MARATILA. Nostalgia

AMAIA ZUBIRIA
2009ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Azkenik ikusi orduko, konturatu nindunan zeren bila nenbilen. Txirrina klasikoarekin. Borobil handixko eta minutero ozenaz. Ahaztu gabe, eskuz korda ematen zitzaiona. Ilusio handiz ekarri ninan etxera. Plastikozkoa, hori bai. Lastima. Ez zinan hots metaliko berbera baina antz izugarria zinan. Hona hemendik aurrerako iratzargailua. Merke eta sinple, nire artean. Goizaldeko hirurak zitunan, ongi zekinat, orduz ordu jarraitu bainuen ordulariaren tiki-taka bakoitza. Ohitu egin beharko, dudarik ez. Gure jaiotetxean baloi baten zeregina bete omen zinan. Mailaduraz betea zegonan. Halere, bere margo gorriari kraskatu gabe eusten zionan, nire amak goraipatzen zuen bezala. Gure betiko despertadore gorria. Garai batean goizeko ordu txikietan aitak fabrikara jo aurretiko hots klasikoak. Kanpandorreko ezkila hotsak. Tan... tan... tan... Aita-amen azken zurrungak eta tik-tak, tik-tak eten gabe hura. Azkenik Rrrrinnnn!!! amaigabea. Belarriak estaliz «isil dezatela behingoz!» desiratzen nuena. Baina handik aurrera lo lasaia egingo nuen ziurtagiria. Atzamar dorpez zapaldu eta mesanotxetik behera bultza eta botatzera lortzen dinat. Orain tik-tak gozoagoa, auskalo non ezkutatutakoa. Goizean zabortegira botatzeko asmo sendoa. Geroztik zenbait goiz eta esnatze ezberdinetik pasea naizen zetorkidan gogora. A zer erresistentzia sakelako telefono txepel eta diskretuari hamaika zerbitzu praktiko edo alferrikako egiteko prest dagoen segapoto txatxu honi. Ezinbestekoa dagoeneko, kontura etortzen naun. Urteetan aitzinako ordulari madarikatu horren bila ibili naizela esateak ere... Beldurraren beste aldeko tik... taken... bila. Zenbat aldiz esango dinat oraino «ni nostalgikoa? Bai zera!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.