Angela Aznar du izena, baina Saoka da haren sinadura (Iruñea, 1982). 16 urterekin hasi zen grafitiak egiten, eta horretan jarraitzen du egun ere. Ez da sorkuntza hutsa; dioenez, badago partaidetza sentimendu bat ere.
Pozik dokumentalaren estreinaldiarekin?
Harrituta nago jasotako erantzunarekin. Jende askok ez du askorik maite grafitiaren mundua, eta, neurri batean, hori gertatu da guk ere ez dugulako normalean geure burua ezagutzera eman nahi izan. Ordezkari politikoek kriminalizatu egin dute gure jarduera hedabideen bidez, eta gu kikildu egin gara. Maiz ez dugu jakin jendeari zer egiteko gai garen erakusten. Estreinaldian, grafitiaren mundua askorik ezagutzen ez zuen jende asko izan zen, eta dokumentala ikusitakoan hobeki ulertu zuten egiten duguna. Ohituta gaude grafitiaren aurkako iritziak entzutera, baina ez aldekorik entzutera. Horregatik dago ongi dokumentala; iritzi asko biltzen dituelako.
Noiz hasi zinen margotzen?
Iruñean jaio nintzen, baina Valentzian pasa nuen gaztaroa, eta han hasi nintzen auzoko margolari batzuekin. Kasualitatez egin nuen topo kalean grafitigile batzuekin, eta harrituta gelditu nintzen. Haiekin margotzen hasteko proposatu zidaten, eta baietz esan nien. Gero, Iruñera etorri nintzen, eta jarraitu egin nuen. Hala heldu nintzen 2002an DBR taldeko kideengana.
Alde handia dago Valentziako eta Iruñeko mugimenduaren artean?
Jendea eskuzabala da bietan. Margotzen aritzen zarenean sumatzen duzu halako kidetasun sentimendu bat. Jana eta ohea eman dizkit aurrez ezagutzen ez nuen jendeak grafitiari esker. Iruñean asko hazi da mugimendua. Jendea badago, eta kalitatea ere bai.
Ez zarete asko margotzen aritzen zareten emakumezkoak.
Ez dut feminitatea sekula hartu banderatzat. Neska gutxi gabiltza honetan, ordea, eta deigarri egiten zaio jendeari. Grafitigile beltzak ez dira aritzen beltzak direla esaka; ni ere ez naiz aritzen emakumezkoa eta grafitigilea naizela esaka. Hori da nire iritzia. Lana axola zait niri. Beste edozein bezala aritzen naiz eskaileretan gora eta behera hormak zuritzen.
Biologia doktorea ere bazara.
Jende askok uste du grafitigileok marihuana erretzen pasatzen dugula eguna. Hori egin edo ez, bestelakoak ere egiten ditugu. Arte ikasketak egin dituzten margolariak badira hemen; nik biologia ikasi nuen.
Angela Aznar. Grafitigilea
«Margotzaileon artean bada kidetasun sentimendu bat»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu