Mariolako mendilerroa

Mariolako mendilerroko Natur Parkea da Valentziako Erkidegoko natur paisaia ederrenetako bat, eta fauna eta landaretza aberastasun handia dauka. Gainera, izen handiko hainbat herri daude horren ondoan, Alcoi besteak beste.

2007ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Mariolako mendilerroa L´Alcoia, El Comtat (Alacant) eta Vall d´Albaida (Valentzia) eskualdeetan barrena hedatzen da; kilometro gutxira, Benidorm edota Alcoi daude, itsasertzeko herri ezagunak. Hala eta guztiz ere, 1.390 metro ditu mendilerroko mendi altuenak, Montcabrerrek; Alacanteko barnealdea ere malkartsua da, eta indartsu egiten du gorantz itsasertzetik.

Natur Parke izendatu zuten Mariola 2002. urtean; 12.000 hektarea ditu, eta botanika arloko altxor ugari. Mendilerroan altuera askotarikoak daudenez, elurteak izaten dira gunerik gorenetan; gainera, emari handiko iturburuek ureztatzen dituzte basoak, eta paisaia askotarikoak sortzen, Europako botanika aditu nagusiak erakartzen dituztenak. 1.200 landare espezie baino gehiago sailkatu dituzte mendilerroan, eta horietako asko endemikoak dira Levanten; beraz, askoz ere jakin-min handiagoa sortzen du horrek. XV. mendean hainbat ikerketa egin zituzten, eta harritu egin ziren botika gisa erabil zitezkeen usain-belar askotarikoak ikusita. Sendabelarretan aberats da gaur egun ere, salbia, erromeroa, ezkaia eta beste hainbat eta hainbat belar aurki baitaitezke. Zuhaitz espezieei dagokienez, Mediterraneoko oihan mistokoak eta karraskalak nabarmendu behar dira. Artea da espezie ugariena, baina badira zuhaitz hosto erorkorrak ere, lizarrak, astigarrak eta erkametzak besteak beste; horiekin batera, hainbat eta hainbat zuhaixka mota ikus daitezke. Pinudiak hartzen du basoaren zati handi bat, baina pinuekin batera txilarrak, elorri-triskak, erromeroak eta estrepak aurkituko ditugu. Hala ere, Teixeira de Agresen dago Mariolako mendilerroko altxorrik handienetako bat: hagin baso ikusgarria.

Landaretza aberastasun hori kontuan hartuta, ez da harritzekoa baso artean fauna askotarikoa bizi dela pentsatzea, eta halaxe da. Basurdeak, untxiak, azeriak, katajinetak eta basakatuak ibiltzen dira goiko haitzetako arroka gorrien inguruko korridore luzean. Han biltzen dira hegaztiak ere, arrano sugezaleak, arrano beltzak, belatz handiak edota gabiraiak besteak beste, baina baita ontzak ere, handiak eta ertainak. Sai arrea sartzeko egitasmo bat ere bada, haitzetan nagusi izan dadin. Lurrean, musker eta suge espezie ugari bizi dira.

Izaki horiek guztiak ezin hobeto daude, baina suteak eta lurraldearen jendeztatzea arrikutsuak zaizkie. Itxura denez, valentziarrak jabetu dira horretaz, eta gero eta gehiago joaten dira Mariolako mendilerrora naturaz gozatzera. Mendilerroa zeharkatzen duten mendi-ibili luze nahiz laburreko bideak dituzte horretarako, bai eta ibilbideetan lagungarri diren aterpetxeak ere.

Orain arte azaldutako guztiari mendilerroaren inguruko herrietako eta mendilerroko kultur ondare aberatsa erantsi behar zaio; mendiaren goiko aldean dauden elurtegiak, esaterako, jasotako elurra izotz bihurtzeko egindakoak. Santutegi ezkutuak eta gaztelu zaharrak ere oso erakargarriak dira, eta liluratuta geratuko gara inguruaz eta bertako jendeaz.



