Martin Scorsese zinemagileak lan zoragarriak eskaintzen dizkigu tarteka, nahiz eta beti ez asmatu. Oraingo honetan berreskuratzea merezi duen bat helduko zaigu La1ra.
Casino-rekin Goodfellas-ekin hasitako bideari segitu zion Martin Scorsesek, aldeko eta kontrako iritziak bilduz. Baina zinez lan sakon eta mamitsua da. Mafiarekin bueltaka dabil AEBetako zuzendaria, maisutasunez off-eko ahotsa erabiliz, aktoreak alde batera eta bestera eramanez. Eszenaratzearen elementu guztiak modu paregabean kontrolatuz. Emaitza egitura ederreko zeluloidea da.
Las Vegas, 1973. urtea. Sam Ace Rothstein jokalari ospetsua da, eta mafiak hiriko hainbat kasinotako zuzendari egitea erabakiko du. Negozioaren funtzionamendua kontrolatzea da haren egitekoa, dirua gangsterren eskuetara irits dadin. Egun batean Ginger ezagutuko du, emakume erakargarria baina nahiko desorekatua. Horrek arazo bat baino gehiago ekarriko dizkio.
Sharon Stonek inoizko interpretaziorik onena egin zuen Casino-n, eta Robert de Niro eta Joe Pesciren lana ere ez da nolanahikoa. Bigarren mailako aktoreei dagokienez, ezusteko atseginak ageri dira.
Zinema beltzaren ukituak ditu lanak, berrikuntzaz hornituak.
Urtzi Urkizu
CASINO
La1, 23:00. Zuz.: Martin Scorsese Akt.: Sharon Stone, Robert De Niro, Joe Pesci, James Woods, Don Rickles, Alan King, Kevin Pollak, Dick Smothers.182 min. AEB, 1995.
Martin Scorseseren zinema beltza paregabea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu