Marrubizko musuak Etiopiara

Irailaren 25ean Irrien Lagunak Klubaren Lehenengo Eguna egingo dute Usurbilen, eta Etiopia Utopia Fundazioarentzat izango dira jaian lortutako irabaziak.

Maialen Unanue
Usurbil
2011ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Irrien Lagunak lanerako prest daude: Klubaren Lehenengo Eguna antolatu dute; irailaren 25ean egingo dute, Usurbilen (Gipuzkoa).

Urtean behin festa handi bat antolatu nahi dute, eta protagonista berezi bat, elkarte bat, izango dute haietako bakoitzean. Aurten, Etiopia Utopia Fundazioari egokitu zaio ohore hori: Euskal Herri osoan lan egiten du elkarte horrek, eta Usurbilen ere badu lantaldea. «Fundazioarekin harremanetan gaude: aurten, gainera, haiekin izan gara Etiopian. Talde gaztea, alaia eta saltseroa da», dio Joxe Mari Agirretxe Porrotx-ek.

Hala, irailaren 25ean lortutako irabaziak Etiopia Utopia Fundazioarentzat izango dira. Oraitz Gartzia fundazioko kideak azaldu duenez, Irribarreak proiekturako izango da. Egitasmoaren helburua ospitaleetako erizainak aho osasunean heztea da: «Hemen pentsaezina egiten zaigun arren, Etiopian txantxar batengatik hil daitezke».

«Etiopian badakite irri ozen eta alai egiten, baina guk irribarre distiratsuagoa, txantxarrik gabea egiten lagundu nahi diegu», adierazi du Porrotxek.

Ekitaldi ugari prestatu dituzte irailaren 25eko festarako: egun osoan egongo diren puzgarriez gain, haurrentzako jolasak, txotxongiloak, euskal dantzak, apar festa, buruhandiak... izango dira. Hiru gunetan banatuko dituzte ekitaldiak: herriko frontoia, Mikel Laboa plaza eta Artzabal eremua. Etiopia Utopia Fundazioak bazkari berezi bat antolatu du, haur eta helduentzako menuekin; Askatasuna plazan izango da, 14:00etan.

Eusko Labelek eta Ekogras enpresak postu bana izango dute. Lehenak, oilaskoa eta sagardoa salduko ditu, Porrotxen arabera, «merke-merke eta goxo goxo». Bigarrenak, erabilitako olioa birziklatzeko izango da. Hala egiten dutenek oilaskoa eta sagardoa doan dastatuko dute.

Elkartasunez, eta euskaraz

Osasuna, natura, zientzia, kultura eta elkartasuna dira Irrien Lagunak Klubak bultzatu nahi dituen balioak, eta klubetik sortutako egitasmo bakoitza balio horiek zabaltzeko bidea izatea nahi dute: aldizkaria, webgunea, Herri Urratsen jaio zen festa gunea... Horren haritik dator Irrien Lagunak Klubaren eguna ere. Balio horiekin hazi eta hezi nahi dituzte Euskal Herriko haurren isla diren Pupu eta Lore.

Tiritatxo medikuak, Largabista basozainak, Mari Kalanbre eta amona Mari Txinparta, Martin Bertso —«Martinber lagunentzat»— dira balio horietako bakoitza lantzen dituztenak.

Elkartasuna da, azkenik, Irrien Lagunak Klubean ardatz izatea nahi duten balioa. «Elkartasunik gabe ez dago mundurik, ez dago ezer, eta, zorionez, Euskal Herria herri emankorra da alde horretatik: lagun ugari dago bere lana musu truk egiten duena, eta gure klubean hori islatu nahi dugu», azaldu du Porrotxek.

«Euskaraz pentsatutako, landutako eta sortutako proiektua da, alaitasuna eta balio hezitzaileak ere badituena», azaldu du Porrotxek. Euskal Herria «herri txikia da, eta euskara, hizkuntza gutxitua; hori dela eta, proiektu hau euskalgintzatik sortua da, eta sendo eta iraunkorra izan nahi du».

Etiopia Utopia Fundazioak ez ezik, Usurbilgo talde gehiagok ere parte hartuko dute Irrien Lagunak Klubaren egun handian: Alkartasuna Nekazarien Kooperatibak, herriko dantza taldeak, Erleen Lagunak, Zero Zabor taldeak eta Ziortzako Gazteen Aisialdi Taldeak.

Alaitz Aizpurua Usurbilgo Kultura zinegotzia pozik azaldu da Irrien Lagunak Klubaren I.go Eguna Usurbilen egingo delako: «Gonbidapena egin diegu irrien lagun guztiei bertara etor daitezen, guztien artean ondo pasatu eta egun polita izan dadin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.