ALCOI, HIRI NAGUSIA.Alcoi da Mariolako mendilerroaren ardatza, inguruko herri handiena. Hoya de Alcoi izeneko depresio sakon baten gainean eraiki zuten, mendilerro artean. Hainbat ibaik zeharkatzen dute zubien hiria -halaxe deitzen diote herritarrek-, eta bat egiten dute hirigunea zeharkatu ondoren. Ura sakanetan barrena isurtzen da -are zailagoa egiten dute horiek inguruko orografia-, eta zubiak eraiki behar izan dituzte hiriaren alde batetik bestera, hori hedatzearekin batera. Horiek horrela, tarte handi batek bereizten ditu hirigune historikoa eta Tossal auzoa batetik, eta zabalgunea bestetik, eta hainbat zubi eta akueduktu egin dituzte bi aldeak lotzeko, Sant Jordi zubia eta Canalejas akueduktua besteak beste -berrehun metroko altuera du azken horrek-.

Hain da handia zubiek Alcoin duten eragina, non zubien inguruko paseoa izenekoa sortu duten, zubiak lotzen dituena. Sant Jordiko zubia da, segur aski, hiriko esanguratsuena. 1931n inauguratu zuten, eta Riquer ibaiaren gainean dago. Iraultza izan zen zubi hori Alcoin, hirigintzari dagokionez; zabalgunea garatzen lagundu zuen. Hirigune horri esker, ohiko mugetatik kanpo hazi zen hiria XX. mendearen lehen herenean. Alcoiko hiri paisaia osatzen duten zubietatik ikusgarriena da; 42 metroko altuera du alderik gorenean. Zubiaren bi aldeetan Alcoiko zatirik zaharrena ikus daiteke, batez ere ezkerraldean; izan ere, Erdi Aroko Na Valora dorrea dago haranaren mailaren mugan, XIII. mendean hiriaren inguruan zeuden hormen zati garrantzitsuena.

San Mateo eta Santa Maria elizak, udaletxea edo Plaza de España dira hiri historikoarekin lotutako beste monumentu gune batzuk. Hiriko betiko planoan. Kaleetan sakabanatutako eraikin modernistak biltzen dituen bide bat ere bada inguru horretan, tokiko burgesiak iragan mendean eraikiarazitakoak.

XIX. eta XX. mendean sortutako paper eta ehun industria garrantzitsu batek sortutako burgesia da; industria horri esker, nazioko ekonomiaren buruan jarri zen hiria. Hain da handia historiari egindako ekarpena, non penintsulako industria iraultzaren bultzatzaile jo daitekeen. Horren ondorio da Hoya de Alcoitik haratago iristen den hiri hedatzea. Lehen, leku lasaia zen Alcoi; itsasertza Afrikako iparraldetik heltzen ziren musulmanengandik babestera joandako milizia kristauak biltzen ziren han. Hiria euren mende izan zuten haiek hiru mendean, eta ureztatze sistema modernoekin erabat aldatu zuten tokiko nekazaritza.

Dena dela, Alcoiren argazkia, Cinceko amildegiak zeharkatutako Mariolako mendilerroa atzean duena, ez da mairu eta kristauen arteko jai zaratatsua bezain ezaguna nazioartean. Bestalde, tokiko gozo-dendetako salmahaietako gozo askotarikoek egin dute ezagun hiria. Almendra azukretuak, torrat-a eta pinyonet-ak, intxaur azukretuak, haragi-opilak, loria pastelak, kremazkoak, ijito-besoak eta turroiak aurkituko ditugu.



MENDILERROKO BAZTERRAK. Alcoiren ia ondo-ondoan Cocentaina dago, eta haren industria hazkundeari esker handitu da. Cocentaina bi auzo historikotan banatuta dago, eta Mariolako mendilerroko hegal arrokatsuei itsatsita daude horiek. Batetik, El Raval auzo zuri arabiarra, eta bestetik, Carrer Majorren inguruan sortutako eremu kristaua. Erdi Aroko aztarnak ikusiko ditugu azken horretan: Font plaza, murruetako ate izandakoak eta Comtaleko jauregi handia, besteak beste. Muino gorri baten gainean eta Sant Cristofol ermitaren alboan Cocentainako gaztelu angeluzuzena dago, aldapan gora balizatuta dagoen mendiko ibilbide labur batetik igo behar da hirigunetik kanpo -mendilerroan- dauden bi eraikin horietara. Cocentainatik Muro de Alcoiraino joan, eta han Albaidako porturantz doan errepidea hartuz gero, mendilerroaren ekialdetik iparraldera joango gara; Agres da hango herri nagusia. Mazelan gora hazi da, mendilerroko malda oihantsuak baliatuta. Beraz, bertikala da ia hiriaren planoa. Herri lasaia eta ederra da Agres; kale pikoak ditu, Mare de Deu del Castell santutegiraino iristen direnak. Gotorleku arabiar baten hondakinen ondoan eraiki zuten eliza kristau hori.

Agresko kaleak amaitzen diren lekuan pista bat ikusiko dugu; santutegi horretaraino iristen da hori. Pista horren hasieran, eskuinean, bide asfaltatu estu bat dago, eta bi aukera eskaintzen dizkigu errepide nagusira iritsi aurretik. Batetik, baso bide batean barrena dagoen saihesbidea dugu; Rifugi i Caves jartzen du, eta mendilerroaren tontorrera helduko gara maldan gora eginez gero, Montcabrer eta Cava Arquejadaraino -mendilerroko elurtegi ezagunena da hori, estaltkitzat zuen kupula arkudunagatik -horren egituraren zati bat ikus daiteke oraindik-. Pixka bat aurrerago Mont Blanceko jolas gunea dago; Font Moli Mato iturbururanzko bidea irteten da hortik, eta kilometro erdia baino ez du.

Mendilerroa inguratzeko asmoz eta Banyeres de Mariolara bidean, ezinezkoa da Bocairentetik pasatu eta arkitektura multzo hori ikusi gabe joatea. Muino baten gainean dago herria -Valentziako probintzian gaude- eta etxeak bata betearen gainean daudela dirudi, eta ezinezkoa dela amildegian behera erortzea. Musulmanen garaian herri dotorea zen Bocairent; herri gutxitan izaten zen azoka, eta bertakoak espezialistak ziren lihozko ehunak eta zapi zuriak egiten; ospe handia hartu zuten halakoek. XI. mendean, Deniako Taifako Erresumaren zati izan zen, eta Bekirenteko gaztelua izan zen erresuma hartako gaztelurik garrantzitsuenetako bat. Bekirenteko gaztelua galdu eta urte asko joan diren arren, arabiarren garaiko harbideak ez dira gehiegi aldatu, eta hiri eredu islamikoari eusten diote. Elementu horrek eder eta berezi egiten du; kaleetan barrena egingo ditugun paseoetan ikusiko dugu hori, noski.

Bocairentetik hurbil dago Banyeres de Mariola, Alacanten. Urrutitik ikusten da, hirigune modernoa osatzen duten eraikinen gainean ageri den gaztelu arabiarraren dorre ikusgarria dela eta.Sigi-sagan dagoen kalbario berezi bat ere ikus dezakegu Banyeresen. Alboko muino bateraino heltzen da, eta ermita bat eta Torre de Font Bona daude bertan; azken horretan Arkeologia Museoa dago.

Banyerestik Alcoira itzultzeko, Mariolako mendilerroaren eta Menetjadorkoaren artean -Mariolako mendilerroaren hegoaldean- dagoen goi haran estu bat zeharkatuko dugu; Carrascal de la Font Rojako Natur Parke txikia dago han, eta izen bereko santutegia; Alcoiko herritarrek debozio handia diote. Santutegira eta haren alboko interpretazio zentrora errepide bihurri batetik igo daiteke, edo, bestela, GR-7 ibilbidetik.

Muino aparta horretatik oso-osorik ikusten da Mariolako mendilerroa eta, gainera, hiru ibilbidetan barrena ibil gaitezke -oso ongi seinalatuta daude-, baso mediterranearraren Valentziako erkidegoko zatirik bikainenetako batez gozatuz-laiotzeko karraskalaren, baso hosto erorkorraren eta eguterako karraskalaren nahasketa da--.

 

jakingarriak



Valentziako Erkidegoko Turismo Saila: www.comunitatvalenciana.com Tel. 902 123 212

Font Roja informazio gunea:Tel. 96 533 76 20

Sukaldaritza: Alcoiko gozogintzari buruz esandakoa alde batera utzita, bajoques farcides (arrozez betetako piperrak), borreta (patata, bakailao, sepia, espinaka, ñora eta ur irakinetan egindako arrautzekin egindako eltzekaria), Alcoiko olleta (leka erregosien antzekoak, baina penka eta odolkiarekin) eta pericana (piper lehor, bakailao, baratxuri eta olioarekin egindako eltzekaria) dira plater ezagunenak. Edariei dagokienez, berriz, herbero, anis gozoarekin eta Mariolako mendilerroko belarrekin egindako likorea, eta cafe gelat-a.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.