Rochefoucauld-ek gustukoak zituen, eta Sévigné eta La Fayette andereek ere. Scudéryren «giltzadun nobelak» XVII. bigarren erdiko best sellers-ak izan ziren. Nahiz Molières-ek trufatu zituen Scudéry bezalako autore «preziosoak», gaur modu ezberdinean jujatuak dira: amodio kasuistikaren bitartez gizon eta emazteen arteko harreman oso aurreratuak erakusten baitzituzten. Halere, egia erran, Scudéryren testuek baino betidanik gehiago fazinatu izan nau Clélie, histoire romaine-ean (1654-1660) agertzen den «Samur mapa»-k. Hots, «Samur» deitua den amodio herrialdearen irudikatze topografikoak. Ontziz: maparen behereko erdian den «Adiskidetze berri»-tik partituz, iparraldera nabiga daiteke «Ekardura Ibaia»-n, «Ekarduran den Samur» deitu lehen hiriburura helduz. Iparralderago, bi ibaiadar: ezkerrera «Esker-on Ibaia», eskuinera «Estimu Ibaia». Bakoitzak hiriburu banatara badarama: «Esker onean den Samur»-era, eta «Estimuan den Samur»-era. Oinez: hobe ibaitik hurbil ibili. Eskuin-ezker, herri pollitak: «Sentsibilitate», «Samurtasun», «Errespetu», «Konfiantzako adiskidetasun». Ordea, ibai bazterretik urrunduz hona lanjerrak. Han, iparralde urrunean:«Itsaso Irriskutsu» meharra, bere harrokekin. Gorago: «Lur ezezagunak». Ezkerretik, uhainez harrotua: «Itsaso etsai». Kostatik hurbil «Urgulu», «Gaixtakeria» herri hetsiak. Eskuineko basamortuan berriz, herrixka galduak: «Axolagabekeria», «Epelkeria», «Ahanzdura», eta honi hurbil azken leku izendatua: «Indiferentzia Lakua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.