Lasterka egitea gustuko duen edonoren ametsa da maratoi bat korritzea, baina Diabetesaren Nafarroako Elkartearen (Anadi) egitasmoa harago doa. Elkarteak frogatu nahi du diabetesa ez dela maratoiaren 42,195 kilometroak korritzeko oztopo. Hala, gaitz kroniko hori duten hamahiru gizon eta emakume prestatuko ditu azaroaren 4an New Yorken korrituko den maratoian parte hartzeko. Jada zenbakiaren erreserba egina dute, eta prestaketa hasteko lehen bilera atzo egin zuten, Anadik Iruñean duen egoitzan.
Lasterketan parte hartuko duten korrikalariez gain, Nafarroako Ospitaleko Endokrinologiako kideak eta Nafarroako Kirol Medikuntzako Zentroko ordezkariak bildu ziren. Endokrinoek eta kirol medikuek maratoira iritsi aurretik egin beharreko lanean lagunduko diete korrikalariei. Egitasmoan parte hartuko duten korrikalariek beste lasterketa batzuetan ibiliak dira, baina sekula ez maratoi batean. Maratoia prestatzen, oinarrizko entrenamendu batekin hasiko dira, baina probaren eguna iritsi aurreko hamasei asteak izanen dira erabakigarrienak. Aste horietan entrenamendu plan bat egingo dute, eta arreta berezia jarriko dute ariketan eta elikaduran. «Lasterketa ziurtasun osoz egiteko eta korrika ari garen bitartean gluzemia indizeak behar bezala kontrolatzeko», azaldu du Humberto Perez de Leivak, Anadiko kideak eta maratoian parte hartuko dutenetako batek. Nola lan egin behar duten eta zein aldaketa egin behar dituzten erakutsiko diete. «Zenbat eta ariketa gehiago egin, intsulinaren eragina handiagoa da. Beraz, gutxiago hartu behar duzu eta, hori, medikuek eta entrenatzaileek erakutsi behar digute». Maratoiaren ibilbidean, gainera, hemendik joandako boluntarioak eta medikuak egonen dira lasterkarien beharrei erantzuteko.
Muga ez dela frogatu
Nafarroan bakarrik badira 50.000 diabetiko. Diabetikoak bizi egokia egiteko, egunero intsulina hartu behar izaten du. Anadiren ekinbide honek helburu argi bat du: diabetesa ez dela oztopo atleta izateko. «Frogatua dago diabetesa duen edonoren osasuna egoki mantentzeko oinarrizko hiru zutabeak intsulinaren kontrola, dieta egokia eta kirola egitea direla», dio Perez de Leivak. New Yorkeko maratoia proba zaila izan arren diabetesak ez duela muga izan behar uste du. Maratoiaren aitzakian, diabetes gaitzaren berri ere eman nahi dute. Azaroaren 4an korrituko dute maratoia, eta hilabete berean, hilaren 14an, Diabetesaren Nazioarteko Eguna izango da. «Primeran datorkigu jakinarazteko gaixotasunarekin ongi bizitzeko gakoa prebentzioa eta kontrol egoki bat egitea direla».
Diabetesa duten pertsonentzat kirola egitea oso ona dela azaltzeko, Youtuben bideo bat jarri dute, eta http://www.youtube.com/watch?v=Pa1oTNzSgdk helbidean ikus daiteke. Horretaz gain, maratoiaren esperientzia blog batean kontatuko dute, eta dokumental bat egiteko asmoa ere badute. Maratoiak korritu nahi dituzten diabetikoentzat argigarria izatea nahi dute.
Maratoia egitea helburu
Diabetesaren Nafarroako Elkarteak (Anadi) diabetesa duten 13 lasterkari prestatuko ditu New Yorkeko maratoirako. Atzo egin zuten prestaketa hasteko lehen bilera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu