Karlos Zurutuza gerra kazetaria Libian izan berri da. Han gertatutakoaren berri eman du, BERRIAko berriemaile berezi gisara, eta behin Libiatik itzulita, irakurleen galderei erantzun die Andoainen, BERRIAren egoitzan.
Gaddafi, oraintxe arte Libiako agintari zena komunikabide guztientzat, bat-batean diktadore bihurtu da, edo dute. Zer iruditzen zaizu komunikabideen joera hori? Xabi.
Komunikabide zintzo asko egon arren, batzuen joera oso lotsagarria izaten da. Zergatik «askatasunaren aldeko borrokalaria» atzo eta «terrorista» gaur (Afganistango talibanak kasu)? Zergatik «Al Kaedako kide» duela hilabete batzuk baino ez eta «Transizio Kontseiluko agintari militarra» gaur (Abdulhakim Beljaj)? Horren aldean, «gobernuaz» eta «oposizioaz» hitz egiten dut nik beti, Iraken, Afganistanen edo Libian egonda ere.
Ikusten al duzu Gaddafirekin Bin Ladenekin gertatu zena errepikatzeko arriskua? Non uste duzu dagoela Gaddafi? Edo, hobeto esanda, non uste duzu hartuko dutela? Amazigh.
Baliteke oker egotea, baina susmoa daukat Gaddafi Libian dagoela oraindik. Edonon egonda ere, anekdota hutsa baino ez da egun, Libiako gobernu berria Tripolin baitago jada, eta nazioarteko ia onespen guztiekin.
Nola ikusten dute hor NATO? Jende xumeak esan nahi dut. Nora begira daude orain, Europari, arabiar herriei? Non kokatzen dira ala orain shock batean daude? Endrike.
Libian lanean hasi nintzenetik matxinoen artean eman dut denbora gehien. Jakina, NATO miresten dute, huraxe izan baita haien garaipenaren gakoa. NATOren bonbardaketen hainbat biktima ezagutzeko parada izan nuen eta, normala denez, beste modu batean ikusten zuten koalizio militarra. Nora begira dauden libiarrak? Bada, gobernu berriak Turkia omen du eredu. Jakin beharko genuke, baina, zenbateraino ordezkatzen duen aginte horrek egun libiar herria, bere osotasunean...
Aupa, Karlos. Libiatik egin duzun lana zenbait jendek gogor kritikatu zuen, eta NATOren propaganda egitea ere leporatu izan dizute. Zer esango zenioke jende horri guztiari? Lander.
Bai, zaplazteko ugari jaso ditut azken hilabeteotan... Dagoeneko mila bider onartu dut matxinoekin egindako lana izan dela nirea. Hortaz, nekez konta dezaket besterik. Edonola, NATOren biktimak ere topatu ditut, bai eta jazarpena jasandako beltzak ere, besteak beste. Denborarekin konturatu gara iraultzak alde ilun ugari dituela, eta ni, ahal dela, haiek salatzen saiatu naiz.
Zein izan dira, zure ustez, Libian nazioarteko esku hartze militarra ekarri duten faktoreak? Mikel.
«Populazio zibila babestea» Gaddafi agintetik botatzeko aitzakia hutsa bilakatu da. Hilabeteo- tan denok jabetu gara NATO erreboltarien aire indarra bilakatu dela.
Komunikabideetan ikus daitekeenez, Libiako oposizioak NATOren laguntzaz aurrera jarraitzen du herrialdearen konkistan, batez ere azken hilabeteotan, eta batzuek irabazletzat izendatu dituzte jada. Zein da benetan gobernuaren aldekoen eta oposizioaren arteko borrokaren egoera? Ba al daukate Gaddafiren aldekoek oraindik oposizioa- ri aurre egiteko nahiko indar? Potzutik.
Tamalez, nazioarteko kazetariok apenas izan dugun gerturatzerik Gaddafiren aldekoengana, baina egungo egoera ikusita, ez dirudi oposizio militar sendo bat aurkez dezaketenik. Matxinoek Tripoli hain azkar menderatzeko arrazoia egunotan ikusten ari gara. Matxinoek asteak daramatzate Bin Walid eta Surt menderatu ezinik; Gaddafiren tropak haietara erretiratu ziren seinale... Hala ere, zenbat iraun dezakete gaddafitarrek lurreko nahiz aireko setiopean?
Komunikazioa. Karlos Zurutuza. Gerra kazetaria
«Matxinoek NATO miresten dute, haien garaipenaren gakoa izan baita»
Erreboltarien artean eman du denbora gehien Zurutuzak Libian, Tripoli inguruan. Prozesu luzea ikusten du aurretik, «lehenbiziko hauteskunde askeak izan arte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu