Jaiak. Amurrio eta Agoitz

Martxan jarri da besta

San Migelen omenezko prozesioa eginen dute gaur Agoitzen, eta lehenbiziko pilota partidak jokatuko dira

Umoreak eta parrandak hartu dituzte kaleak dagoeneko Agoitzen. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Iker Tubia.
Iruñea
2011ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Abiatu dira Agoizko bestak, hasi da bost egunez izango den jai giroa. Atzo eguerdian bota zuen suziria Unai Lako alkateak, eta jadanik ez dago besta gelditzerik. Gaur prozesioa eginen dute San Migelen omenez. Erraldoi eta buruhandien topaketa ere izanen da, eta lehenbiziko pilota partidak jokatuko dira. Patxi Eugi agoiztarrak Goñi III.a izanen du lagun Mikel Goñi eta Eulateren aurka. Dantzaldiak ere ez dira faltako besten bigarren egunean.

San Migel da Agoizko patroia, horregatik egiten da haren omenezko prozesioa. Ekitaldian Mariano Garcia musika eskolako bandak, gaiteroek, dantzari txikiek eta erraldoi eta buruhandiek parte hartuko dute. 12:00etan meza eginen dute San Migel abesbatzarekin batera, eta ordu bete geroago Agoizko dantzariek emanaldia egingo dute. Pilota partida 18:00etan izanen da, eta, gauez, dantzaldiak antolatu dituzte. Su festa eta zezensuzkoaIrindegian izanen dira, egunero bezala, 22:15etik aurrera.

Bihar haurren eguna izanen da, eta suziri txikia botako dute. Eguerdian haima muntatuko dute Nafarroa Behereko plazan, eta Mendebaldeko Saharako jolas tradizionalak izanen dira. Arratsaldeko kontzertua ere sahararren esku egonen da, eta eguerdian herritar asko bilduko dira herri bazkarian. 14:30ean paella prestatuko dute 550 lagunentzat.

Asteartean gazte eguna ospatuko dute. Angiluerreka elkarteak antolatzen du. Goizean kalejira eginen dute, eta gazteendako bazkaria gero. Txupito lehiaketa ere izanen da, eta tabernaz taberna ibiliko dira edariak probatzen. Gauean, berriz, dantzaldia izanen da Angiluerreka elkartean. Haitzama taldeak joko du gau osoan. Dena den, kontzertuaren aurretik ogitarteko afaria eginen dute elkartean. Abuztuaren 17an amaituko dira Agoizko bestak, gauerdiko ekitaldiarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.